30 herrik parte hartuko dute Herri Arteko Pilota Txapelketan

Herri Arteko Pilota Txapelketak badu xarma berezia: pilotariek ez dute elkarte edo klub bat ordezkatzen, euren herria baizik. Ardura horrek bi aurpegi ditu, Juan Karlos Etxeberria Gipuzkoako Pilota Federazioko kirol zuzendariak dioenez: “Zure herria ordezkatzea zerbait polita eta motibagarria da. Era berean, ardura horrek tentsioa sortzen du; kadete mailako pilotariek parte hartzen dute eskuan eta zesta puntan, eta batzuetan haien norgehiagokan erabakitzen da herriak txapelketan aurrera egiten duen”.

Txapelketari asteburu honetan emango diote hasiera. Hiru modalitatetan —esku-huskan, palan eta zesta puntan—, 30 herrik parte hartuko dute. Horietatik 22 herri esku-huskakoan ariko dira, bederatzi palakoan eta lau zesta puntakoan. Ia herri guztiek modalitate bakarrean hartuko dute parte. Salbuespenak dira Donostia, hiruretan ariko dena; Oiartzun eta Errenteria, palan eta eskuz ariko direnak; eta Tolosa, eskuz eta zesta puntan ariko dena.

Federazioarentzat txapelketa guztiek dute garrantzi bera, Etxeberriak azaldu duenez. Herri artekoak zaleek eta komunikabideek gehiago jarraitzen dituzte, batez ere esku-huskakoa. “Herria ordezkatuz jokatzen denez, ikusle gehiago joaten da partidetara”, esan du Etxeberriak. “Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketaren final nagusian berrehun ikusle inguru elkartu daitezke, eta esku-huskako herri artekoan Atano frontoia ia bete egiten da. Kanporaketetan ere ikusle asko joaten da herrikideei animoak ematera, eta frontoietan giro polita izaten da”.

Eskuzkoan, faborito argirik ez

Txapelketaren xarma da baita ere herri txikiek aurrera egiteko aukera izan dutela. Eskuzkoa 45 aldiz jokatu da, eta, esaterako, Amezketak jantzi zuen txapela 1993an —orain arteko herririk txikiena—. Iaz, Berrobi izan zen txapeldunordea, eta final batera iritsi den herririk txikiena da. Arkaitz Aurkia da Berrobiko taldearen arduraduna, eta iaz finala jokatzea “historikoa” izan zela dio: “Ez dakit berriz horrelakorik lortzerik izango dugun datozen urteetan. Hiru mailak osatzeko zailtasunak izaten ditugu. Iaz, sekulako ilusioa eta giroa sortu zen herrian, eta aurten ere saiatuko gara ahal duguna egiten”.

Tolosak eta Zumarragak jokatuko duten kanporaketan erabakiko da Berrobiren aurkaria. “Bietako edozein izanik ere, zaila izango da aurrera egitea. Tolosa izaten bada, eskualdeko herri handiena denez, pikea izango da ziur”, esan du Aurkiak.

Esku-huskakoan iazko txapelduna Hernani izan zen. Hango ordezkaria da Rufino Rekalde: “Herri artekoak indar handia izan du Hernanin azken urteotan. Orain urte batzuk, talde on bat osatu zen; finalera iritsi, eta pixkana zaletasuna pizten joan da. Guretzat berezia da herri artekoa, eta pilotariek, konpromiso handiak izan arren, lehentasuna ematen diote txapelketa honi”.

Hernani azken hamalau urteetan hamar finaletan izan da, eta bost txapel eskuratu ditu. “Aurten, aspaldi ez bezala, ikaragarrizko berdintasuna ikusten dut”, esan du Rekaldek. “Sei edo zortzi herri nahiko parekatuta ibiliko garela uste dut. Pausoz pauso joan behar dugu”.

Herri txikiek aurrean egoteko aukera dutela erakusten duen beste adibide bat Olaberria da. Iaz, pala modalitatean txapelduna izan zen, eta dagoeneko bost txapel ditu, kopuru handiena Donostiarekin eta Errenteriarekin batera. Garikoitz Arrieta taldeko ordezkari eta pilotariak azaldu duenez, hasieran parte hartu zuten, eta gero urte batzuk aurkeztu gabe izan ondoren, 1998an hasi ziren parte hartzen “taldearen bizkarrezurra” izan diren pilotariak. “Bost txapel lortu izanaz harro gaude, Olaberria ez baita mila biztanlera iristen”.

Palarentzat protagonismo handiagoa eskatu du Arrietak, eskuzko modalitateak askotan lekua jaten baitie komunikabideetan: “Telebista dela eta, azken urteetan eskuzkoa promozionatu da”. Palan pilotariak nagusi mailan lehiatzen dira, binaka eta bi jokamoldetan, paleta larruz eta pala motzean. Aurtengo txapelketarako Arrietak Andoain ikusten du pixka bat beste faboritoen aurretik, baina berriro irabazteko aukera izango dutela espero du.

Zesta puntan, ligaxka

Zesta puntan Zumaia izan zen iazko txapelduna. Luis Mari Etxabe da taldearen arduraduna: “Pilotarientzat ohorea izaten da herria ordezkatzea”. Azken sei urteetan herrian ez dute frontoirik zesta puntan jokatzeko. “Hala ere, taldea mantentzen dugu, sakrifizio handiak eginez bai pilotariek, bai gurasoek eta baita elkarteak berak ere”, esan du. “Zain gaude arazoak noiz konponduko diren frontoia lehenbailehen egiteko”.

Hamalau aldiz jokatu da modalitate horretan txapelketa, eta horietatik zortzitan irabazi eta beste bostetan txapeldunorde izan dira zumaiarrak. Aurtengoan ahal dutena egitera joango direla dio Etxabek: “Ezustekoak izaten dira txapelketa hauetan, eta denetara egokitu beharra dago”. Beste bi modalitateetan kanporaketak jokatzen dituzte, baina zesta puntan, lau herri izanik, ligaxka jokatzen dute denen artean, eta lehen bi sailkatuak finalera sailkatzen dira.

Egutegia hiru modalitatetan zehaztuta dagoenez, lehia hasteko pilotak dantzan jartzea besterik ez da falta.