Ibaia, ura baino gehiago

Imanol Garcia Landa Tolosa

Ikuspuntu aldaketa», «jauzi ideologikoa» eta gisakoak aipatu dituzte Tolosako Topic zentroan, Naturaldia jardunaldien barruan egindako Ibaiak bizirik izateko erronkak mahai inguruan. Parte hartu duten lau hizlariek bat egin dute puntu nagusi batean: ibaien egoeraz eta kudeaketaz hitz egiterakoan, kontuan izan behar da arro guztia. Asteartean aritu ziren solasean Iñaki Antiguedad EHUko Hidrogeologia katedraduna, Iñaki Arrate Uraren Euskal Agentziaren Plangintza eta Berrikuntza arduraduna, Patxi Tames Gipuzkoako Foru Aldundiko Baliabide Hidrauliko eta Geoteknia Unitateko burua eta Hasier De los Rios Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotzia.

Iñaki Antiguedadek argi utzi du bere ikuspuntua: «Gure ibaiak arriskuan daudela galdetzean, ohikoa da zubi gainetik ibaira begira gaudela erantzutea. Baina jauzi ideologikoa egin behar dugu. Ibai barrutik kanpora begiratu behar dugu, arrora». Ibaia arroan gertatzen denaren ondorioa dela dio Antiguedadek: «Ura H2O baina zerbait gehiago da, ibaia ubidea baino zerbait gehiago da, arroa ibaia baino zerbait gehiago da». Zehaztu du urari buruzko politika seriorik ezin dela egin lurraldea kontuan hartu gabe, eta pare bat galdera egin ditu: «Posible da ibai bizi bat hilik dagoen arro batean? Ur kalitate ona duen ibai bat egoera onean dago arroa kutsatuta badago?».

Iñaki Arratek, arro osoa kontuan hartzeko bide horretan, arau berriek dakarten «ikuspuntu aldaketa» nabarmendu du; besteak beste, ibaiek gainezka egin dezaketen eremuetan hirigintza jarduerak gelditzea. Horren bidetik, aurki onartuko den Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoa aipatu du.

Hirigintza ibaietatik urrundu

Arratek epe erdi eta luzera dauden erronkak zehaztu ditu: «Uholdeekiko kokaleku seguruak bermatzea, hidromorfologiaren hondatzea gelditzea eta bi horiek bateragarri egitea». Erronka horri aurre egiteko «guztien parte hartzea» beharrezkoa dela dio: «Ibaitik urrundu behar dugu, behar bezainbeste. Hirigintza baliabide berriak urrundu. Horrek ahalbidetuko digu ibaiaren landaretzari eta baldintza morfologikoei modu egokian eustea eta kokaleku seguruak bermatzea». Horrez gain, babeserako lanak eta bideratzeak noiz egin beharko liratekeen azaldu du Arratek: «Bakarrik sendotuta dauden hiri lurzoruetan, eta, noski, ur ekosistemekiko errespetu handiagoz».

Antiguedadek dio ura «modu iraunkorrean eta egokian» ezin daitekeela kudeatu, ez bada era berean arroko lurzoruen kudeaketa iraunkorrik egiten. Uraren Euskal Agentziak 2004an egindako dokumentu batean uraren politiken inguruan esandakoa ekarri du gogora Antiguedadek: «Hori da etorkizuneko erronka nagusia: lurraldearen antolaketa bat lortzea, non ura, haren ekosistemak eta haren dinamikarekiko errespetua izango diren oinarrizko elementu gidariak eta haren definiziorako nahitaezko faktoreak». Testu horrekin bat datorrela esan du Antiguedadek, baina oraindik erronka dela gaineratu du, eta, beraz, «ez da lortu».

Arro bakoitzerako garapen iraunkorreko zein eredu behar den planteatzen hasi behar dela uste du Antiguedadek: «Garapen iraunkorreko eredua ezin da berdina izan Oriaren arroan eta Nafarroako Erriberan». Eta horri beste gogoeta bat erantsi dio: «Askotan entzun ohi da arro bat edo bestea urria dela urari dagokionez. Bada, ez dago arro bakar bat munduan, ezta Gobi basamortua ere, urari dagokionez defizitarioa denik. Euri kopuru eta tenperatura ezberdinak daude munduan, eta horiek uraren eskuragarritasuna baldintzatzen dute. Kontua da arro asko daudela, eskura ur gutxi izan arren, kopuru handiak eskatzen dituztenak».

