Tolosa
Gero eta gutxiago falta da Kilometroak Tolosara iristeko, eta, eguna heldu aurretik, askotariko jarduerak antolatuko dituzte herrian. Igandetik aurrera, esaterako, Ahora astea egingo dute; kirola, musika, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoak izango dira besteak beste, astebetez.
Patinatze festak abiatuko du egitaraua, igandean. Goizean, adin guztietako parte hartzaileentzako ibilbidea prestatu dute, eta, ondoren, taldekako saioak eta erakustaldiak izango dira. Arratsaldean, haurrentzako ikastaroak eskainiko dituzte.
Astelehenean Tolosa, euskara eta umorea uztartuko dituen hitzaldi bat emango du Kike Amonarrizek; kultur etxeko areto nagusian izango da, 19:30etik aurrera. Aste horretan egingo den beste hitzaldietako bat alkohol kontsumoaren prebentzioaren gainekoa izango da. Asteazkenerako antolatu dute saioa, 19:00etan.
Musikak ere tarte handia izango du aste osoan. Udal txistulari bandaren urteurrena dela eta, kontzertua eskainiko dute asteartean, Topic zentroan (20:30). Hortik aurrera, askotariko kontzertuak entzun ahal izango dira: hilaren 24an, Bonberenea txarangaren txanda izango da: 22:00etan ariko dira, beste hainbat lagunekin batera, Laskorain ikastolan. Parte hartuko dutenen artean daude Zea Mays, Doctor Deseo, Su Ta Gar, Glaukoma eta Humus taldeetako kideak. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak ere festara batuko dira.
Hurrengo egunean, hilaren 25ean ere musikak hartuko du Tolosa. Tolosa Kantari taldea dultzaineroekin batera irtengo da kalera; alde zaharra girotuko dute 12:00etatik aurrera.
Filmak eta jolasak
Ahora astean tokia izango dute filmek, jolasek eta jan-edanak hartzeko tarteak ere. Hilaren 23an, ostegunarekin, Hautsitako bost kamara filma emango dute Leidor aretoan (19:15). Tamer Birawik filma aurkeztuko du.
Jaiaren azken egunean, maiatzaren 25ean, txalupen jaitsiera egingo dute Oria ibaian, Txapin festaren barruan. Egun horretan, gainera, haurrentzako jolasak izango dira arratsaldean Euskal Herria plazan.