Elkarrizketan eta errespetuan oinarritutako aniztasunaren ideia gizarteratzea da gure asmoa. Gehienbat ideia horrek batzen gaitu hemen gauden eragile eta talde guztiak”. Jatorri anitz, herri bat egitasmoko kide Xabat Laborderen hitzak dira. Euskal Herrian Euskaraz elkartekoa da, eta beste hainbat eragilerekin batera, lanean ari da iaz aldundiaren ekimenez sortutako mugimenduan. Etorkinen elkarte askok parte hartzen dute egitasmo horretan, baina badaude euskalgintzakoak, sindikalismokoak eta gizarteko bestelako arlotakoak ere; 30 elkarte inguru, guztira.
Arlo askotan ari dira lanean. Hala ere, joan den abendutik arreta berezia jarri diote osasun arloari. Izan ere, oinarrizkoa den eskubide horren urraketak atzeman dituzte. Urraketa horiei buruzko datuak jasotzen aritu dira, eta joan den astean komunikabideen aurrean salaketa egin zuten. “Erregularizatu gabeko pertsonei eta Osakidetzako osasun txartela ez dutenei urtebeteko errolda eskatzen zaie. Ondorioz, pertsona askori osasun zerbitzua jasotzea ukatzen zaie, eskubide hori unibertsala izan arren”, salatu du Leire Garro LAB sindikatuko eta ekimeneko kideak. Egoera horretan dauden herritarrek larrialdi zerbitzuetara bakarrik jo dezakete. Han artatu bai, baina zerbitzuaren arabera aldatzen den fakturarekin etxeratzen dira.
Egoera horren ondorioak gogor kritikatu dituzte Jatorri anitz, herri bat egitasmoko kideek: “Neurri horien ondorioz pertsonak beldur dira; mehatxatuta sentitzen dira, eta, nahiz eta gaixorik egon, ez dira osasun zerbitzuetara joaten. Horrek ondorio larriak eragin ditzake, ez gaixorik daudenentzat bakarrik, gizarte osoarentzat baizik”, azaldu du Sara Mchichou Euskal Islamiar Kontseiluko kide gazteak.
Urraketa horrek zenbat gipuzkoarri eragiten dien ez dute jakinarazi. “Jendeari asko kostatzen zaio salaketa egitea, horretarako jarri dugun telefonoa erabiltzea, eta beraz, ez dakigu benetan zenbat gipuzkoar dagoen egoera horretan”, azaldu du Garrok. Hala ere, Garrorentzat “zenbaki kontua baino garrantzitsuagoa da arazoa, oinarrizko eskubide baten urraketaz ari garelako. Beraz, berdin lioke pertsona gutxiri eraginda ere”.
Soraya Ronquillo Bidez Bide eta Malen Etxea elkarteetako kidearentzat garrantzitsua da salaketa egitea: “Jende askok deitzeko beldurra du, haiei buruzko datuak gordeta geldituko direlakoan. Guk etxeko lanak egiten dituzten emakumeekin egiten dugu lan, eta esaten diegu ausartzeko telefonoa hartu eta salaketa egitera, gure babesa eskaintzen diegu. Gainera, telefono hori ez da osasun arloko urraketentzat bakarrik, lan arloan jasaten dituztenak salatzeko ere balio du”.
Sad Maleck Jatorkin elkarteko kideak azaldu duenez, gaur egun mediku asko osasun txartelik ez duten pertsonak artatzen ari dira, boluntarioki, haien lanorduak amaitutakoan. Baina osasun arloko murrizketek “okertu” egingo dute egoera hori: “Osasun txartelik ez dutenek kontatu digutenez, medikuak nekatzen hasi dira egoerarekin, murrizketengatik haiek ere ordu gehiago lan egiten hasita daudelako. Lanaldiaren luzapenak eta murrizketek dakarten pisu guztia etorkinen gain jausiko dela uste dugu. Nik hala uste dut, eta denborarekin garbi ikusiko dela pentsatzen dut”, iritzi dio.
