Geltoki eta trenetara iristeko bidaiariek dituzten trabez ohartarazi du Eguzkik

Gipuzkoako hainbat geltokitan, jendeak hara iristeko eta trenera igotzeko zailtasun ugari ditu. Horrela ondorioztatu dute Eguzki taldekoek Renfeko trenbide sarea aztertu ondoren. “Geltoki askotara iristeko, eskailerak igo eta jaitsi behar izaten dira. Horrek hainbat arazo ekartzen dizkio adineko jendeari, gurpil aulkian doazenei, edo haur kotxea, bizikleta edo pisua daramatenei. Ez gara ari hiru mailako eskailerez; hamabi maila baino gehiagokoari deitzen diogu zailtasun handia”, esan du Juan Mari Beldarrainek. Beste geltoki batzuetan, berriz, trenera igotzea izaten da arazoa, horretarako koska “handia” dagoelako. “Trenetik jaistean jendea trenbidera erortzen ere ikusi dut. Hori saihesteko baliabide teknikoak badaude, zenbait autobusetan jarri dituzte. Adineko batzuek badakite ezin direla bakarrik trenera igo”, azaldu du.