Afodesaren ustez, Gipuzkoarako azpiegitura “estrategikoa” da Hondarribiko aireportua, eta, horregatik, erakundeei eskatu die horren gaineko ardura handiagoa izan dezatela. Hondarribiko aireportua sustatzeko elkartearen arabera, bai Eusko Jaurlaritzak, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere “garrantzi gutxi” ematen diote herrialdeko aireportuari, eta Hondarribikoarentzat beste herrialdeetakoek jasotzen duen “tratu berbera” eskatu dute. Esan du Forondako aireportuan (Araba) azken hilabeteetan erakundeek 500.000 euroko inbertsioa egin dutela.
Juanan Loira elkartearen presidenteak garbi azaldu zuen duela astebete Gipuzkoako aireportua indartu behar dela, eta esan zuen “abiadura handiko trenaren etorkizuna zalantzan dagoenez” are indar handiagoa jarri behar dela hegazkin bidezko garraioan: “Argi utzi nahi dugu ez gaudela tren lasterraren kontra. Bakarrik uste dugu horren alternatiba garrantzitsuena dela”.
Hori guztia Gipuzkoaren garapenarekin lotu du Loirak: “Herrialdeak aurrera egiteko ezinbestekoa da. Lanpostuak sortzen ditu, eta AHTak ez bezala, ez du diru inbertsio publikorik behar. Gipuzkoak aireportu eraginkorra behar du”. Herrialdeko barne produktu gordinean duen eragina nabarmendu du Loirak.
Iazko datu onak
Erakundeen ardura eskatu arren, 2012ko datuak onak izan zirela aitortu du Afodesako presidenteak. Denera 261.581 bidaiarik erabili zuten iaz aireportua, 2011n baino %5 gehiagok; “Espainiako Estatuko aireportuen artetik bidaiari gehien gehitu zuen bigarrena izan zen”. Aurtengo datuak, ordea, okerragoak dira: erabiltzaileen kopurua %4,8 jaitsi da apirileko datuen arabera. Denera, apirilaren azken eguneko zenbakiak aintzat hartuta, 67.961 pertsona joan edo etorri dira bertatik.
Kezkagarriagoa da hegaldien kopuruaren beheraldia. Iazko datuen aldean, %38 jaitsi da horien zenbatekoa.