Donostiako Udalean bi urtetan egindako lanarekin pozik agertu da Juan Karlos Izagirre alkatea. “108 milioi euro gutxiagoko aurrekontua dugu, eta, halere, aurreztea lortu dugu”. Momentu onak eta txarrak bizi izan dituztela azaldu du: uholdeak eta “arrazoi politikoengatik” atxilotutako zortzi gazteak gogoratu ditu. Dena den, aurrera doan hiria dela uste du: “Lehentasuna zuten proiektuak aurrera doaz ohiko bidetik”. Autobus geltokia, Tabakalera eta 2016ko kultur hiriburutza zerrendatu ditu. Alderdi guztiekin akordioak egiteko gaitasuna dutela ere pentsatzen du. “Donostia parte hartzaileagoa lortu dugu; krisiak eragiten dien pertsonei laguntzen diena”. Izan ere, pertsonengan oinarritutako politika egin nahi dute: “Lortu dugu politika sozialak egitea eta enplegua sortzea”. Donostia euskaldunagoa lortzea ere helburutzat du. Horrela definitu du Izagirre alkateak lortu nahi duten hiria: “Donostia irekia eta parte hartzailea, euskalduna, berdinzalea, pertsonengan pentsatzen duena, plurala eta krisi garai hauetan, batez ere, sozialki justuagoa”.
This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.