Marienburger kaleko etxearen alokairua laster amaitzera doa. Atzerrian jarraitu edo auzora bueltatu erabaki nahi, eta beste mila konturen inguruan sakon hausnartu behar dudalako presioa sentitzen ari naiz. Duela ez asko, Berlinen edo Zarautzen bizitzea bi aukera ederren artean deliberatzea zen. Oraindik ere hala da, horratio. Bat bestea baino hautu zentzuzkoagoa dela ezin dut burutik kendu, ordea.
Ez ninduke kikildu beharko itzuliz gero dekadentzia ekonomikora kondenaturik dagoen txokoan trabatuta egongo nintzatekeela jakiteak. Institutuan letren bidezidorra hartu nuenean imajinatzen nuen ez nituela sekula poltsikoak diruz lehertzear edukiko. Buelta batzuk eman ondoren, nire erreparoa oso bestelakoa dela jabetu naiz, ordea. Berekoi samarra naiz, eta porrot egin duenaren sentipena duen belaunaldi triste baten partaide izatera iristeak arduratzen nau gehien.
Begiratu zure ingurura, eta hasi zenbatzen 30 aspalditxo beteta eta langabezian urteak daramatzaten ezagunak. Konturatzerako, zerrendatxoa osatuko duzu. Gehitu erdipurdiko enplegudunak, ordu gutxiz beharrean arituz nola hala irauteko ehunka euro batzuk pilatzea lortzen duten horiek. Eragiketa amaitzeko, sartu zakuan ikastaro batetik bestera ari diren guztiak, NASAn lan egiteko adina formakuntzarekin Zaran lanerako onartzen ez dituztenak.
Horiek guztiek luzaro horrela jarraituko dutela —dugula— imajinatzeak zu bezainbeste estutzen nau. Baina bada are goibelagoa suertatzen zaidanik: patu beltz horren parean, banaka-banaka jaiki eta borrokatzeko adore nahikoa izango ez dugula susmatzen dut. Mamuek jarri gaituzte belauniko, eta mamuen aurka matxinatzea kixoteen gauza da.
Hiltegi penagarri horretara kondenatuta dauden askok badakite gauza piloa egiten. Gaitasunez gain, haien kemena ere beharko genuke, ordea, txikitik eraikitzen hasteko. Eta guztia galtzen dugun arte ez dakit ausardia hori inondik azalduko ote den.
Lagun eta familiartekoekin hitz eginda, gehienek alde egitea hartzerik zegoen erabaki burutsuena dela errepikatu didate (ni bezalako zomorro bat begien bistatik desagertzea ere nahiko zuten, dudarik ez). Auzoa gain behera datorrenean atzerrira hanka egitea zilegi da, noski. Eta ni bezala ekarpen itxurazkorik okurritzen ez zaiona hobe dago, beharbada, milaka kilometrora bake santua ematen.
Iparrorratza falta duen herritik irten, eta munduan iparrorratzik gabe sentitzen naiz ni ere, barkadazu.