Zilarrezko bi dominarekin itzuli da Kenpoko Munduko Txapelketatik Iosu Letona (Arrasate, 1980). Lehendabiziko aldiz hartu du parte lehiaketan, eta oso gustura dago emaitzarekin. Eskoriatzako Atama kenpo taldeko kidea da duela zortzi urtetik, eta orain Iker anaiarekin batera eskolak ematen ditu Arrasaten. Apirilaren amaieran Turkian jokatutako lehiatik itzulitakoan ingurukoek zoriondu dute, eta komunikabideek ere beregana jo dute. “Lotsatuta” dago horregatik; “dominak nahi nituen, baina ez beste guztia”.
Bi euskaldun izan zarete munduko txapelketan Espainiako selekzioarekin. Atama taldekoak biak.
Bai, nire maisua den Rafa Carriet eta biok izan gara lehian, eta biok ondo ibili gara. Rafak laugarren postua eskuratu du master modalitatean. Mina zuen aldakan, eta ezin izan zuen berak nahi zuen lana egin. Beraz, emaitza ona dela uste dut. Erreferentziarik ez genuen, proba egitera joan ginen, eta emaitzekin gustura gaude.
Bigarren postua lortzerik ez zenuen espero.
Ez. Semi Kenpo modalitatean lehenengo egunean lortu nuen domina, eta horrek presioa kendu zidan; ondo etorri zitzaidan. Semi Kenpo modalitatean, lehenengo ukitzean gelditu egiten da lehia, eta epaimahaiak erabakitzen du nori eman garaipena. Oso azkarra da lehia mota hori. Bigarren egunean Full Kenpo modalitatean parte hartzeko asmoa nuen. Baina ikusi nuen hirugarren eguneko lanarekin ez zela oso bateragarria, eta ez parte hartzea erabaki nuen. Inoiz lehiatu gabea nintzen modalitate horretan, eta lesio asko ikusten ari nintzen. Hortaz, buruarekin jokatzea erabaki nuen.
Eta erabaki horri esker, bigarren domina iritsi zen azken egunean, ezta?
Bai. Hirugarren egunean K1 modalitatean aritu nintzen, eta bigarren egin nuen berriz ere. Aurkaria KO uztea da helburua. Inoiz borroka egin gabe nintzen, eta hasieran apur bat urduri egon nintzen, baina gauzak ondo atera ziren. Hala ere, finala oso motza izan zen, bertan behera utzi behar izan nuen; finalaurrekoan izterrean min hartuta nengoen, eta toki berean kolpe bat jaso eta berehala utzi behar izan nuen lehia.
Helburua aurkaria KO uztea izanda, halako asko egon al ziren txapelketan?
Eskuak eta hankak erabiliz lor daiteke norbait KO uztea, baina txapelketan ez dut ikusi halakorik. Hiru minutuko denbora egoten da lehiatzeko, eta denbora hori igarotakoan epaileek erabakitzen dute nori eman garaipena.
Lesionatuta zaude orain. Zer gertatu zitzaizun zehazki?
95 kilotik gorakoen kategorian parte hartu nuen. Nik 107 kilo pisatu nituen han, eta aurkariekin alderatuta txikitxoa nintzen. Ez dakit zenbat kiloko aurkariak bizpahiru kolpe eman zizkidan toki berean, eta ez dakit zuntz haustura txiki bat edukiko dudan ala kontraktura handi bat. Oso handituta eduki dut izterra, eta ez didate ezer esan. Baina hobera doa eta, beraz, pozik nago. Nire asmoa hango martxa ikustea eta min handirik gabe bueltatzea zen; ez naiz gaizki itzuli.
Okerragoa izan zitekeen, noski.
Bai. KO bat jasatearen beldurrik ez nuen; gero osatu eta kito. Beldur handiagoa ematen zidan ukondo bat puskatzeak edo halako zer edo zerk. Kasu horietan denbora asko behar da osatzeko. Min handirik hartu gabe amaitu nahi nuen txapelketa.
