Udaletan, gerrikoa estututa

Krisiak bete-betean eragin du Gipuzkoako udalerrietako kontuetan. Diru sarrerak nabarmen murriztu zaizkie askori, eta, ondorioz, udal ordezkari gehienek diote ez direla “inbertsio handietarako garai onenak”. Halere, gerrikoa estutu, gastu arruntak murriztu, eta haien lehentasunak finkatu dituzte. Garai zail hauetan, gizarte zerbitzuei garrantzi handia ematen diete, eta horretara bideratu dute askok aurrekontuaren zati handi bat. Zailtasunak zailtasun, 2013rako aurrekontuak onartu dituzte udal gehienek. Hona hemen adibide batzuk:

LORE AGIRRE

Tolosako Ogasun zinegotzia

“Hirukoiztu egin dugu behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa”

“Gastu soziala” izan da Tolosako Udalaren lehentasuna 2013ko aurrekontuetan, Lore Agirre Tolosako Ogasun zinegotziaren arabera. 25,86 milioi euroko aurrekontua dute. “Gizarte politikan eta enpleguan egindako ahalegina aipatuko nuke. Gizarte zerbitzuetan, behar bereziak dituzten pertsona eta familiei laguntzeko poltsa ia hirukoiztu egin dugu. Bestetik, 600.000 euro inbertitu ditugu, sei hilabeterako 50 bat lanpostu sortuz”. 2011n udalean sartu zirenean 26 milioi euroko zorra topatu zutela azaldu du. Egoerari buelta ematen saiatu dira, gastu arruntean gutxiago gastatuz: “Gastu sozialari eutsi diogu, baina udalaren funtzionamendu gastuen kontrola berreskuratu dugu, eta zorra murriztu dugu. 2012an bost milioi euro murriztu genuen zorra, udalari arnasbide bat eskainiz eta proiektu berriak aurrera eramatea ahalbidetuz”. Halere, aurrekontuetan murrizketa nabarmenik ez dutela egin azaldu du Agirrek; sailetara bideratutako dirua izoztu dute.

Hainbat proiektu ere badituzte. “Zeharkako proiektuak sustatu nahi izan ditugu, partaidetza oinarri hartuz”. Herri baratzen proiektua, irispideak errazteko plana eta mugikortasun plana aipatu ditu, besteak beste.

1,37 milioi euroko kreditua eskatu du Tolosako Udalak: “Ez gastu arrunta finantzatzeko, inbertsio sozial bat egiteko baizik; eraikin bat eraberritu, eta gazteentzako etxebizitza sozialak egokituko dira; proiektu hori aurrera ateratzeko Jaurlaritzaren diru laguntza ere badugu”. 2012an likidatutako sarrera arruntekiko %53,47ko zor bizia du Tolosako Udalak.

IRATXE ZEZIAGA

Arrasateko zinegotzia

“Urte gogorra izango da, baina kontuak onbideratuta edukitzea espero dugu”

“Behar gehien duten herritarren beharrei erantzutea” izan da irizpide nagusienetakoa Arrasateko Udaleko aurrekontuak egiterakoan. Horrela azaldu du Iratxe Zeziaga zinegotziak. Iazkoaren aldean, %4,34 murriztu dute aurten aurrekontua; 29,8 milioi izango dituzte. Ondorioz, gastu arruntetan “zorrotz” jokatuko dute. Gainera, ez dute inbertsio handirik egingo. Horretarako, hainbat konpromiso berraztertu, eta hainbat urtetan banatu dute inbertsioa. “%18,5 murriztu ditugu inbertsioak; ongizate sailera, berriz, 2012ko gastu erreala baino diru gehiago bideratu dugu. Beharrezkoa bada, alor horretan diru gehiago erabiliko dugu”.

Beraz, gizarte gaiei eman diete lehentasuna, eta herritarrei “kalitatezko zerbitzuak eskaintzera ere” diru kopuru “handia” bideratu dute. Mugikortasun plana, euskara sustatzeko jarduerak, zero zabor sortzea helburu duen hondakinen kudeaketa, Kurtzetxiki mendiaren berreskurapena eta herritarren parte hartzerako proiektuak nabarmendu ditu.

%18,59ko zorra dauka Arrasateko Udalak, eta aurten ez dute beste krediturik eskatzeko asmorik. “Urte gogorra izango da. Baina orain arteko irizpideei jarraituz, espero dugu gure kontuak onbideratuta edukitzea”.

MIGUEL ANGEL PAEZ

Irungo Ogasun zinegotzia

“Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu”

Iazko urtearekin alderatuta, aurrekontu handiagoa izango dute aurten Irunen: %3,34 gehiago. 67,8 milioi guztira. “Aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa dugu, batez ere, hornikuntza eta obra publikoetan”, azaldu du Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Ogasun zinegotziak. “Inbertsioei ez diegu atea itxi nahi, administrazio publikoa garen aldetik, ekonomia berreskuratzeko motor lana egin behar dugula uste baitugu. Hiriko jarduera ekonomikoa dinamizatu nahi dugu, kontratazio berriak gauzatuz”. Hezkuntzara eta gizarte politikara ere bideratu dute dirua. “Badakigu jende asko gaizki pasatzen ari dela; horien ondoan egongo gara, eta gizarte politikez arduratuko gara; hori baita gure lehentasuna”.

Aurrekontua egiterakoan “herritarren parte hartzea” bultzatu dutela ere adierazi du Paezek. “Herritar guztiei irekitako bilera publikoa egin genuen, eta herriko erakunde eta elkarteekin elkartu gara. Webgunean atal bat daukagu, herritarrek haien proposamenak egin ahal izateko”.

