Poesia, hitz eta iruditan

Poesia emanaldia

Errenteria

Literaturak bere txokoa du asteon Errenterian. Maiatzean eta ekainean askotariko jarduerak antolatu dituzte Mikelazulo elkartean, eta iganderako prestatu dute hurrengo ekitaldia: Edipotoa emanaldia eta Mma taldearen kontzertua izango dira, 19:00etatik aurrera.

Edipotoa Nagore Legarretak argitaratutako argazki liburua da, hainbat idazleren poemekin osatua. Emanaldian, Legarretaren argazkien proiekzioa Gorka Setien eta Haizea Arregi idazleen testuekin uztartuko dute, Mariano Hurtadoren kontrabaxuaren musikarekin.

Berezia da Legarretak argazkiak egiteko erabili duen bidea: kamera estenopeikoa. Argazkigintzako oinarrizko teknika erabiltzen du kamerak, ez dauka botoirik, eta poto batekin eraiki daiteke. Argazki horiek hainbat poesiarekin batuz osatu du liburua; bost ataletan banatuta dago lana.

Edipotoa-ren ondoren helduko da Mma taldearen musika. Okene Abrego abeslariak eta Mariano Hurtado musikariak osatzen dute taldea.

Hurrengo asteko saioak

Igandeko saioa ez da izango ez lehenengoa, ez azkena. Hurrengo asterako beste bi emanaldi antolatu dituzte Mikelazulon. Ekainaren 6an, 19:30ean, Ataramiñe elkarteko kideen emanaldiaz gozatu ahal izango da. Kartzelaz eta sorkuntzaz ariko dira parte hartzaileak, eta espetxeko bizipen propioak Ataramiñe euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoetan argitaratutako olerkien bidez azalduko dituzte.

Ekainaren 7rako bi idazleren poesia emanaldia antolatu dute. Hedoi Etxartek eta Oier Guillanek euren liburuak ardatz hartuta egingo dute saioa. Susa argitaletxearekin argitaratutako lan banarekin helduko dira. Etxartek Sinplistak liburua taularatuko du; horretan, gaur egungo bizimodu arruntaren hainbat alderdi jorratzen ditu, artifiziorik gabe eta ikuspegi kritiko batetik. Guillanen Elkartasun basatia norbanakoaren eta taldearen arteko harremanez mintzo da. Liburuko poemak harreman horretan sortzen den tentsioan daude idatziak, idazlearen hitzetan.