Turismoa sustatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, horretarako, 442.000 euro bideratuko ditu; herrialdeko gastronomia eta leku naturalak promozionatuz erakarri nahi ditu bisitariak. Horretarako diru laguntzak banatuko ditu; eskualdeetako turismo agentziek eta udalek eskatu ahalko dituzte laguntza horiek.
Gipuzkoako gastronomia “sektore estrategikoa” dela azaldu du Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak. Hemengo gastronomia mundu osoan ezaguna denez, turistak erakartzeko amu garrantzitsua dela uste dute. Bestalde, lurraldeko leku naturalek gero eta interes handiagoa pizten dute Gipuzkoara etortzen diren bisitarien artean. Ondorioz, bi alor horiek promozionatzea garrantzitsutzat jo dute.
Kanpineko lanak, geldituta
Donostiako Igara auzoan egin nahi duten kanpineko lanak geldiarazi ditu udalak, oraindik baimen guztiak lortu ez dituztelako; arkitektura eta ingurumen sailen baimenak falta zaizkie. Lur mugimendu batzuk antzeman ondoren, lanen aurkako salaketa bat jaso zuten udalean. “Balio ekologikoa duen landa eremu batean” kanpina eraikitzearen aurka agertu da Haritzalde naturzaleen elkartea.