Bizi Sagardoa elkartea sortu dute, sagardoa eta turismoa bultzatzeko helburuarekin

“Sagardoa gure herriaren ondarea da, edari zaharra, euskaldun guztiona”. Arantxa Eguzkiza Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakariaren hitzak dira. Sagardoa sustatu eta horri lotutako turismoa erakartzeko helburuarekin sortu dute Bizi Sagardoa elkartea Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat eragile pribatuk eta publikok. Izan ere, 67 sagardotegiz gain, bederatzi udal eta beste hainbat fundazio, museo, enpresa eta bestelako eragile bildu dira.

Sagardoaren ibilbidea sortzea da lehen asmoetako bat. Horrela azaldu zuen Eguzkizak. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakaria pozik agertu zen, hainbeste eragile elkartzen diren lehen aldia delako. Sagardoaren kultura zabaltzeko eta bizirik mantentzeko zereginean, sagardogileek ez ezik beste eragileek ere zeresan handia dutela azpimarratu zuen.