Egiten jakin

Bat hasten da hitz batzuk hona ekarri nahian Gipuzkoako Hitza-rako… eta orri zuriari sumatzen dio halako tristura bat. Hitza honetan, beste lurraldeetako Hitzetan, BERRIA Talde osoan… apirilaren 8ko egunari egutegian begiratu, eta ez dago zenbakirik. Zulo handi bat dago, hutsune handi bat.

Juan Antonio Urbeltzek idatzi zuen “pertsona bakar batengan aurkitzen zail diren balio ezin preziatuagoen batze oso bat” joan zaigula Joxan Lizarribarrekin. Hurbileko traturik ez izan arren, lagun eta familiarteko batzuen bitartez banuen nolabaiteko harremana Joxanekin, eta, ezagutzen nueneraino, deigarri egiten zitzaidan hark zuen “balioen eta ezagutzen batze” hori. Ekonomiaz eta kudeaketaz jakin, kulturaz, politikaz, lantalde bateko kideez banaka kezkatu, ausart jokatu, munduko mila tokitan barrena ibili, jendea zaindu, harremanetan beti bizi ibili…

Haren heriotzaren ondoren esan eta idatzi direnen artean bere dohainak nabarmendu direnean, asko aipatu dira haren konpromisoa, baita nola heldu zion ere BERRIA Taldeko presidente izateari une oso zail batean. Eta bai. Erabateko konpromisoa eskaini zuen Lizarribarrek urteetan, eta oso une delikatuetan hartu zuen ardura handiko kargua. Baina esango nuke haren ekarpena berezia, handia eta benetan eskertzekoa egin duena, batez ere, haren ezagutza izan dela; haren egiten jakite hori.

Gure herri txiki honetan, Euskal Herri delako honetan, zorionez, jende asko izan da eta da hainbat proiektutan, enpresetan, erakundetan… bere konpromisoa eskaintzeko eta hari tinko eusteko gai. Eta bere balioa du horrek, noski. Baina konpromiso horren balioa eta emaitza oso ezberdinak dira hori eskaintzen duena hamaika terrenotan nola ibili ondo dakien norbait denean. Ez bakarrik atzerrian asko ibili, baizik eta atzerrian basque azaldu, eta basque delako hori praktikan duintasunez adierazten dakiena, besteentzat erakargarri egiteko modu batean. Edota ez bakarrik saltsa ugaritan ibili, baizik saltsa horietako bakoitzean zer egosten den jakin, eta saltsa bakoitzean teknikoki eta humanoki dotore nola jardun asmatzen dakiena. Ez bakarrik talde baten ardura hartu. Baizik eta jakin, era berean, egoera oso zail batean nola transmititu talde horretako kideei proiektu batekiko ilusioa eta sinesgarritasuna.

Kultura munduko hainbat artista agertu da aurreko astean han eta hemen Lizarribarren urte luzeetako laguntza, lana, ekarria, eta abar eskertzen, hunkituta. Eta esango nuke hura ere artista izan dela, benetako artista, egiten jakite ugari horietan. Egungoa bezalako mundu konplexu eta aldakor batean, baliabide oso mugatuekin proiektuak aurrera atera ahal izateko hain beharrezko eta hain bakan den artista mota bat.

Idazle bat edo musikari bat hiltzen denean, askotan esaten da gure artean bizirik jarraitzen duela hark, bere obraren bitartez. Haien hitzak geratzen zaizkigula betirako, edo haien musika. Joan berri zaigun artista honek utzitako obra ere ez da makala. Haren egiten jakite ugari horietan. Haren estiloan. Haren ereduan. Haren begiratu beti erne horretan…