Kolpe batzuk jaso dituzu. Eman ere egingo zenituen, ezta? KOrik egin duzu?
Ez, kolpeak, batzuk eman ditut. Berotan ez duzu nabaritzen, baina hurrengo egunetan akordatzen zara.
Zer moduzko giroa aurkitu duzue txapelketan?
Oso ona. K1 finalean ere, minagatik utzi nuenean, aurkariak barkamena eskatu zidan, ez zuela nahita egin esan zidan. Beldurra ematen zuen errumaniarrak, benetan handia zelako, baina jatorra iruditu zitzaidan. Oro har, jende jatorra topatu genuen.
Parte hartzaileei buruz zer esango zenuke? Onak al dira?
Ondo aritzen direla esango nuke. Espezialitate asko daude, eta egia esan, asko aldatzen da txapelketatik txapelketara; Espainiakotik mundukora bai, behintzat. Guk ez ditugu batere landu modalitate batzuk, lurrekoak esaterako, eta hor gauza oso-oso politak ikusi nituen. Bestetik, zakarkeriak ere egon ziren. Gehien harritu ninduena 13 urteko mutiko baten jarrera izan zen: aurkariari ukondoa apurtu zion, eta zutitu eta egindakoa ospatzen hasi zen. Horrek zer pentsatua eman zidan, eta baita bigarren eguneko Full Kenpo modalitatean parte ez hartzeko erabakia bultzatu ere.
Nola ikusi zenituen zure kategoriakoak?
Jende pisutsua eta oso handia zen, baina agian ez ziren oso azkarrak. Puntukako lehian ikusi nituen pare bat oso onak, baina… Oso ondo ari ziren, baina nahikoa lasai ibili nintzen, ez nintzen tokiz kanpo sentitu. K1 modalitatean ere jende handia aurkitu nuen; onak baino gehiago, indartsuak iruditu zitzaizkidan. Beharbada, beste modalitate batzuetan maila hobea izango dute kirolari horiek.
Kalean tokatu al zaizu kenpoa erabili beharra?
Ez, eta horretaz harro nago.
Baina norbaitek eraso egin nahi balizu, jakingo zenuke kontra egiten, ala horiek filmetako kontuak dira?
Praktikoak gara gu: norbait labanarekin badator eraso egitera, korrika egiten dugu. Beste erremediorik ez badugu, orduan dakiguna egingo genuke, baina buruarekin jokatu behar da.
Ez da oso kirol ezaguna kenpoa. Nola deskribatuko zenuke? Zertan oinarritzen da?
Defentsa pertsonalean oinarritzen da. Kenpo mota asko daude; tradizionalak daude, modernoak ere bai, eta barruan estilo asko daude. Karatearen antzeko kolpeak erabiltzen ditugu. Kenpo modernoa etengabe garatzen ari da, eklektikoa da. Ez dugu uste borroka arte mota bat besteak baino hobea denik; bateko eta besteko elementuak hartzen ditugu, gustatzen zaizkigunak.
Zuek, esaterako, Full Defence izeneko kenpo mota egiten duzue, ezta?
Bai. Rafa Carrietek sortu duen sistema da, eta defentsa pertsonalean oinarrituta dago hura ere. Mugimenduen loturak lantzen ditu, koreografia antzekoak. Teknika, oreka… lantzeko da. Horretaz gain, borroka ere lantzen dugu. Espainiako federazioak ofizialtasuna ematea nahi genuke. Gure elkarteak emaitza onak lortu ditu aurten, eta ea horrek laguntzen digun helburu horretan.
Eskoriatzako taldea da Atama, baina pixkanaka zabaltzen ari zarete inguruko herrietara, ezta?
Bai. Anaiak eta biok eskolak ematen ditugu Arrasaten, eta Oñatin Iñaki Zubillaga aritzen da.