Amara Berritik abiatuta, Parte Zaharrerantz doaz Leon eta Kastillo. Prim eta Urbietako kale kantoian Arte Ederrak eraikinarekin egin dute topo.
—1914an altxatu zuten; beraz, datorren urtean, ehun urte —informatu du Leonek—. Seguruena ez da mendeurrena ospatzera iritsiko, ordea. Izan ere, udalak murriztu dio orain arteko babesa. Horrela, jabeak, Sade enpresak, aspaldiko proiektu bat gauzatu ahal izango du: eraikina bota eta bertan hotel bat paratu. Ekainean bertan botatzeko asmoa omen dute.
—Horrela bada, ez da ondare galera makala izango —erantzun du Kastillok—. Seguru asko Donostian zinematograforako propio sortutako lehen eraikina da, eta ezbairik gabe zinema gela aitzindari haietatik zutik geratzen den bakarra. Donostian zinemaren inguruko kultura handia dago, edo hori diogu, behintzat, harrotasun puntu batekin, gainera. Beraz, harrigarria ere bada urte hauetan guztietan Arte Ederrak nola edo hala errekuperatzen saiatu ez izana, eta orain, berriz, botatzen uztea. Halaber, zabalgune erromantikoen kalitatea da Donostiaren edertasunaren giltzarri nagusietako bat. Bada, eraikin honek zabalgune horietako baten ertza biribiltzen du; beraz, ez da edozein eraikin.
—Zeharo hormazahartuta dago, baina —argudiatu du Leonek.
—Jakina! Hogeita hamar urtez abandonatuta egon da eta! Hori da lorontzi bati bultza egin, eta gero, “erori egin da” esatea bezalakoa!
—Jabeari ere eskubideren bat aitortu beharko zaio, ezta? —Leonek berriro, Kastilloren erantzunaren tonuak pixka bat suminduta—.
—Jabeak egin du jabe batengandik espero daitekeena. Orain dela urte batzuk hotela aurrera ateratzen saiatu zen. Ezin izan zuen, udaletxean kontua behar bezain garbi ez zegoelako, beste arrazoien artean herritar batzuen oposizioa handia izan zelako. Beraz, Sadek eraikina usteltzen utzi du, udalak botatzeko aukera ematea denbora kontua baino ez zela sinetsita. Estrategian bete-betean asmatu duela aitortu beharko da, baldin eta udalaren partetik azken uneko erabakirik ez badago.
—Egongo ote?
—Orain dela urte batzuk bezala, oraingoan ere herritarren presioa erabakigarria izan daiteke, baina urteak ez dira alferrik igaro, eta maniobra aukera are txikiagoa da. Zaila da azken unean hartzea urtetan hartu ez den erabakirik. Are gehiago eraikin pribatu baten gainean. Izan ere, ez da begi bistatik galdu behar udalak azken urteotan gupidagabe bota dituela izugarri eraikin publiko garrantzitsuak. Horra hor gas fabrika; horra hor San Martingo merkatua. Bere buruari ezarri ez dion zorroztasuna partikular bati ezarriko ote dio?
—Nolanahi ere, hotel berriak errespetatuko luke eraikin zaharraren itxura…
—Bai, beste pastixe bat. Egia esan, itxura gordetzea, itxurak egitea, beti izan da Donostia ofizialaren ezaugarrietako bat.
Urbietatik barrena jarraitu dute. Denda baten aurretik pasatzean, biak ala biak pausatu dute begirada eskaparateko pegatinan: “Donostia 2016”; kulturaren Europako hiriburua. Aurrera egin dute ezer esan gabe, horri buruzko edozein iruzkin agerikoegia iruditu zaie eta.