Alor soziala eta kultura, Donostiako aurrekontuaren lehentasunak

Duela hilabete onartu zituen Donosiako Udal Gobernuak 2013ko aurrekontuak. 358 milioi euroko aurrekontua da, eta gizarte politikari eta kulturari eman diote garrantzia. “Alor sozialari eman diogu lehentasuna. Esaterako, lanpostu ugari sortu ditugu. Herritarrentzako aurrekontua egin dugu. Gainera, Donostia 2016ko Kultura Hiriburua denez eta sute handiaren 200. urteurrena denez, kultura ere asko zaindu dugu”, azaldu du Jabi Vitoria Donostiako Ogasun zinegotziak.

Murrizketak egon arren, udalak ez du proiektu batzuk baztertzea planteatu. Baztertu ordez, erritmoa aldatuko dutela azpimarratu du zinegotziak: “Errealistak izan gara. Gastuak kontrastatu ditugu, benetan beharrezkoak diren ikusteko. Inbertsioak egiten jarraituko dugu, noski, baina makalago joan beharko dugu. Lehentasunak zehaztea beharrezkoa zen. Gastu sozialetik murriztu beharrean, hain beharrezkoak ez diren tokietatik murrizteko ahalegina egin dugu”.

Aurrekontu parte hartzaileak egiten saiatu omen dira: “Auzotarrekin bilera ugari egin ditugu, euren beharren eta proposamenen berri izateko. Erabakitzeko aukera izan ez arren, euren eskaerak kontuan hartu ditugu, eta aurrekontuen zati bat horiei erantzutera bideratu dugu. Aurrekontu parte hartzaileak dira, beraz”.

Donostiako Udalaren zorpetzea 198,5 milioi eurokoa da. “Egoera ez da larria. Zorra amortizatzen den heinean eskatzen ditugu mailegu berriak, eta, horregatik, hor mantentzen gara”. Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen zorpetze muga %95ean ezarri zuen, eta Donostia horren azpitik dago, %77an, hain zuzen.