Aspaldi geratu ziren atzean zinemaren urrezko garaiak. Dela krisi ekonomikoa, dela teknologia aurrerapena, dela multizinema aretoen gorakada… Arrazoia bat edo bestea izan, kontua da azken urteotan areto asko itxi egin dituztela. Udalek esku hartzea ezinbestekoa izan da areto askok irauteko, eta horren adibide dira Azkoitiko Baztartxo, Villabonako Gurea eta Zarauzko Modelo aretoak.
Baztartxo kudeatzeaz arduratzen da Azkoitiko Udala duela 22 urtetik. “Aretoek errentagarri izateari uzten dioten momentuan, itxi egiten dituzte; orduan, udalak erabaki behar du herria zinerik gabe utzi edo bere gain hartu kudeatzeko ardura. Aisialdiko jarduera izan arren, Azkoitian kultura bultzatzeko beharrezko elementutzat dugu zinema”, azaldu du Jesus Arrizabalagak, Azkoitiko kultur teknikariak.
Zarautzen eta Villabonan iaz aldatu zuten kudeaketa eredua. Gari Berasaluze Zarauzko kultur zinegotziak adierazi du egoera berezia izan dutela: “Aurreko udal gobernuak 21 milioi euroko proiektu polikultural bat planteatu zuen, eta hiltzen utzi zituen gainontzeko azpiegiturak. Udal gobernura iritsi ginenean, Zarautz kultura sustatzeko gunerik gabe aurkitu genuen, eta zegoen aukera bakarrari eutsi genion: Modelo alokatzeari, gure ustez beharrezkoa baita herrian kultura sustatzeko gune bat edukitzea”. Modelo jabetza pribatuko eraikina da, eta udalak 2.500 euro ordaintzen du hilero erabili ahal izateko: “Modelo gurea izateko ahalegina egiten ari gara, esfortzu ekonomiko handia dakarrelako hilero dirutza hori ordaintzeak. Lortzen ez badugu, beste toki bat egokitu beharko dugu; gunearen izena eta tokia da gutxienekoa”, azpimarratu du.
Kudeaketa eredu publikoa gailendu denetik, irizpide aldaketa bat gertatu da herrietan. Egun, batez ere, kultur eta hizkuntza irizpideak nagusitzen dira. Joxean Cubero Villabonako kultur teknikariak azaldu duenez, “apirilean gure esku hartu genuen Gurearen kudeaketa. Ordura arte, irizpide ekonomikoetan oinarritzen ziren, baina, orain, udaletik kudeaketa ahalmen handiagoa dugunetik, kultur irizpideek pisu handiagoa dute”.
Erabilera anitzeko eta herrira bideratutako aretoak nahi dituzte udalek. “Guk nahi dugu jendeak berea sentitzea Modelo, eta ez udalarena den zerbait bezala”, azpimarratu du Berasaluzek. Eta, horregatik, erraztasunak ipintzen dituzte herritarren parte hartzea bultzatzeko: “Herriko hainbat taldek eskaintza propioa egiten dute: zinema klasikoko emanaldiak, zinema komertzialagoa… Bidelagunak deitzen diegun talde horiek dirua irabazi edo galtzeko arriskua hartzen dute. Guztion helburua Modelori bizirik eustea da, eta, horregatik, udalak erraztasunak ipintzen dizkie”.
Ikusleen beherakada
Aretoak nekez betetzen dituztela adierazi dute kultur arloko hiru ordezkariek. Ikusleen beherakada nabarmena izan da azken hamarkadetan. Baztartxoko ikusleen datuek argi eta garbi islatzen dute: 1992an, 26.129 ikusle jaso zituzten; 1997an, 21.461; 2002an, 16.896; 2007an, 12.584; eta 2012an, 16.409. “Joan zen urtean, duela hamar urteko datuetara iristea lortu genuen, behintzat, baina joera behera eta behera egitekoa izan da”, dio Arrizabalagak.
Beherakadaren eragile moduan, krisi ekonomikoaren eta multizinema aretoen eragina aipatu dute, baina aipamen handiagoa egin diete gizartearen ohitura aldaketei. “Jendearen bizitzeko modua eta ohiturak asko aldatu dira. Orain, gazteek merkataritza guneetara jotzen dute, eta horrek eragin handia izan du herrietako zinemetan”, azpimarratu du Arrizabalagak. Cubero ere iritzi bertsukoa da: “Merkataritza guneetan, zinema baino gehiago eskaintzen dute. Jendeak orain nahiago du gune handietara jo, film bat ikusteaz gain arratsaldea bertan pasatzeko”.
Aldaketa horiek guztiak aintzat hartuta, Berasaluzeren ustetan, egun are garrantzitsuagoa da ikusleak zaintzea: “Kontua ez da krisiari erru guztia botatzea. Ez baduzu ezer egiten eraikin bat ondo mantentzeko eta jendea eroso sentitzeko, normala da jendeak ospa egitea. Egun, krisia hor dago, bai, eta, horregatik, aretoak aurrera ateratzeko, ezinbestekoa da irudimena lantzea, elkarlanean aritzea eta eredu berriak sustatzea”, azpimarratu du.
Kanpoko laguntza
Aretoak kudeatzeaz udalak arduratzen diren arren, kanpoko enpresen zerbitzuak kontratatzen dituzte askok. Hirutek enpresak, esaterako, zerbitzu teknikoa eskaintzen die Tolosako Leidor, Andoaingo Bastero, Beasaingo Usurbe, Zumarragako Zelai Aristi eta Villabonako Gurea aretoen arduradunei. Zinema erreprodukzioez eta bestelako ekitaldietako argiztapen eta soinu kontuez arduratzen dira. Zerbitzu osoa eskaintzen du, beraz, Hirutek enpresak. Joxi Alonso Hirutekeko kideak azpimarratu du elkarlana beharrezkoa dela aretoak aurrera ateratzeko: “Guretzat ezinbestekoa da harreman onak izatea. Denon helburua aretoak bultzatzea da, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da elkarlanean aritzea”.
Digitalizazioari dagokionez, bost urteko ibilbidea du Hirutek enpresak: “Udalak oso galduta daude digitaleko munduan, eta gu hor laguntzen saiatzen gara. Gure ustez, beharrezkoa da digitalerako saltoa egitea, aldatu ezean atzean geratzen zarelako. Beste indar bat ematen die horrek aretoei, filmak azkarrago ekartzea posible delako, batetik, eta estreinaldiak egitea posible egiten duelako, bestetik. Horri esker, jende gehiago geratuko da herrian”, adierazi du Alonsok.
Bide horri ekin beharrean daude hiru aretoetan. Villabonan, udazkenerako pasatuko dira digitalera; Zarautzen, ipinia dute oinarrizko proiektore digitala, eta, Azkoitian, epe laburreko asmoen artean dute: “Urte batean edo bitan, asko jota, digitalera pasatu beharko dugu; bestela, ezingo dugu pelikularik eskaini”, azaldu du Arrizabalagak.