Tolosa
Bizirik al daude gure ibaiak? Horixe planteatzen du hasi berri den Tolosako Naturaldia natur jardunaldiak.
Lurraldean azken mendean izandako garapenak lurraldeko ibai eta kostako eremu asko hondatzea ekarri du, eta, horregatik, Naturaldiaren helburu nagusia lurraldeko ekosistemaren leheneratzea bultzatzea da.
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte jaialdiaren barruan. Atzo zabaldu zuten, esaterako, Pedro Arrojoren Ura, Ibaiak eta Herriak erakusketa. Argazkiez eta kaltetuen zuzeneko testigantzez baliatuta, herritarren bihotzak hunkitu eta euren kontzientzian eragitea da Arrojoren helburua. Gainera, herritarren arteko eztabaida zabaltzea ere proposatuko dute. Maiatzaren 18a bitarte egongo da zabalik Aranburu jauregian, egunero, 19:30ean.
Hitzaldiak ere antolatu dituzte: Uraren pribatizazioa: austeritatea ala negozioa?, Ibaiak eta aldaketa globala, Uraren xarma eta Ibai bizidunak, besteak beste. Gehienak Tolosako Topic zentroan eskainiko dituzte, baina lurraldean zehar ere zabalduko dira, Errenterian eta Donostian, hain zuzen.