Kolore berriak

Ingelesa praktikatzera joateko leku berri bat aurkitu berri dut. Londres, Dublin edo Glasgow baino askoz ere merkeagoa, hurbilagoa eta eguzkitsuagoa; Malaga. Hala da, bai, Malaga hiriburutik zertxobait urrunduz, kostako eremu turistikoetara arrimatzen bazara, inguratzen zaituen pertsona bakoitzaren ezpainetan ingelesa baino dantzatzen ez dela ohartuko zara. Eta hori da gutxienekoa, turistak, azken finean, hori besterik ez dira, turista hutsak; baina edozein jatetxetara sartu eta zerbitzari gehienek ingelesez bakarrik jakitea, edota jakien karta ingeles hutsean egotea, hori kolonizazio urratsik garrantzitsuena da. Eta niri zer? Pentsatu dut, azken finean nire ingelesari hauts pixka bat kentzeko balio izan dit, arduratu dadila norbera bere herriaz. Baina ene… zenbaterainoko antzekotasuna duen Euskal Herriko egoerarekin!

Donostiako denda batean kartel bat ikusi nuen aurreko astean: “Se necesita personal que hable castellano y francés“, zioen. Egia esango dizuet, karteleko bi hizkuntza horietatik bat ere ez dut soberan ikusten, benetan eta inongo damurik gabe pentsatzen dut, gainera. Soberakorik ez, baina falta bat ikusten dut, hutsune handi bat, bertako hizkuntzarena, Malagan gertatzen den moduan. Batzuetan oso logikoak diruditen irizpideak dira lortzeko zailenak. Nola emango diogu bada gure herriari merezi duen batasuna, indarra eta errespetua, geure zaborrekin zer egin behar dugun adosteko gaitasunik ez dugu eta? Hau da, bai, gure errealitatea, hain lotsagarria eta hain gordina.

Berotzen hasi naiz, “kietooo Garmendia”, ez dut liskar horretan katigatzeko gogorik, hain polita izan da Malagako bidaia! Hizkuntzaz haratagoko aurkikuntzarik ere egin dut. Kolore berri bat ezagutu dut. Batek pentsatzen du hiru hamarkada bizi ostean ikasi beharreko kolore guztiak ikusiak dituela jada —berde menta, gorri Valentino, eta antzeko pitokeriak barne—; baina ez, bat-batean ohartzen zara badela oraindik ikusi gabeko kolore berririk: gorri fosforitoa. Hori da, hain zuzen, Malagako turisten azal zuriak hondartzan eta eguzkitako kremarik gabe uzten duzunean hartzen duen kolorea. Malagako turista diodanean, beste toki askotako turistek ere balio dute adibide gisa, Kanariar Uharteak, Baleareak… Mila toki ezberdin, baina osagai berdinak beti: eguzkia, Espainiako hondartzak, garagardoa eta haragi zuri piloa.

Baina inork ez daki zenbat barre egin dugun amak eta biok gorri fosforitoaren kontura! Eta zenbat kilometro egunero… ibili eta ibili, badirudi besterik ez dugula egin. Konturatu naiz nire amak ez dakiela paseatzen. Paseatzeko, nire ustez behintzat, erritmo jakin bat eraman behar da, lasaia, patsadatsua. Nire amak ez daki hori egiten; nola joan liteke hain bizkor nik baino hanka motzagoak ditu eta? Malaga puntarik punta zeharkatu dugu Korrekaminos eta biok; gorri fosforitoaren artean bazen beste kolorerik.