Mugi garraio sistema ezarri dutenetik, gipuzkoarren %40k erabili dute

Bi hilabete igaro dira Gipuzkoan Mugi txartel sistema bakarra ezarri zenetik, eta Garraio Agintaritza pozik agertu da orain arte jasotako erantzunarekin. Aste honetan ezagutarazi duten balantzean, “arrakastatsutzat” jo dute sistema berria. Larraitz Ugarte Garraioaren Agintaritzako zuzendari orokor eta Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, Mugik “jauzi kualitatiboa” ekarri du, “iraultza” Gipuzkoako garraio publikoan.

Sistema berria ezarri izana gipuzkoarrek “begi onez” ikusten dutela nabarmendu du Garraioaren Agintaritzak aurkeztutako txostenean. Martxotik hona gipuzkoarren ia %40k erabili dute txartel bakarra. Guztira, 271.348 erabiltzailek hartu dute garraio publikoa Mugi edo Lurraldebus txartela erabilita; hilabeteko lehenengo bidaiatik deskontuak jaso dituzte. Horietako hamarretik bik erabili dute Mugi berria.

Azken bi hilabeteetan, 54.812 txartel igorri dituzte. 26.066 arruntak dira, eta 28.746, hobari bereziak jasotzen dituzten taldeetakoak. Gainontzeko 10.300 txartelak anonimoak dira; edonork erabil ditzake. Igorritako txartelen kopurua nabarmendu du Ugartek sistema berriaren ezarpena aurkezteko prentsaurrekoan: “Mugi ezarri aurretik, hilean 6.000 Lurraldebus txartel igortzen ziren, orain 30.000 baino gehiago dira”.

Txartel bakarra erabili duten erabiltzaileen %20k —56.500 bidaiarik— hobari berriak jaso dituzte. %65eko edo gehiagoko urritasuna dutenek, 25 urtetik beherako gazteek, 65 urtetik gorakoek, hainbat talde sozialeko kideek eta premia ekonomiko jakin batzuk dituztenek dituzte bidaiarik merkeenak. Bestalde, garraio publikoa gehien hartzen dutenak saritzen ditu ere sistema berriak: zenbat eta gehiagotan erabili, orduan eta deskontu handiagoa dute —%90era iristen da hilean 51 bidaia edo gehiago eginez gero—. Hala, hilabete bakarrean 3,2 milioi bidaia egin dira deskontu edo hobariekin, eta bidaiariek 2,5 milioi eurotik gora kargatu dute.

Garraio Agintaritzaren arreta zerbitzuak lan handia izan du Mugi sistema ezarri zenetik. Denbora horretan 31.000 pertsonaren zalantzak argitu dituzte, aurrez aurre, Easo plazako bulegoan —270 herritar egunean—. Horrez gain, 11.000 telefono dei baino gehiago jaso dituzte, eta 2.800 mezu elektroniko inguru erantzun. Orotara, 100.000 izapide baino gehiago kudeatu dituzte.

Kudeaketa lan handia

Txartel berrien eskaerak kudeatzen ditu Mugiko arreta zerbitzuak. Eskaera berriak ez ezik, orain artekoa aldatu behar zutenena ere eraman du. Izan ere, Lurraldebuseko hainbat bezerok berria eskatu behar izan dute. Desagertu egin da haurrentzako txartela, eta 18 urtetik 24 urtera bitarteko gazteek eta 65 urtetik gorakoek frogatu beharra dauakte ez dituztela gainditzen gutxieneko diru sarrerak.

Donostiako hiri barneko autobusetako erabiltzaileek ere berritu dute txartela, sistema berrira egokitzeko. Garraio Agintaritzaren datuen arabera, 8.132 erabiltzailek eguneratu dute Dbus txartela. 364 autobus, Euskotreneko 30 geltoki eta RENFEko 29 egokitu dituzte txartel berriak erabiltzeko.

Sistema ezartzeko hainbat arazo izan direla aitortu du Garraio Agintaritzak; batez ere, txartelak migratzeko eta horiek kargatzeko garaian. Hainbat arazo izan dira datuak manipulatzeko garaian, eta zenbait erabiltzailek atzerapenak izan dituzte. Kutxabanken sorrerak kutxazainetan eragindako aldaketek, berriz, lehenbiziko egunetan arazoak sortu zituzten txartelak kargatzeko.