Patxi Tamesek azaldu duenez, herrialdeko ibaiak oro har ez daude ondo: «Ibaien uraren kalitatea ona da. Beraz, zer gertatzen da? Bada, egoera hidromorfologikoa nahiko txarra da oro har». Hidromorfologiaren kalitatearen inguruan zenbait zehaztapen egin ditu: «Garrantzitsua da ur emariaren jarraitutasuna, eta kontuan izan behar da gure lurraldean oztopo asko daudela. Garrantzitsua da alboetako jarraitutasuna ere, eta egun dauden ibaien bideratze guztiek jarraitutasun hori oztopatzen dute».

Oztopoak, «arazo larriak»

Oria ibaian arrainen mugikortasuna oztopatzen duten 232 elementu daudela dio Tamesek, eta horietatik erdietan arrainek zailtasun handiak dituztela handik igarotzeko. «Oztopo horietatik 81 erabiltzen dira, baina beste guztiak utzita daude», gaineratu du. Gipuzkoan 691 oztopo daudela dio: «Oso arazo handia da herrialdean, eta kontuan izan behar da erabili gabeko presak eta oztopoak oso txarrak direla ibaientzat».

Gipuzkoan eta Oria ibaiaren arroan bereziki dagoen arazo nagusietako bat ibaiaren espazioaren galera dela esan du Tamesek: «Hori zuzenean lotuta dago ibar guztien antolaketarekin eta okupazioarekin. Gipuzkoa lurralde txikia da, populazio handikoa, eta industria jarduera eta hirigintza jarduera gehiena ibaien ibarretan garatu da. Horrek sekulako okupazioa ekarri du, eta ibaia estutu egin dugu, leku askotan ubide soil bihurtuz».

Hasier De los Riosek historiara jo du Oria ibaiaren egoera azaltzerakoan, eta, besteak beste, gogora ekarri du paper fabrikek indar handia zuten garaian Oria ibaia Europako kutsatuenetakoa zela. «Egun ere zertxobait kutsatuta dago, eta alor horretan ere jarduerak egin behar ditugu», gaineratu du. Ibaia pixkana berreskuratzen ari dela dio, horretarako hartutako neurriei esker: «Hainbat paper fabrika ixtea, arau zorrotzagoak egitea, prebentzio neurriak eta zuzentzaileak ezartzea, ibaia erabiltzea, baita kutsadurak ekar ditzakeen arazoak lantzea ere». Egun, Oria eta Araxes ibaiak Natura 2000 sarean sartuta daude.

Bestalde, Agenda 21 egitasmoaren bitartez zenbait jarduera proposatu direla azaldu du De los Riosek; adibidez, ibaietan dagoen fauna babestea eta landaretza inbaditzailea kentzea. Hain justu, landaretza inbaditzailearen inguruan eskualde mailako jarduerak egiten hasiko direla azaldu du De los Riosek.

Ibaien leheneratzeaz hitz egiterakoan, Tamesek arazo bat jarri du mahai gainean: «Ez dakigu nolakoak ziren gure ibaiak. Eremu altu eta estuetan bai, baina erdialdeko eremuetan ibarrek ez dituzte malda handiak, eta horiek hartzen joan gara denbora luzez. Ibaien leheneratzea egin nahi badugu ere, eremu askotan ez dakigu zein bide hartu, ez baitugu erreferentziarik. Gai hori garrantzitsua da, ikerketarako bidea ematen duena».

Entzuleen galderentzako tartea hasita, Eguzki talde ekologistako kide batek hitza hartu du, salaketa bat plazaratzeko: «Erdi eta behe Oria ez daude araztuta, eta hamahiru urteko atzerapena daramagu. Alegiatik Usurbilerako bidean ez dira ur zikinak arazten». Tamesek erantzun dio egun Adunako araztegia martxan dagoela, eta, beraz, «Gipuzkoako ur isurien %80 inguru jasoa eta araztuta dago».