Bihar egingo dute Elgoibarren (Gipuzkoa) Mintza Eguna, mintzalagun programetan parte hartzen duten lagunen topagune izango dena. Izan ere, 5.500 lagun baino gehiago aritzen dira Euskal Herrian mintzalagun programetan. Amaia Lasagabaster (Eibar, 1980) Elgoibarko Izarra euskara elkarteko behargina da, eta bertako Tertuliak mintzalagun programaren koordinatzaile modura jarduten du. 29 lagunek hartzen dute parte hor, zazpi taldetan banatuta: zazpi bidelariak dira, eta 22, bidelagunak. Lasagabasterrek azaldu duenez, gero eta jende gehiago ari da programan parte hartzen azken urteotan, bai euskaltegiko ikasleak, eta bai ikasle ez direnak.
Zer dela-eta erabaki dute aurten Elgoibarren ospatzea Mintza Eguna?
Guk proposatu genuen, Elgoibarko Izarra euskara elkarteak 50 urte bete dituelako martxoan. Aitzakia polita zen Elgoibarrera ekartzeko. Udalaren babesa ere bageneukan hasieratik, baliabideen zein diruaren aldetik.
Zer dakarkio elkarteari hau antolatzeak?
Guk geure burua eskaini genuen, urteurrenaren aitzakiarekin hau antolatzeko. Azken batean, askotan gauza berriak sortu beharrean, daudenak ikusi eta tokia egitea da kontua. Polita, jai bat delako, ospakizun bat delako, eta gero eta tamaina handiagoa hartzen eta guretzat garrantzitsua den egitasmo bat babesten ari garelako. Horren berri ematea nahi dugu. Pentsatu baino lan handiagoarekin, gauza guztiak bezala, baina ilusioz. Programan parte hartzen dutenek ere pozik hartu dute egun honen antolaketan jarduteko aukera hori.
Nola joan dira antolakuntza lanak?
Hemendik koordinatu dugu dena, Elgoibarko Izarratik, baina lankidetza eduki dugu herriko beste hainbat eragilerekin: Elgoibarko bertso eskolakoekin, Haritz dantzari taldekoekin, musika eskolarekin eta hainbat bazkiderekin. Hamaiketakoa eskaintzeko ere, badaukagu laguntza herriko harategi, edari banatzaile, okindegi eta abarrena. Udalak ere eskaintzen dizkigu baliabideak, mikrofonoak, karpa, mahaiak eta horiek guztiak. Eta gero, bereziki, Tertuliak programako kideak, mintza praktika programan parte hartzen duten lagunak.
Noiztik zabiltzate prestatzen?
Ufa! Aspaldi, aspaldidanik… urritik edo azarotik, urtea hasi aurretik bai.
Eta zenbat jende aritu zarete?
Ez dakit, baina nik uste hogei bat lagun ibili garela, gutxi gorabehera… Betiere, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, eta hango behargin Arrate Illaro dabil hor, buru-belarri. Nik berarekin egiten ditut koordinazio saioak.
Zein jende espero duzue?
Edozeinek parte hartu ahal du; berez mintzalagun programan jarduten duten lagunentzako jaia da, baina ez bakarrik. Orduan, mingainak astindu, dantza egin, Elgoibar pixka bat ezagutu eta ondo pasatu nahi duten guztiak daude gonbidatuta. Euskaraz jardutea da nolabaiteko baldintza bakarra.
Zein sarituko duzue aurten?
Urtero omentzen dira programan aspaldidanik parte hartu dutenak edo zailtasunen aurrean jarraitu dutenak, nolabait aipagarriak diren mintzalagunak. Proposamenak egiten dira, eta sei aukeratu ditugu aurten. Iñaki Muniategi horietako bat da. Beti dago tartean, parte hartzen du duela hamar urte ingurutik, eta euskara mintzatzen baino gehiago, euskara maitatzen erakutsi duela diote bere Getxoko mintzalagunek. Beste saridun bat bikote herbeheretar bat izango da, Bergaran bizi dena. Familia guztia etorri ziren, eta euskara ikasten hasi ziren. Oker ez banago, 2006tik dabiltza egitasmoan. Maila txukuna hartu dute, eta euskarari erakutsi dioten errespetuagatik emango zaie saria. Beste bat Josu Mendia nafarra da. Aste osoa ematen du hizkuntza eskolan, euskaltegira ere joaten da, bi taldetan parte hartzen du, beti egoten da hiztegi eta koadernoarekin, esfortzu berezia egiten du.
Hainbat elkartek ere izango dute euren saria, ezta?
Hala da. Donostiako Bagera elkartea sarituko dugu; orain dela hogei urte hasi zen mintzalagun programarekin. Elgoibarko Izarra berak ere izango du saria. Horiez gain, Arrate Berrizbetia eibartarra izango dugu gogoan. Udan hil zen, eta haren ama Felik jasoko du saria, alabak erakutsi zuen prestasunagatik. Beti zegoen laguntzeko prest.