“Europan hizkuntza gehien hitz egiten den estatua da Italia”

Duela 31 urte, 1982an, joan zen Alex Mendizabal (Donostia, 1961) Italiako hiriburura musika ikastera; harrezkero, “Eroman” bizi da, “r bat galdu zuen hirian”. Mendizabal musikaria da; dena den, musikaria ez den inor ez duela ezagutzen dio. “Denok egiten dugu musika, nahi ala nahi ez, konturatu ala konturatu ez”.

Izan ere, musikaren ikuspuntu zabala du Mendizabalek. Donostiako kontserbatorioan ikasi zuen, baina berak beste filosofia bat du: “Oso leku arriskutsua da hura. Handik pasatakoen artean, hogei urte ondoren begiratu besterik ez dago; entzungo duzu zein musika gutxi eta zenbat frustrazio”. Musikarekin esperimentatzea gustatzen zaio. Euskal Herrira itzultzen denean, Ertz beste musiken jaialdian parte hartu izan du, eta baita inprobisazio txapelketan ere; txapelketa irabazi zuen arren, argi eta garbi du: “Nik ez dut inprobisazioan sinesten”. Mota guztietako tresnak erabili izan ditu musika egiteko. Dena den, ez du bere bizimodua musikari lotuta ikusten: “Ez dut ezagutzen musika lotzeko modurik”. Baina berak oso argi du: “Denok musikariak gara, eta musika etengabe egiten ari gara. Baina kontuan izan behar da musika ederra dela musikariak lo daudenean, baita ur azpian ere”.

Euskanta proiektua

Musikarekin ez ezik, euskararekin eta Euskal Herriarekin ere harremanean jarraitzen du Mendizabalek Italian. Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteko kidea da. “ACE duela 11 urte Italian sortutako euskal etxea da”. Marlene Merikaetxebarriak eta biek parte hartu zuten sorreran. Ondoren, 2005ean, UPTER Unibertsitateko Euskal Saila sortu zuten. “Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultur Sail bakarrenetarikoa da mundu osoan. ACEren eta Euskal Sailaren artean urtean etengabeko kultur programazioa antolatzen dugu”. Euskararekin eta Euskal Herriarekin lotutako hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Iaz, esaterako, Anarik, Tapia eta Leturiak, Maialen Lujanbiok eta beste hainbatek parte hartu zuten Settimana Basca jaialdian (Euskal Astea). Euskara ere irakasten dute: “Haurrak, adinekoak, gazteak, elbarri psikikoak, unibertsitarioak eta analfabetoak daude gure ikasleen artean. 90 ikasletik gora ditugu; Eroma-n, Milanon eta Palermon egin ditugu hainbat egitasmo”.

Euskanta da ACE elkarteko proiektu aipagarri bat. Ikastetxe publiko bateko haurrei, bederatzi eta hamar urte artekoei, italieraz poesia bat idazteko eskatzen diete; ondoren, elkartekoek euskarara itzultzen dute. Gero, ikasleek musika jartzen diote euskarazko letrari, eta grabatu egiten dute. Ondoren, Euskanta proiektuaren webgunean jartzen dituzte sorkuntza horiek. “Haur horiek ez dira musika ikasleak, euskara ikasleak baizik; euskara ikasten dute, beraiek egiten dituzten kantuen bidez”. Aurten, 45 haurrek parte hartu dute, eta beste horrenbeste kantu sortu dituzte. www.euskanta.worldpress.com eta www.euskara.it webguneetan dago ikastaroari eta ACE elkartetik egiten dutenari buruzko informazio gehiago.

1982az geroztik, bere bizileku finkoa Italian izan duen arren, beste herrialde batzuetan ere bizi izan da bere familiarekin. Lazkaon bizi izan ziren urtebetez. “Kasualitatez amaitu nuen Lazkaon. Aurretik, New Yorken bizitzen egon ginen, eta Donostia ez zen beste herri batera joan nahi genuen, eta, azkenean, Lazkaon amaitu genuen”.

Italiari eta hango kulturari buruz hitz egitean, berriz, pluraltasuna nabarmendu du Mendizabalek. “Italia asko eta asko dago. Europan hizkuntza gehien hitz egiten den estatua da: ladinera, friulera, serbokroaziera, alemana, frantsesa, albaniera zaharra, greko zaharra… Hizkuntza oso nabarmenduak, baina baita napoletanoa, siziliarra eta amaigabeko beste hizkuntza zerrenda luzea ere”. Hizkuntzaz gain, gastronomia ere aipatu du. “Gastronomia eta hizkuntza aukera ikaragarria dago. Gainera, Italia estatu oso gaztea da, 152 urte besterik ez. Kultur aukera handia dago han eta hemen, eta estetikarako joera nabarmena da Italian”.

Euskal Herrira bisita ugari

Italiatik gehien gustatzen zaiona Paola bere emaztea da. Harekin batera, baita hango kultura, eztabaidarako eta disidentziarako joera ere. “Olibak, industria super dinamikoa eta politika —oso interesgarria—” ere erakargarri egiten zaizkio Italian. Kontrapuntua, allegro ma non troppo (pozik baina ez gehiegi) eta ad libitum (bakoitzaren erara) aipatu ditu. Dena den, gaineratu du leku guztietan daudela gauza onak eta txarrak: “Gu hemen bizi gara, ez nuke esango hau paradisua denik, baina gutxienez Caput mundi (munduko hiriburua) da, kar kar”.

Hainbeste urte Italian pasatu ondoren, eromatarra sentitzen dela dio, baina baita “lazkaotarra, ijitoa eta ping-pong zalea ere”. Urrun bizi arren, urtean lau edo bost aldiz itzultzen da Euskal Herrira. Argi du zeren falta sumatzen duen gehien: “Euskal Herritik kanpo kartzelatan dauden presoena”.