Zorpetze handiaren kalteak, Mutrikun eta Errezilen

2012an, arazo ekonomiko larriak izan zituzten hainbat udalek. Esaterako, Errezilek eta Mutrikuk. Zorpetze handia zegoen bi herrietan; iaz, %118ko zor bizia zuten Mutrikun, eta %128,3koa Errezilen. Egoera horretatik atera, zorra jaitsi eta udaleko kontuak onbideratzeko asmoarekin, plan ekonomiko finantzarioa adostu zuten bi udalek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Hurrengo urteetan jarraitu beharreko urrats eta helburuak zehaztu dizkiete.

Joseba Plazaola Mutrikuko alkatea pozik dago plana lehen emaitzak ematen ari delako: “Zor bizia %110ra jaisteko helburua jarri genuen 2012an, eta %106ra murriztea lortu dugu. Gainera, 240.000 euroko irabazia lortu dugu”. Diru hori zuzenean zorrera bideratu dute. Aurten zorra %91,6ra jaisteko helburua dute, eta 2016rako, %60raino jaistea nahi lukete. Horretarako, gastuak arrazionalizatu eta lehentasunak ezarriko dituztela azaldu du Mutrikuko alkateak. Gainera, diru sarrerak handitu dituzte KPIaren urteroko igoerarekin eta herriko zerga erroldak eguneratuz. Dena den, Mutrikuk egiturazko arazoa duela eta plan estrategiko bat behar dela azpimarratu du Plazaolak.

Plan ekonomiko finantzarioarekin batera, udal tasak igo ditu Errezilgo Udalak, eta “behar-beharrezkoak” diren inbertsioak bakarrik egingo ditu. 2012an, 115.000 euroko mailegua eskatzeko baimena eman zien aldundiak, baina aurten, ezingo dute eskatu, eta diru gehiago bideratuko dute zorra kitatzera.