“Nire aberria duela hogei urteko Euskal Herria da”

Munduko beste puntan, antipodetan, jaioterritik urrutien dagoen lekuan bizi da Xabier Alkorta tolosarra, bere emazte Lisa eta Tana eta Ainhoa seme-alabekin, Zeelanda Berrian. Hark dio Euskal Herritik lur azpian zulo bat egiten hasiz gero ez genukeela handik oso urrun bukatuko. Bidaiaria izanik, bidaia batean ezagutu zuen emazte zeelandaberritarra, eta han bukatu du, natura aberatsaz inguratuta. Hogei urte badira etxetik abiatu zela. Udazkena ondo sartuta, etxeko sua pizten hasi dira, negua ate-joka etorriko zaielako aurki.

1993an atera zen Tolosatik lagun batekin, Mexiko eta Erdialdeko Amerika inguruan sei bat hilabeteko bidaia bat egitera. Hilabete pare baten ondoren, bakoitzak bere aldetik jarraitu zuen, eta bidaia luzatzea erabaki zuen Alkortak. “Tartean, Lisa ezagutu nuen Guatemalan, hura ere bizikletaz Amerika ezagutzen ari zela, eta elkarrekin jarraitu genuen Hego Amerikan barrena Patagoniaren muturreraino”, azaldu du. Zeelanda Berrira joatea kontu “xelebrea” izan zela dio. Txile hegoaldean zebiltzanean, Lisak behin eta berriro esaten zion hango paisaiak bere etxean ezagutzen zituenak bezalakoak zirela: larre berdeak, sumendiak, basoak, fiordoak, glaziarrak… Horiek denak Zeelanda Berrian zeuzkatela zioen. “Beraz, halako leku batean bizitzeko aukera izanda, saiatzea erabaki nuen”.

1996an joan ziren Zeelanda Berrira, eta hegoaldeko irlako mendebaldeko kostan behi etxalde batean jarri ziren lanean. “Kostalde basatia denik ez nuke esango, herriak eta errepideak baitaude. Dena den, biztanle dentsitatea txikia da: 35.000 lagun eskas mendien eta itsasoaren artean dagoen 500 kilometroko lerro batean, eta horrek leku lasai asko uzten ditu”. Basoak, mendiak, ibaiak, lakuak… lasai ibiltzeko aukera asko dagoela dio. Motxila hartu eta bide jakinetatik ateraz gero, bakar-bakarrik ibil daiteke, inortxo ere topatu gabe, “gelditutako bakoitzean gupidarik gabe kosk egiten duten eltxo txiki batzuren konpainia hutsarekin”.

Alkortak ezagutzen duen Zeelanda Berria herri nekazaria da; behi etxaldeek sekulako garrantzia dute hango ekonomian. “Gehientsuenak Britainia Handitik etorritako etorkinen ondorengoak dira, hemengo etxaldeetan eta haien zerbitzuetan lan egiten dutenak. Jende jatorra da, hasieran kanpotarrekin hotz samarrak izan arren”, azaldu du.

Lanaz galdetuta, behiekin lanean hasi zela dio, eta aukera zuen bakoitzean, mendiak eta inguruak ezagutzen zituen. Horrela jardun zen bost urtez, azkenean “mundua gehiago ezagutzeko harrari” amore eman zioten arte. Australiatik Asia aldera jo zuten, eta, zazpi hilabeteren buruan, Thailandiatik Euskal Herrira etorri ziren hegazkinez. “Aldaketa handiak ikusi nituen: etxe berriak, errepideak, zirkulazioa… Baita lagunak eta ezagunak ere, haien bizitzarekin aurrera jarraitu, haurrak izan eta beste dinamika batean sartuta”.

Harrak oraindik barrenak jaten zizkien, eta, Zeelanda Berrirako bueltan, Afrikan gelditzeko aukera ikusi zuten. Kenyatik Hegoafrikarako tartean ibili ziren ia urtebetez, joan aurretik espero zuten baino askoz ere lasaiago eta gusturago. Gogoz gelditu ziren, eta, Zeelanda Berrian behien artean beste urte pare batez jardun ondoren, berriro ere itzuli ziren Afrikara, Marokotik Togora.

Handik Zeelanda Berrira itzuli, eta hirurehun biztanle eskas dituen herrixka batean bizi dira egun, Rossen. Hegoaldeko uhartean dago, mendebaldean, Hokitikatik 27 kilometrora. Azkenaldian, esne produktuak egiten dituen konpainia batean jarduten du lanean. Badira hogei urte etxetik atera zenetik. “Jada ez dakit nongotarra naizen ere, euskalduna izan arren nire aberria duela hogei urteko Euskal Herria baita, dagoeneko existitzen ez dena. Hemen ere kanpotarra naiz, nahiz eta urte mordoa eman hemen bizitzen”, adierazi du. Baina kontu horiei buelta gehiegi ematen hastea alferrikako buruko minak sortzea dela uste du. “Globalizazioarekin, munduko hainbat txokotako berezitasunak txikiagotu egin omen dira, baina ni ez nago hain ziur, Euskal Herria oso berezia baita bere konplexutasunean”.