Zaborrak eta zulo beltzak

Tituluan ikusi duzuen bezala, biologo xume honen zutabe hau zabor eta hondakinei buruzkoa da. Beraz, zaborra hitza herriko plazan, egunkarian eta telebistan ikusteaz nazkatuta dagoen orok hementxe utz dezala irakurketa. Baina zaborrei eta espazioan barrena dauden zulo beltzei buruz ikasi nahi duen orok irakur dezala minutu gutxi kostatuko zaion zutabe hau.

Ez naiz fisikaria; ni konpostean “aditua” den biologo txiki bat besterik ez naiz. Gainera, inoiz ez dut biologo handiei ematen dieten bekarik lortu, ez nabil bio aurrizkia duen ikerketa zentro ikaragarri batean lanean; eta, ziurrenik, konpostaren etapa amaitzen dudanean, berriro hutsetik hasi beharko dut. Baina, lasai, horretarako prestatuta gaude biologoak, gure karrerako irakasgai luzeenak ahal dekena intzak izena du.

Baina biologook denetik dakigunez, eta egunkari batean idazteko aukera eman didatenez, zulo beltzez eta zaborrez hitz egingo dut.

Dudarik ez dago Gipuzkoan zulo beltzak behar ditugula, eta espazioan zehar ugari omen daude. Berez, ez dira zuloak, izarrak dira, izar beltzak ere deitu zitzaien garai batean, zulo beltza izenak konnotazio txar ugari omen zituen eta.

Zulo beltz horietatik ez da ezer irteten, ezta argia ere, horregatik dira beltzak. Gainera, haiengana hurbiltzen den galaxia oro xurgatu egiten du, eta desagertu egiten da betiko.

Baina beldurgarriak diruditen arren, oso-oso-oso erabilgarriak zaizkigu gure Gipuzkoa maite honetan. Zertarako? Gure zaborrak botatzeko!

Zulo beltz horietako bat Gipuzkoako bazterren batean ipiniko bagenu eta bertara zabor kamioiak joateko errepideak eraikiko bagenitu, gure zabor eta hondakin guztiak zulo beltzak irentsiko lituzke. Ez genuke beharko zabortegi edo bestelako ke iluneko tramankulurik.

Gainera, horrenbeste buruhauste ematen digun birziklatzea egin beharrik ez genuke izango. Dena zakarrontzi berdera! Noski, zakarrontzi berdeen kopurua handitu egin beharko genuke; ziurrenik, hamar biztanleko zakarrontzi bat jarri behar. Ni alegiarra izanik, eta Alegiak 2.000 biztanle inguru dituela kontuan hartuta… 200 bat zakarrontzi berde beharko genituzke. Kale Beheratik hasi eta Larraitz auzoraino, bi metrotik bi metrora zakarrontzi berde bat izango genuke. Hori bai, agian autoa uzteko arazo bat edo beste izango genuke.

Eta zer esanik ez ez genukeela konposta egin beharrik izango. A ze lasaitua. Akabo aireztagailua, materia lehorra eta ontzi marroia. Eta zer esanik ez, atez atekoa ahaztu betiko. Zeinen ederrak zulo beltzak, arazo eta buruhausteak irensten dituzten zulo maitagarriak.

Zeinen polita izango zen euskal enbaxada bat NASAn ikustea bertako adituei zulo beltz bat lortzeko aurrekontu eske. Gero, arkitekto pare batekin, zulo beltzaren lekua prestatu, errepideak egin eta inaugurazio zinta moztu.

Baina zoritxarrez, gipuzkoarrok, Euskal Herriko hoberenak garen arren, ez dugu modurik zulo beltz bat gurean ipintzeko. Ez dugu modurik zaborrak hartu eta desagertzeko. Ez dugu modurik zabor poltsa atera eta hartaz ahazteko. Gipuzkoarrok, nahitaez, hondakinak sortzen ditugu, eta gutako bakoitza da hondakin horien jabe.

Gaur egun arte, gure hondakinak zulo beltz handi batean desagertzen zirela uste izan dugu. Orain, konturatu gara gure hondakinek ingurunean eta gizartean eragina dutela eta ezin dugula zabor poltsa atera, begiak itxi eta telebistan National Geographic-eko gazelak ikusten geratu.

Bada garaia gutako bakoitza bere hondakinen jabe egiteko eta bere hondakinak ahal dituen guztia gutxitu eta edukiontzi berdera doan errefusa ia ezer ez izatera iristeko.

Badakigu denok ordaintzen ditugula zabor tasak, baina tasa horiekin ezin dugu zulo beltz bat lortu. Badakigu nazkatuta gaudela edukiontzi ezberdinetara zer bota behar dugun behin eta berriz entzuteaz, baina zoritxarrez, zer nora bota dakigun arren, ez dugu egiten. Horrelakoak gara. Edukiontzi baten aho handia ikusten dugunean, ikasitako guztia ahazten zaigula dirudi.

Atez ate, leihoz leiho edo 120 edukiontzirekin, gure hondakinak gutxitu egin behar ditugu, eta, horretarako, gutxiago sortu, berrerabili eta birziklatu egin beharra daukagu. Ez dago beste erremediorik: gure gizarte tradizional honek ohitura aldaketa txiki bat jasan beharra du. Zulo beltz bat gurera ekartzeko modua eta dirua lortzen dugun arte behintzat!