“Bidaiarien joan-etorrien emaria nabarmen handitu daiteke”

Hondarribiko aireportuari etekin handiagoa ateratzeko aukera badagoela ziur dago Gabriel Sola Afodesako bozeramailea (Donostia, 1972). 2007ko datu historikoak nabarmendu ditu, eta horietara iristeko aukera badagoela uste du. Erakundeen babes falta salatu du, ordea, eta aireportura iristeko garraiobide hobeak aldarrikatu ditu.

Erakundeek Hondarribiko aireportuari garrantzi gutxi ematen diotela esan duzue. Zergatik?

Ortzibia erakundearen lana ez da egokia. Besteak beste, Hondarribiko aireportua indartzeko erakundea zen Ortzibia, eta bertan daude Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Hortaz, aireportuaren sustapena garrantzitsua da, eta ez da deus ere egiten. Sustapenaren ideia nabarmendu nahi dugu guk.

Aurretik maiz salatu duzue, besteak beste, aireportua ez dagoela egoki komunikatua.

Donostiatik Miarritzeko [Lapurdi] aireportura zuzenean joateko autobus bat badago, hamar euroan; Loiura (Bizkaia) joateko beste hainbeste, hamabost euroan. Gure herrialdeko aireportura joateko badago lineako autobusa, baina ez dakigu ziur zein den ordutegia, eta, gainera, ez dago horren gaineko informazio garbirik, ez ordutegiak, ez geltokiak… Hori da erakundeek aireportuarekiko duten arduraren isla.

Inguruko aireportuekin alderatuz, Hondarribikoa gutxietsita dagoela esan duzue. Zer dela eta?

Gure aireportua egina dago, ez da inbertsiorik egin behar. Alta, inguruko beste aireportu batzuetara bidaiariak bideratzeko inbertsioak egiten ari dira, linea berriak ekarriz, zerbitzuak hobetuz. Hemen ez da hori egiten ari. Azken asteetan ikusi dugu nola konpainia batek hegaldi berriak jarri, eta bidaiarien kopurua bikoiztu egin den Hondarribian. Eskaintzarik ez badago, oso zaila izango da bidaiari gehiago erakartzea eta horrek herrialdeari onurarik ekartzea.

Vueling konpainiaren bide berriaz ari zara. Bartzelonara joateko hegaldi bat gehiago jarri du eguneko. Nola baloratzen duzue hori?

Ondo, zalantzarik gabe. Baina ez da dena mugatu behar hemen izaten ari den bidaiarien gorakadara. Vuelingek Bartzelonara eta Madrilera egiten ditu bidaiak Hondarribitik, eta bi aireportu horietatik munduko toki askotara joan daiteke. Esaterako, Stuttgarteko [Alemania] aireportuko paneletan Donostiara hegazkinez joan daitekeela ikustea bakarrik Gipuzkoarako eta Donostiarako sustapen lana egitea da. Mundu guztitik etor daitezke bidaiariak hona. Ez dut esan nahi Hondarribiko aireportua Madrilgo T-4 baten antzekoa izango denik, inondik ere, baina nabarmendu nahi dut bidaiarien joan-etorrien emaria nabarmen handitu daitekeela horrelako hegaldi berriekin. Donostia 2016 kultur hiriburutzak, esaterako, aireportu indartsuago bat behar du.

Etorkizunik ba al du Hondarribiko aireportuak?

Abiadura handiko trenaren lanak 2020ra arte atzeratuko dira, antza denez. Hortaz, hegazkin bidezko garraioak garrantzia izango du, baldin eta erakundeek hala nahi badute. 2007an 400.000 bidaiari izan zituen, zenbakiak hor daude. 2007an posible izan zena zergatik ezin da egin 2013an, ordutik aireportuan inolako aldaketarik ez bada egin?