“Gay eta lesbianen askapenaren gerrillari gehiago behar ditugu”

Homofobiaren heriotza aurpegiak orbana utzi zuen Errenterian orain dela 34 urte, Francisco Vadillo Francis tiroz hil zutenean. Haren omenezko plaka dagoen parkean erantzun ditu Gipuzkoako Hitza-ren galderak Mikel Martin Conde EHGAM elkarteko kideak (Donostia, 1954). Homofobia hiltzailea hitzaldia antolatu dute Errenterian aste honetan, eta Oiartzualdeko herri horretan zein Donostiako Koldo Mitxelenan Luis Arellanoren Memorandum in memoriam dokumentala eman dute. Gaur, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Naziorteko Egunean, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Bulebarrean.

Homofobia hiltzailea izeneko hitzaldia antolatu duzue. Zergatik aukeratu duzue izenburu hori?

Gaur 23 urte bete dira OMEk homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kendu zuenetik. Ordutik, aniztasun sexuala aldarrikatzeko erreferentzia gisa hartzen da maiatzaren 17a. Luis Arellanok orain dela bi urte Ugandan grabaturiko dokumentala eskaini dugu, izozmendiaren erpin bezala. Homofobiak hil egiten du; hainbat homofobia gradu daude, baina hilketa da adierazle gorena. Edozein erlijioren pulpitutik etengabe gorrotoaren apologia egiten denean, sexu bereko pertsonak maite ditugunekiko krimenen oinarriak sendotzen dira. Gayen, lesbianen eta transexualen askapen mugimenduen eta elkarte feministen lanari esker, gero eta gutxiagok sinesten dituzte gezur horiek.

Gizartea irekitzen ari da, baina hor dirau homofobiak.

Homofobia legerian sartua dago. San Petersburgon [Errusia], homosexualitatearen apologia debekatzeko lege proiektua aurrera atera zuten iaz. Kolektiboek ezin dute jarraitu orain dela lau urte egiten zuten lanarekin. Baina ez da hain urruti joan beharrik homofobia basatia topatzeko. Iruñean, apirilean, bi mutiko jipoitu zituzten; ezin ahaztu ezta ere urriko Bizkaiko [Plentziako] bullying homofobikoa. Gay askapen mugimenduok ate ugari jo ditugu, baina homofobia beste garai bateko arazo larria dela dirudi. Ez da hala, hor dirau.

Heterosexualitatean oinarriturik al dago gaur egun jasotzen dugun hezkuntza?

Sexofobia testuinguruan bada ere, ez da berdina 2013. urtea edo 1970eko hamarkada. Gauza asko aldatu dira, eta ikuspegi berriak azaldu dira zientzien alorrean, psikologian, sexologian —azkenean!—… Sexu heziketa sexologoen esku dago, eta ez apaiz edo politikarien gidaritzapean. Sexualitatea aniztuna da, eraldatu egiten da, ez da zertan ugalkorra izan. Dena den, mendeetan ereindako gorrotoak gizartean errotuta jarraitzen du, eta lan asko egiteko dugula erakusten digu horrek.

Gizarteak homosexualitatea barneratu du, baina akaso ez hainbeste horrek dakarren sexualitatea, ezta?

Hori da kontua. Zenbatek diote “nik lagun gay edo lesbiana bat daukat eta ez dut inongo arazorik”? Barkatu, zergatik izan beharko zenukeen arazoren bat harekin? Askapen mugimenduen lanari esker, Iñaki Oiarzabal bezalako politikari batek bere homosexualitatea onartu du. Eta haren aurretik gehiago egon dira, Iñigo Lamarca arartekoa kasu. Gaur egun hainbat eskubide eta “ongizate” baditugu, aurretik ehunka aktibistak ezinezkoa zirudiena posible bihurtu dutelako ditugu.

Oraindik zaila al da bakoitzak bere homosexualitatea aitortzea?

Bai, noski. Adibidez, nik dakidala Euskal Herriko futbol taldeetan inork ez du bere homosexualitatea aldarrikatu, ezta eskubaloian ere, edo txirrindularitzan, edo alpinismoan… Hautazkoa denez, eta gay eta lesbianen askapenaren gerrillari batzuk dagoeneko armairutik atera direnez, ez zaio garrantzia ematen. Ez ba, gerrillari gehiago behar ditugu. Ezagutzen ditut publikoki sexu bereko pertsonak gogoko dituztela aitortzen ez dutenak, horretarako beharrik ez dutela diotenak. Azken 40 urteetan makina bat pertsonak bat egin du sexu askapenarekin; homofobia ahalik eta azkarren desagertzea komeni dela ulertu dute.

Egungo gazteria orain dela 30 bat urtekoa baino toleranteagoa al da?

Zalantzarik gabe. Eta kalean gay eta lesbiana asko —ez hainbeste transexual— ikusi dituelako da toleranteago. Aspaldi bistaratu gara, eta erreferente izan gaitezke askorentzat. Agerian jartzea oso garrantzitsua da; ea gehiago bistaratzen garen homofobia gelditzeko. Gizartean eragin izanak heteronormatibitatearen aurrean lekua egin izana ekarri du. Gero eta leku gehiago dugu, eta hor sartzen da gazteria, inguruan duena bereganatzen baitu. Hori bai, zenbat eta ageriago homosexualitatea, orduan eta homofobia handiagoa; bere emozioak kudeatzen ez dakien jendea baitago.

Sexu askapeneko elkarteetako kideok egin duzuen lana ezinbestekoa izan dela uste duzu?

Ez daukat zalantzarik. Ezinbestekoa izan da gay-les-trans askapen mugimenduak, feminismoak, sexologoek eta hainbat irakaslek egindako lana. Irakasleek Euskal Herriko eskoletan sartzeko aukera eman digute, milaka neraberekin zuzenean hitz egiteko.

Zein arlo landu behar da orain? Edo zein arlo jarraitu behar da lantzen?

Heziketa. Heziketa da bidea. Sexualitatearen inguruan izan behar dugun jarrera erakusteko, hezkuntza erabili behar dugu. Txikitatik egin behar dugu, ekarriko dugun pertsona hori nolakoa izango den amesten dugunetik. Haur bat euki dugunean, gauza ugari planteatu beharko genituzke. Hasteko, ez genuke ez femeninoan ez maskulinoan izendatu behar; gizaki, zerbait neutroa. Kokatuko da bere lekuan gizaki hori. Ez dezagun pentsatu gure seme-alabak heterosexualak direlako bihurtuko garela gu aitona edo amona, haiek homosexual izanda ere bilaka gaitezkeelako. Izan dezagun jarrera plurala, pentsa dezagun aniztasunean, ez dezagun nortasun sexualik ezarri; aurkituko dute, egon gaitezen gu ondoan, ezer markatu gabe.