Udaberriarekin batera, nekazari eta baserritarrak buru-belarri dabiltza beren lursailak prestatzen. Uzta oparoa jasotzeko asko dira aurrez egin beharreko lanak, ordea. Nekazari eta baserritarrak lanez gainezka, eta kaletarrak, berriz, lursail baten irrikaz. Izan ere, lurra urte guztian emankorra izaten bada ere, garai hauxe da baratzeek inbidia gehien ematen duten urte sasoia. Eguraldi ona eta uzta oparoa eguneroko otorduak osatzeko. Hiritar asko dira lursail baten faltan, beren etxeko lorategiak edo balkoiak moldatu eta baratze bihurtu dituztenak.
Gero eta gehiago zabaltzen ari den ohitura da etxean etxerako barazkiak landatzea, eta Kristinaenea fundazioak gizartearen behar horiei erantzuteko konpromisoa hartu du.
1. Udaberriko ikastaroak
Landareen ezagutza eta zainketa abiapuntutzat hartuta hasi dira Kristinaenea fundazioaren udaberriko ikastaroak. La huerta en tu balcón izenburupean, bost eguneko ikastaroa abian jarri dute aste honetan. Ekainaren 4ra arte, asteartero izango dute saioa Ingurumen Baliabideen Etxean, 17:30etik 19:00etara.
Arrakasta izugarria dute ikastaro horiek, eta dagoeneko 25 laguneko taldea osatu dute. Uxua Arana, Kristinaenea fundazioko Hezkuntza teknikariaren arabera, “ez da inolako ezagutzarik izan behar ikastaroetan parte hartzeko, baina denetariko jendea etortzen da. Batzuk, zalantza zehatzekin, eta beste batzuk, nondik hasi ez dakitela”.
Ikastaroetan etxean jartzeko garaian garaiko landareak noiz eta nola erein, ureztapena edo ongarri motak, lan tresnak, edo gaitz eta tratamendu ohikoenak ikasten dituzte, besteak beste.
2. EtxEKOlanda
Duela pare bat urte jarri zuten abian EtxEKOlanda egitasmoa. Proiektu horren helburua, hiriko nahiz etxeetako baratzeak modu ekologikoan sortzen edo lantzen hasi nahi duten pertsonei oinarrizko ezagutza eta laguntza ematea da. Norbere kontsumorako elikagai osasuntsuak eta zaporetsuak ekoizteaz gain, pertsonak lurrarengana, naturara eta landareen ziklo naturaletara gerturatzea lortzen dute, gainera.
Funtsezko helburu horiek betetzeko, hainbat alorretan egiten du lan fundazioak. Alde batetik, Donostia Kulturarekin elkarlanean, Lugaritz eta Intxaurrondo kultur etxeetako tresnak erabiltzen dituzte formazioa emateko.
Lugaritz kultur etxea izan zen egitasmoarekin bat egin zuen lehenengoa. Eraikinaren gainean zuen solairua erabilgarri jarri zuten, eta baratzeak egin zituzten. Hala, Kristinaenea fundazioa alde didaktikoaz arduratzen da ikastaroak antolatuz, eta udala espazioa mantentzeaz arduratzen da.
Helduek nahiz gaztetxoek dute baratzeak lantzen ikasteko aukera, ikastetxeetara ere zabaltzen baita Kristinaenea fundazioaren formazio eskaintza. Orain gutxi Intxaurrondoko Kultur Etxeak ere bat egin du egitasmoarekin. Kultur etxearen atzealdeko lursaila baratzeak egiteko egokitu dute. Aranaren arabera, “kultur etxeetako baratzeak elkargune bihurtu dira askorentzat, bai ikasle eta bai ikastaroetan parte hartzen duten helduentzat. Oso harrera ona izan du kultur etxea horretarako egokitzeak, eta aurrera begira, egitasmoa beste kultur etxeetara zabaltzea gustatuko litzaiguke. Auzo bakoitzean hiritarrek baratzeak lantzen ikasteko txoko bat edukitzea bikaina litzateke, han ikasitakoa gero etxean praktikan jartzeko”.
3. Eskola baratzeak
Donostiako Agenda 21 ingurumen sentsibilizazioaren programaren barruan, hiriko baratzeen erabilera eta sentsibilizazio ekologikorako eskola praktikoetan parte hartzeko aukera ematen zaie ikastetxeei EtxEKOlanda egitasmoaren bitartez. Dena den, hainbat esparrutan garatzen da Kristinaenea fundazioaren eskaintza. Azarotik maiatzera kultur etxeetako baratzeak zaintzeko aukera emateaz gain, eskola baratzea duten ikastetxeei aholkularitza emateaz arduratzen dira. Izan ere, Aranaren hitzetan, “asko dira ikastetxean lursail bat egokitu eta lurraren lanketa hezkuntza programan barneratu nahi dutenak”.
Gainera, haurrek, garaian garaiko produktuak ezagutzen dituzte modu atseginean. “Hasieran eskuak zikintzeko beldurra edukitzen dute askok, baina zoratuta ibiltzen dira gero”, dio Aranak. Landareen prozesu osoa ezagutzen dute haurrek: haziak erein, landareak nola kimatu, zenbat ureztatu, eta fruitua edo landarea bera bildu arte.