Dantzarako bultzada eske

Maiatza dantzaren hilabetea izan da urte askoan Gipuzkoan. Badira urte batzuk Maiatza Dantzan egitasmoa desagertu zela, dantzaren inguruan Donostian antolatzen zen jaialdia. Dantza ekitaldiak hilabete batean bildu beharrean, dantza programazioa urte guztira hedatzea zen helburua. Dena den, oraindik ere maiatza dantzari lotutako hilabetea da askoren oroimenean. “Oraindik jendeak Maiatza Dantzan-engatik galdetzen du; identifikazio hori badago, nahiz eta fikziozkoa izan”, azaldu Jon Maia Kukai taldeko zuzendari eta dantzariak. Izan ere, jaialdia erreferentzia bat zela pentsatzen du Maiak: “Batetik, hemengo konpainientzat, eta, bestetik, hemengo ikusle eta profesionalentzat, garrantzitsua baita kanpotik datozen kalitatezko erreferentziak ikustea”. Dantza emanaldiak urte osoan egitearekin bat datorrela dio, baina momentu honetan ez du horrelakorik antzematen. “Dantza programazioak bultzada baino gehiago behar du”.

Herrietako jaietan antolatzen dituzten euskal dantzen emanaldi tradizionaletan ere beherakada handia antzeman du Oier Araolaza dantzari eta antropologoak: “Herriko bertako taldeek emanaldiak egiten dituzte jaietan; herri batzuetan tradizioa dira, eta horiek indartu ere egin dira. Baina lehen beste herrietako euskal dantza taldeen ikuskizunak ere antolatzen ziren jaietan, eta hor mugimendu indartsua zegoen; orain horiek ia galdu dira. Badirudi dantza talde batzuek emanaldi gehiago egiten dituztela atzerrian Euskal Herrian baino”. Udalek kontratatzen zituzten taldeak, eta, Araolazaren iritziz, oso garrantzitsuak ziren: “Taldeentzat mugimendua eta diru iturria ziren, baita beraien lana ezagutzera emateko aukera ere”.

Maiak ere aro aldaketa bat nabaritu du. “1980-90eko hamarkadetan euskal dantza talde guztiek zituzten emanaldiak, eta denek bidaiatzen zuten, baina formatu hori ez dago hain indartsu, zirkuiturik ere ez dago, taldeetan jende gutxiago ikusten da…”. Halere, beste fenomeno batzuk piztu direla ikusi du: “Plaza berreskuratzeko eta herritarrak plazara dantzara ateratzeko joera garai batean baino indartsuago ikusten dut, eta beste hainbat gauza interesgarri ere gertatzen ari dira”.

Irakasle trebatuen beharra

Dantza tradizionalaren alorrean, arazo handi bat ikusten du Maiak: irakaslerik ez dagoela. “Musika eta dantza eskola batean dantza tradizionaleko irakasle lanpostua dut nik, nahiz eta hor ere murrizketak izan. Lan hori daukat lizentziatura bat ikasi nuelako: kazetaritza. Ondo hezi eta trebatutako irakasleak behar ditugu, etorkizuneko dantzariak eta irakasleak ondo prestatzeko”.

Dantza tradizionalean ikasketarik egiteko aukerarik ez izatea arazo larria dela uste du Araolazak ere: “Ez daukagu ideiarik ere zertan ari garen, gure dantzak nolakoak diren eta ziren; zer, non eta noiz dantza egin izan den. Ezjakin hutsak gara ustez gurea den alor horretan”.

Halere, baikor egoteko arrazoiak baditu Araolazak. “Kudeaketa txarra eta zailtasun handiak dauden arren, milaka eta milaka dantzari ari dira egunero dantzan, ikasten edo ahal dutena egiten; hor badago indarra. Munduan ez dago gizarterik dantza egiten ez duenik. Dantza gure gizartearen zati bat da, eta hala izango da aurrerantzean ere. Alde horretatik, etorkizun oparoa ikusten dut”.

Dena den, profesionalizazioa administrazioa bultzatzen ari den “tranpa” bat dela uste du Araolazak. “Diru laguntzen deialdi batzuetan parte hartzeko, profesionala izan behar duzu. Baina dantza tradizionalean profesionalak izaten saiatzen diren horiek gero ezin dute era duin batean profesional izaten jarraitu; bi edo hiru konpainia dira salbuespenak”. Dantza garaikidean, berriz, profesional mailan aurrera ateratzeko, irtenbidea pertsona bakar baten dantza konpainiak direla dio: “Ikuskizun motaren arabera, emanaldietarako kontratatzen ditu beste dantzariak”.

