Kalte-ordainak eskatu ahalko dituzte Mugi txartela berandu jaso zutenek

Mugi txartela igortzeko garaian atzerapenak izan dituzten erabiltzaileek kalte-ordainak jasotzeko aukera izango dute. Horretarako, aldez aurretik egiaztatu beharko dute Garraio Agintaritzaren kudeaketak eragin duela atzerapena, eta ez erabiltzaileak berak. Hala, txartelik gabe egon diren bitartean erabili dituzten txartel arruntak aurkezten badituzte, egokitzen zitzaien deskontua itzuliko diete.

Garraio Agintaritzako zuzendari Larraitz Ugartek “barkamena” eskatu die atzerapenak izan dituzten erabiltzaileei, baina nabarmendu du ez direla “hainbeste” arazo egon. Mugiren txostenaren arabera, 2.000 bat gorabehera egon dira soilik, kudeatutako izapideen %2. Hala, gogor salatu du hainbat alderdik “ika-mika” politikoa bilatu izana.