Gipuzkoan hasi ziren elkartzen, eta oraingoz lurralde horretan jarraitzen dute lanean. Egunerokoan eragin nahi dute, herritar guztien artean laguntasun harremanak eta harreman naturalak egon daitezen. Pertsonen kategorizazioa gaitzetsi dute, eta horren aurka “erremintak sortu eta eskaini” behar direla iritzi diote. Honela azaldu du Garrok: “Hitz egin nahi dugu aniztasunaz, elkarbizitzaz, eta aniztasun hori kudeatzeaz. Argazki erreal hau existitzen da, egunero. Lege bidez inposatzen diguten pertsonen kategorizazioa gainditu nahi dugu, esparru propio bat sortu nahi dugu”.
Egoera ekonomikoak, kezka
Krisi ekonomikoagatik agintariak hartzen ari diren murrizketa neurriek Gipuzkoan bizi diren etorkinei bete-betean eragiten dietela uste dute. “Asko kezkatzen gaitu egoera ekonomikoak; ondorio txar guztiak etorkinok jasango ditugula uste dugu”, azaldu du Maleckek. Euskal Islamiar Kontseiluko kide Jusuf Ibn Oroza Barbak ere hala uste du: “Askoz errazagoa da etorkinei eraso egitea, benetako erantzuleei eraso egitea baino; alegia, bankuak, politika ekonomikoa eta halakoak”. Salaketa orokorragoa ere egin du Maleckek: “Euskal Herrian banaketa egotea nahi dute jatorrizko euskaldunen eta hemen bizi garenon artean. EAEko Estatutuaren arabera, ordea, hemen jaiotakoa bezain euskalduna da hona bizitzera datorrena. Hortaz, krisi egoera honek kate egiten die, arlo ekonomikoari ez ezik, gizarte arloari, moralari, etikoari eta beste hainbati ere”.
Haren kideek bezala, aniztasunaren alde egin du Mchichouk ere: “Aniztasunak besteen bizipenak, besteen kultura eta besteen erlijioak ezagutzea dakar; mundua ikusteko beste ikuspegi bat jasotzea”.
Laborderentzat, aniztasunaren ideia “gipuzkoarren artean zabaldu behar da, gure arteko errespetuz, ezberdinekiko errespetuz. Egitasmo honekin, ezberdinen arteko bilgune bat sortu da, eta oso esperientzia interesgarria iruditzen zaigu etorkizunari begira”. Gipuzkoan sortu den arren, “Euskal Herri osoan zabaldu daitekeen jokatzeko era berri bat da neurri batean, eta horretan jarraitzeko asmoa dago”, azaldu duenez.
Ideia horretan sakondu du Garrok ere: “Egitasmoko kideok estrategia bat adostu dugu elkarrekin, eta momentu honetan tresnak bilatzen ari gara, beste esparru bat eraikitzeko. Ez daukagu herri gisa erabakitzeko eskubiderik, eta ezin dugu erabaki zeintzuk diren herritarrak, eta zeintzuk ez. Gaur egun, pertsonen kategorizazio hori beste batzuk erabakitzen ari dira. Horri buelta emateko lanean hasiko gara tresnak sortzeko; egunerokoan, praktikan, bizi garen herrian, auzoan eta herrialdean erabiltzeko”.
Mobilizazioak maiatzean
Orozaren ustez, Gipuzkoan jaio direnek ez dute egoera horren berri; ez dakite haien bizilagun batzuek osasun arreta jasotzeko zailtasunak dituztela. Eta Jatorri anitz, herri bat mugimenduak hor eragin nahi duela azaldu du: “Euskal gizartearen maila guztietara iristen saiatzen ari gara, zer gertatzen ari den jakin dezaten. Izan ere, egoera hau larriagotzen bada, arazoa oso sakona bihurtu daiteke”.
Maiatzean mobilizazioak egiteko asmoa azaldu dute, baina ez dute zehaztasunik eman, aurrena eragile gehiagoren babesa jaso nahi dutelako. Eskubideen urraketei buruzko salaketak jartzeko telefonoak martxan jarraituko du (900-101226).