Aztertu egingo dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur elkartearen diru galeretan egon daitezkeen erantzukizunak. Hala erabaki berri du elkartearen administrazio kontseiluak. Horrela, aurreko kudeatzaileek izan ditzaketen ardurak ikertuko ditu Lurralde Antolaketako zuzendaritzak. Egun 20 milioi euro inguruko zorra dauka sozietateak.
Peio Gascon Lurralde Antolaketako zuzendariaren arabera, aurreko kudeatzaileek “espekulazioaren bidea” hartu zuten, eta tasaziorik egin gabe lursailak erosi zituzten. “Onartezina” dela iritzi dio, eta erantzukizunak argitzetik haratago, beste helburu bat dute: Etorlurri eustea. Gasconen iritziz, “tresna interesgarria” litzateke gipuzkoarrei zerbitzua emateko, eta horretarako, elkartea bideragarri egin nahi dute, “edozein proiektu espekulatzaile alde batera utzita”. Bide horretan, hurrengo asteetan urrats gehiago egiteko asmoa dute, helburu batekin: “sozietatearen egoera ekonomiko larriari irtenbidea eman eta gipuzkoarren ongizatea lantzeko baliagarria izango den tresna bat abian jartzea”.
Hiru aste dira Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak Etorlur “likidazioaren atarian” egon zitekeela ohartarazi zuenetik. Elkartea etxebizitzak, eraikinak eta abar kokatzeko lurzoruaren kudeaketaz arduratzen da; udalei aholkularitza ere ematen die.