Proiektu garrantzitsuenen artean, liburutegia dago. Hiriko alde zaharra berriro urbanizatzeko eta dinamizatzeko asmoa ere badute; hiri barneko bideak ere egokituko dituzte.

35,5 milioi euro inguruko zorra dute gaur egun; %60 inguruan dabiltza. “Zor horretan sartzen da Foru Ogasunari itzultzen ari garena; datorren urtean amaituko dugu; beraz, 2014tik aurrera egoera erosoagoa izango da”.

JOSE LUIS VALLES

Eibarko Ogasun zinegotzia

“Ditugun diru sarreren arabera gastatuko dugu”

Diru sarrerak gutxitzen ari direla eta errealitate horretara egokitu behar dela gogoratu du Jose Luis Valles Eibarko Ogasun zinegotziak. Halere, Eibarko Udalaren egoera “nahiko ona” dela gaineratu du. 28,8 milioi euroko aurrekontua dute aurten; iaz baino bi milioi gutxiago. “Nik ez dut murrizketei buruz hitz egiten; diru sarrera batzuk baditut, horien arabera gastatuko dut. Sarrerak gutxitzen badira, inbertsiotarako gutxiago izango dut”. Aurten, inbertsioa 2,8 milioi eurora jaitsi dute: “Ez du askorako ematen, baina oraindik inbertsio gaitasuna badugu”. Ohiko gastuak ere “egokitzen” saiatu dira. Argi du lehenengo lehentasunak ezarri behar direla, eta, gero, gelditzen dena beste alorretan banatu.

Udaleko lanpostuei eustea da lehentasunetako bat. “Hamar milioiko gastua dugu langileetan; gastu handia da, baina horiei eutsi behar zaie, batez ere krisi garaietan”. Oinarrizko beharrizanak estaltzen ere saiatu dira; batez ere, gizarte ongizateari dagozkionak. “Behar handiena dutenei lagundu behar zaie”.

Inbertsioak egiterakoan ere, lan ugari aipatu ditu: hezkuntza zentroen eraberritzea, errepideetako asfaltoaren ohiko mantentzea, hilobiaren erreforma, informatikako inbertsioa… “Gauza txikiak” baina “garrantzitsuak” direnak ez direla ahaztu behar pentsatzen du Ogasun zinegotziak: “Une hauetan ez dira egokiak lehen bezalako proiektu handiak; etorriko dira horiek egiteko garai hobeak”. Egin beharreko lanen artean ere lehentasunak finkatu dituzte: “Obra batzuk lehenbailehen egin beharrekoak dira; beste batzuek pixka bat itxaron beharko dute, datorren urtera arte”.

Zorpetzeri dagokionez, %29ko zor bizia dute; Vallesen arabera, “foru aldundiak ezarritako %95eko mugatik urrun”. Aurrekontuekin zorrari “erraz” aurre egin diezaioketela azaldu du.

IÑAKI EIZAGIRRE

Zarauzko Ogasun zinegotzia

“Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak handitu dira”

Herrian egiten duten “parte hartze prozesuari” garrantzia eman nahi izan dio Iñaki Eizagirre Zarauzko Ogasun zinegotziak. “Aurrekontuei buruz hitz egiteko, hamazazpi bilera egin ditugu; herritarrekin auzoetan, hainbat arlotako eragileekin eta udal langileekin bildu gara”. Bi helburu nagusi ezarri dituztela ere azaldu du: “Gardentasuna eta eraginkortasuna”.

Zarauzko Udalaren kasuan, %3,4 handitu dute aurten aurrekontua; 29,4 milioi izango ditu udalak. “Zerga sisteman egin ditugun aldaketa batzuen ondorioz, diru sarrerak igo egin dira”. Esaterako, ondasun higiezinen zergan ohikoak ez diren etxebizitzei tasa berria ezarri die. 600.000 euroko diru sarrerak aurreikusten dituzte bide horretatik.

Bestalde, zor handia dutela gogoratu du Eizagirrek: “Gure gastuen %8,7 bankuetara doa”. Hogei milioi euro inguruko zorra dute; 2011n udalean sartu zirenean baino hiru milioi gutxiago. Zor bizia, berriz, %71koa da. Horrek guztiak udaleko aurrekontuak baldintzatzen ditu. Halere, gizarte laguntzak eta ongizatea indartu nahi izan dituzte: “Krisitik atera nahi dugu, baina inor alde batera utzi gabe”. Iaz baino %4 gehiago bideratuko dute aurten ongizatera.

Enplegu plana, eta kultur arloan eta gazteriaren alorrean dauden beharrak asetzea dira beste lehentasunetako batzuk. Euskararen sustapenerako ere, ekonomia eta giza baliabideak jarriko dituztela zehaztu du Eizagirrek. Alde Zaharra oinezkoentzat egokitzen ari dira, eta hori da une honetan proiektu garestiena. “Buruan ditugun proiektuak gauzatzen ari gara, baina ditugun baliabideak kontuan hartuta, poliki-poliki”.

Aurrekontuetan aurten bi milioiko mailegu bat eskatzea aurreikusi zuten. “Egun gauden baino gehiago ez zorpetzeko helburua jarrita daukagu. Urtero 2,5 milioi bideratzen ditugu zorra ordaintzera; ezin dugu kopuru hori baino gehiago eskatu. Halere, ikusiko dugu urtea nola doan, eta, horren arabera, abenduan erabakiko da mailegua eskatu edo ez”.