Puri-purian dagoen ohitura da hirietan edo herrietan baina landa eremuetatik urruti bizi den jendeak norbere baratzeak egiteko lursailak eskuratzea. Kutxa Ekoguneak, elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuarekin, Baratze Parkea Sarea egitasmoa jarri du abian Gipuzkoako hainbat udalerritan.
Lezo izan da egitasmoarekin bat egin duen lehen udalerria. Aste honetan Usurbil eta Tolosako baratze parkeak jarri dituzte martxan. Urtea bukatzerako Alegia, Zegama eta Errenteriak ere sendotuko dute sarea, eta jomugara heltzerako, hamasei udalerrik egitasmoarekin bat egitea espero dute Kutxa Ekoguneko arduradunek. Udan Ekoguneko egoitza berria ere zabalduko dute Donostian.
Beraz, pixkanaka sendotasuna hartzen ari den proiektua da Baratze Parke Sarea, eta herri bakoitzak bere erritmoa darama. Bakoitzak bere lursailak, erabiltzaileak, baldintzak eta betebeharrak zehazten ditu, baina guztiek helburu eta erronka berak dituzte: ekologia aintzat hartuta, baratzeak aisialdia era aktiboan lantzeko topagune bihurtzea.
Ekologia da abiapuntua
Ekologia. Horixe da Baratze Parke Sarean parte hartzeko errespetatu behar den lehen araua. “Baratzeen lanketa modu ekologikoan egitea da eskatzen den lehen baldintza, eta horretarako, erabiltzaileek ikastaro bat egiten dute baratzeak lantzen hasi baino lehen”, dio Zuriñe Sanchezek, Kutxa Ekoguneko komunikazio arduradunak.
Ekoguneak Baratze Parke Sarean parte hartzen duten udalerrien arteko koordinazio lana egiten du. Formazio, aholkularitza eta finantzaketa lanetan laguntzen die herriei, baina gero udalerriak eurak dira baratzeen erabiltzaileekin harremana zehazten dutenak. Hainbat herritan, baratzeetarako egokitutako lursailak eskuratzeko, behar bereziak dituzten pertsonek lehentasuna dute, adibidez. Lursailen tamaina, banaketa eta ustiaketa herriaren araberakoa izango da, beraz.
Dena dela, Baratze Parke Sarea aipatzean, sare hitzak bere zentzu zabalena hartzen du. Hau da, baratzeen erabiltzaileek egitasmoan parte hartzen duen edozein herritan erabil ditzakete Ekoguneak eskaintzen dituen zerbitzuak. Usurbildar batek Tolosan egin ditzake ikastaroak. Gainera, erabiltzaileek foro bat ere edukiko dute eskura, baratzeak lantzeko orduan sortutako arazo edo zalantzak gainerako erabiltzaileekin trukatzeko.
Normalean, Baratze Parke Sareko baratzeen erabilera gutxienez urte batekoa izaten da, eta gehienez lau urtera luza daiteke erabilera hori. Dena den, hori ez da izaten erabiltzaileentzako aitzakia, eskaria eskaintza baina handiagoa baita beti. “Jendeak oso harrera ona egin dio proiektuari”, Zuriñe Sanchezen arabera. “Azken urte hauetan kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, garaian garaikoak eta bertakoak edo ingurukoak diren produktuak kontsumitzen ditu jendeak. Badirudi gure aitona-amonen garaira bueltatzeko joera nabarmena dela, eta gero eta gehiago dira bere baratzea eduki eta norberak ereindakoa jan nahi dutenak”.
Izan ere, baratze horien helburua ez da barazkiak salduz etekinak ateratzea: barazkien prozesu naturala ezagutu, garaiko landareen berri izan eta kontsumo ohitura osasuntsu eta ekologikoak bultzatzea baizik.