Aske Guneko azken irudiei begira, trikuek beren defentsarako egiten duten mugimendua adierazteko frantsesek darabilten hitza etorri zitzaidan gogora: volvation. Bere baitara biltzea esan nahi du eta, gizakion jarrera psikologiko bat adierazteko erabiltzen bada ere, jarrera politiko bat izendatzeko ere balio dezake, noski.
Axularrek, trikuei edo sagarroiei buruz hain gauza jakingarriak esaten zituen gure idazleak, ez zion izenik jarri bere baitara biltzeko abere horrek egiten duen mugimenduari. Kiribilkamendu dei ziezaiokeen. Diotenez, beste hizkuntza batzuetan ere hitz ederrak dituzte defentsa pasiboaren garaipen keinu hori izendatzeko.
Atxagak poema bat idatzi zuen Trikuaren hiztegia izenekoa. “Esnatu da trikua habi / hosto lehorrez egindakoan”, hasten da eta “baina nola bere hiztegi / unibertsala ez den / azkeneko zazpi mila urteotan berritu / ez ditu ezagutzen gure / automobilen argiak / ez da ohartzen heriotzaren hurbiltasunaz”, bukatzen da.
Behin baino gehiagotan jo izan dugu autoarekin gauez etxera bidean trikuren bat. Jean Giradoux-ek esan zuen triku emeak errepidearen alde batean bizi direla, eta arrak beste aldean, eta gaua iristean hasten direla batetik bestera pasatzen. Horrela bakarrik uler daiteke gure auzoetako errepideak triku larruz egindako alfonbra txikiz estalita egotea boladatan.
Gauez bakarrik mugitzen dira, ibilera geldi samarrak dituzte, eta alarmaren bat sumatu orduko dauden lekuan daudela kiribildu egiten dira, giharrak gotortzen dituzte, eta ez dago derrigorrean hori askatuko duenik.
Nork ez du ikusi zakur bat kiribildutako triku bati zaunkaka? Desesperatzen den arren, aurreko hankarekin kolpeak jotzen dizkion arren, ez du askatzerik lortuko.
Kiribiltze hori ez da, norbaitek besterik pentsa dezakeen arren, ostrukaren taktika, burua hegalpean sartu eta arriskua desagertuko dela uste duenaren itxaropen ergela. Ez du zerikusirik, La Fontaine edo Samaniegoren alegiekin jarraitzearren, azeriaren azkarkeriarekin ere. Izan ere, trikuaren taktika guztiz da inteligentea: bera da borroka egin gabe bere burua defendatzen dakien izaki bakarra; trikua da erasorik gabe etsaia zauritzeko gai den abere bakarra; bera da erresistentzia pasiboa ondoen irudikatzen duen ikurra.
Baina euskal prentsako zutabegileen artean bekatu larria bada ere, ez dezagun dena politikaren betaurrekoen bidez aztertu. Nik neuk jende bakartion ikur gisa ere ikusi nahi nuke trikua. Gauez bakarrik oroitzen gara maite ditugunekin, eta arrisku handiak hartzeko prest sentitzen gara eguzkia sartu orduko. Egunez, ordea, larru arantzatsuz janzten gara, ez gaitzaten gehiegi estutu eta itotzeko zorian jar. Gainera, ondorio politiko zabalagoak ateratzen hasita, ez al da bada demokraziaren arau nagusietako bat bakean dagoenari bakean uztea?