“Krisiaren gaineko krisia”

Araolazak aipatutako salbuespen horietako batzuk dira Kukai eta Aukeran konpainiak. Dantza tradizionaletik abiatuta sorkuntza garaikidea egiten dute bi taldeek. Konpainia profesional bateko zuzendari izatea lortu duelako pozik dago Maia: “Egun, hau nire lanbidea da, baina borroka latza izan da. Duela urte batzuk apustua egin genuen, eta konpainia profesional edo erdi profesionalari eusteko gai izan gara. Gure dantzariek ez diote denbora osoa eskaintzen, baina bai zati handi bat”. Kultura krisian dagoela azaldu du: “Dantza beti egon da krisian; beraz, krisiaren gaineko krisia da hau. Dantzaren esparruan gabiltzanok ikasita gaude krisian bizitzen aurreko garaietatik ere. Erakundeek hitz politak jartzen dituzte, baina hitzekin batera ekintzak behar dira. Asko dago hobetzeko”. Urtean 50-60 emanaldi artean egiten ari da Kukai azken urteetan. “Gu bezalako talde batentzat asko da. Guk egiten duguna batzuetan sorkuntza garaikidetik gertu dagoen arren, euskal dantza tradizionaletik abiatzen gara; beraz, hemen bakarrik egin daiteke”.

Izan ere, dantzari klasiko eta garaikide askok kanpora jotzen dute ikastera eta bide profesionala egitera; hemen aukera gutxi baitago. “Dantzarientzako plataformak behar dira; guk badugu dantzari gazteentzako ikastaro bat. Baina ikasle izatetik profesionaltasunera jauzi handia dago”, gaineratu du Maiak.

Profesionaltasunerako bidea

Dantzariei profesionaltasunera pasatzen laguntzeko sortu zen, hain zuzen, Dantzaz konpainia. Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz-eko zuzendari nagusiaren hitzetan, “dantzarien lehen enplegurako plataforma da”. Dantza garaikidean aritzen dira, baina klasikoa ere lantzen dute, eta euskal dantza batzuk ere erakusten dituzte. Lan mundura jauzi egiteko prestakuntza eskaintzen du Dantzaz-ek; eskolak, entseguak eta tailer espezializatuak. Horrez gain, Dantzaz konpainian dantzatzen dira. “Nazioarte mailako koreografo ezagunekin lan egiten dugu; baita hemengoekin ere”.

Dantzari guztiak profesional gisa aritzen dira konpainian dauden bitartean. “Baina gu jauzi ohola gara, eta gurekin ezin dira geratu. Urtebete edo gehienez ere bi urte egin ditzakete hemen. Ia-ia etorri orduko, beste konpainia profesional batera alde egitea bultzatzen dugu”. Europako konpainietan entzunaldiak egiteko aholkatzen die: “Biran gabiltzanean ere, norbaitek entzunaldiren bat badu, horrek izango du lehentasuna”.

Europara begira

Donostian Artelekun du egoitza Dantzaz-ek, baina Europara begira daude. “Europa guztitik etortzen dira dantzariak, eta, gero, Europako konpainietan lana bilatzen saiatzen dira”. Dena den, Mugi errendimendu handiko gunea sortu zuten duela hilabete batzuk: “Euskal Herriko dantzariak bakarrik onartzen ditugu hor”.

Izan ere, Euskal Herrian dantzariek aukera gutxi dituztela azaldu du Saenz de Ugartek. “Europa osoan badaude dantza egiturak, baina hemen ez da inoiz sortu. Ez dago goi mailako ikasketarik ere. Orain, estutasun garai batean gaude, eta egitura bat sortzea zaila da”. Dantza gutxi programatzen dela ere esan du. “Erakundeek bultzatzeko ahalegina egin dute, eta pixka bat igo da, baina oraindik baliabide asko falta dira”. Euskal Herrian emanaldiak egiten dituzte, “Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen dantza garaikidearen zirkuituari esker”, baina batez ere Europa osoan mugitzen dira. “Hemen bakarrik irautea zaila da”. Testuinguru horretan, dantzari asko kanpora joaten dira. “Beraien ibilbidearen amaieran itzultzen dira asko, hemen egitura txikiren bat antolatzeko edo, bestela, akademiaren bat irekitzeko”.

Jendea dantzara hurbiltzeko ahalegina egin behar dela uste du Saenz de Ugartek: “Jendeak badirudi beldurra diola dantzari, ez dira ausartzen dantza ikustera joatera. Baina dantzan ez da ezer ulertu behar: eseri, erlaxatu eta gozatu besterik ez da egin behar”.