Anoetako trenbidea gurutzatzen ari zela tren batek harrapatuta hil zen emakume bat joan den larunbatean. Gipuzkoako Renfeko geltokietako segurtasun gabeziaren ondorioa izan dela salatu du Eguzki ekologista taldeak. “Urtero bi edo hiru hildako izaten dira batez beste Gipuzkoako trenbideetan, beren buruaz beste egiten dutenak kontuan hartu gabe”, azaldu du Juan Mari Beldarrain Eguzkiko kideak.
Izan ere, Gipuzkoako Renfeko geltoki gehienetan ez dago oinezkoak igarotzeko lur azpiko pasabiderik; ondorioz, erabiltzaileek trenbidearen gainetik pasa beste aukerarik ez dute. Renfeko horrelako hamazazpi geltoki kontatu ditu Eguzkik Gipuzkoan. “Nahiko maiz izaten dira hildakoak; istripua oso erraz gerta daiteke, hurrengoa noiz izango den denbora kontua besterik ez da. Hernani, Urnieta, Andoain, Alegia… trenbidea zeharkatzean hildakoak herri askotan izan dira”. Egunero milaka erabiltzailek “bizitza arriskuan” jartzen dutela uste du.
Trenbide gainetik pasa beharrak berez dakarren arriskuaz gain, zenbait geltokitan arrisku hori handitu egiten dela ere salatu du Beldarrainek, “bihurgune batetik gertu daudelako edo urrutira ondo ikusten ez delako”. Alegiako eta Martuteneko geltokiak jarri ditu horren adibide. “Gero, megafonoetatik ohartarazten dute oinezkoak ezin direla trenbide gainetik igaro. Hor dago sarkasmoa; geltoki gehienetan erabiltzaileek ez dute beste aukerarik”.
Hobekuntzarik ez
Bost urte daramatzate Eguzki taldekoek geltokietan trenbidea zeharkatzean bidaiariek duten segurtasun gabezia salatzen, eta behin baino gehiagotan eskatu diote Renferi beharrezko segurtasun neurriak hartzeko. Geltoki horietako egoerari eta segurtasunari buruzko azterketa ere egin dute. “Renferen aldiriko tren sarean dauden gabeziak agerian geratu dira; segurtasunari dagozkionak dira batzuk, baina arazo gehiago ere badaude, esaterako, iristeko erraztasunari dagozkionak”.
Azken lauzpabost urteetan geltokietan erabiltzaileen segurtasunerako hobekuntzarik eta inbertsiorik ia ez dutela egin dio Beldarrainek. “Andoain erdialdeko geltokian jarri dute oinezkoentzako pasabidea, baina gainerakoetan ez da hartu arriskua gutxitzeko neurririk”. Gainera, azaldu du urte asko pasa direla Andoaingo pasabidea egin arte; aspalditik ari baitziren pasabidea eskatzen. “Egiturazko arazoak eta finkoak dira, baina ez daukate horiek hobetzeko interesik”.
Segurtasunean inbertsiorik egiten ez duten arren, geltoki askotara sartzeko txartel bidezko makinak jarri dituztela gogoratu du. “Bidaiariak kontrolatu eta haien diru sarrerak handitzeko balio dute horiek. Baina, gero, erabiltzaileei begira ez dute hobekuntzarik egiten. Aldiriko trenentzat dirurik ez dagoela dirudi, baina, gero, abiadura handiko trenaren moduko azpiegiturentzat bai. Hori diskriminazioa da. Eguneroko erabiltzaileak ez dituzte kontuan hartzen”.
Eguzki talde ekologista izanik, garraio publikoaren alde daudela adierazi du Beldarrainek, eta hori hobetzea da haien helburua. “Garraio publikoaren barnean, iraunkorrena trena da, eta berrikuntzak eta arreta guztia merezi dituela pentsatzen dugu. Halere, ikusten genuen Renfeko trenbide sarea usteltzen ari zela”.
Renfeko aldiriko trenak urtean Gipuzkoan 20 milioi erabiltzaile dituela ohartarazi du. “Erabiltzaile kopuru handia da, baina horiei ez diete kasurik egiten. Daukagun azpiegitura hobetzearen aldekoak gara gu; behin hori egin ondoren, etorkizunera begira ikusiko da zer den beharrezkoa. Utzikeria handia egon da aldiriko trenetan, eta arriskua handia da. Ez dakit nolatan ez diren istripu gehiago gertatu”.
Euskotrenen berrikuntzak
Renfekoaz gain, Euskotrenen trenbide sarea ere badago Gipuzkoan, baina hura ez dutela aztertu azaldu du Eguzkiko kideak: “Euskotrenen geltokietan berrikuntza ugari egin dituzte, eta erabiltzaileentzako beharrezko segurtasun neurriak hartuko zituztela pentsatu nahi dut. Guk oraingoz ez dugu salaketarik jaso”.
Erabiltzaileen segurtasunari dagozkionak hutsuneetako batzuk besterik ez dira. Bidaiariek geltokira zein trenetara iristeko ere zailtasun handiak izaten dituztela ondorioztatu du Eguzkik. Bide batez, Gipuzkoan dabiltzan trenen egoera “kaskarra” ere salatu dute: “Trenak Beasainen egiten dira; baina horiek zuzenean Madril, Valentzia eta horrelako beste hiri handi batzuetara joaten dira. Hiltzera itzultzen dira Gipuzkoara”.