Mikel Erguinek sortu du Zero Zabor talde eragilearen Mundumob egitasmoko Eskuetatik eskuetara abestiaren koreografia.
Zer adierazi nahi izan duzu mugimendu hauekin?
Zaborra birziklatzean egiten dugun ibilbide osoa irudikatu nahi izan dut. Lurretik hasten gara, batetik, lurra ezinbesteko elementua dela azpimarratzeko, eta, bestetik, zaborra zabortegitik mugitu behar dela erakusteko. Gero, errota deitzen diogun mugimendua egiten dugu, zaborra bi eskuen artean birziklatze prozesuan egongo balitz bezala; eta, bukatzeko, alaitasunez, zerbait polita edo erabilgarria aurkezten dugu. Birziklatzea jolas moduan ikusi behar dugu, eta ez liskarrerako gai bat bezala.
Koreografia eta hitzak bateratzea zaila izan al da?
Zero Zaborreko kideek egitasmoa aurkeztu zidatenean, musika bakarrik zegoen, eta hartan oinarritu nintzen. Gerora esan zidaten Jon Maiak sortuko zituela hitzak eta Eskuetatik eskuetara izena izango zuela. Ideia horri heldu nion, eta horregatik pasatzen dugu munduaren bola eskuetatik eskuetara.
Adin guztietako jendearentzako koreografia sortzeak ere sortuko du buruhausterik, ala?
Psikologia eta pedagogia pixka batekin pentsatzea eskatzen du lan honek, eta uste dut banaizela horretarako gai, batez ere, lehendik esperientzia dudalako. Denbora asko eskatzen duen lana da, baina ez nuke esango zaila denik. Mundu guztiak egin ditzakeen pausoak sortzen saiatzen naiz, denak eroso senti daitezen. Herritar guztien arteko bat-etortzea bultzatzeko ahalegina egiten dut; herri guztiek berezko magia bat dutela esan ohi dut, eta hori ez apurtzen saiatzen naiz. Koreografia honetan, gainera, 2011n Zubietan egindako flashmob-eko pauso batzuk sartu ditut, jendeari ezagun egiteko eta hutsetik ez hasteko.
Herri oso bat sinkronizatu behar da… Nola lortzen duzue?
Konfiantza eduki beharra dago, eta nik badut. Konfiantza hori transmititzen saiatzen naiz, eta ni bezala, gainontzeko monitore guztiak. Jende mordoa ibili da laguntzen, eta oso ondo egin dute. Sinkronizazioa denbora kontua izaten da, pertsona bakoitzak bere denbora behar baitu. Gainera, jendea ez dadila kezkatu; inor nahasten bada, ez da ezer gertatzen. Hobetuko dute, eta, gainera, hobetzen gozatu behar dugu. Ekainaren 8ra bitartean denbora dago.
Zer esan nahi du zuretzat honek guztiak?
Gehienbat, Zero Zaborren lana azpimarratu behar da; hau da, koreografiaz aparte, horren atzean dagoena: Zero Zaborren filosofia, transmititzen duen ideia… Horrek bultzatzen baitu herria. Proposatu didaten ideia ikaragarri gustatu zaidala aitortu behar dut. Jendeak koreografia gustura hartu duela eta funtzionatzen duela ikusteak sekulako poza ematen dit. Irribarre bakoitza niretzako bizitza da; hori ez dago diruz ordaintzerik. Honen guztiaren bueltan magia sortzen da, eta gustatu egiten zait magia hori sentitzea eta horrekin bizitzea. Gozatzen ari naiz; nire begiek ikusten dutena oso-oso polita da. Nire koreografia Euskal Herriko naturari eta jendeari eta, nola ez, Zero Zaborri eskaintzen diot.