Euskal Herriko beste gazte askoren modura, lan kontuak zirela medio Alemaniara jo zuen Haitz Agirrek (Eibar, 1986). 2012ko otsailaz geroztik bizi da han, eta hizkuntza “hobetzeko” daukala aitortu arren, “aukera ona” egin zuela pentsatzen du: “Euskal Herrian zorterik gabe lan bila hainbat hilabete pasa ondoren, Lanbideren webgunean Alemaniako enpresa batzuen lan eskaintzak ikusi nituen. Dspace enpresara curriculuma bidali, eta deia jaso nuen lehen elkarrizketa Madrilen egiteko”. Tania, neska-laguna, harekin joan zen, “urduritasuna partekatzera”. Lehen elkarrizketa pasata, “beste elkarrizketa tekniko bat” egiteko deia jaso zuen, hiru ordukoa, Alemanian bertan. “Bi elkarrizketak ingelesez izan ziren, alemanez hitzik ez nekien eta. Bi aste geroago, deitu, eta lanpostua eskaini zidaten; momentu paregabea izan zen”.
Paderbornen bizi da, neska-lagunarekin batera, 140.000 biztanle dauzkan “herrixka batean”. Paderborn oso leku erlijiosoa dela azaldu du: “Kalean nabaritzen da. Adibide batzuk ematearren: dendak arratsaldeko seietan ixten dituzte, familiak elkarrekin egotera bultzatzeko, eta igandeetan ezin da zaratarik egin; txakurrek ere ez dute zaunkarik egiten! Horretaz gain, herriko jaietan 23:00etatik aurrera kalean musika debekatuta dago”.
Bizikletaz ibiltzeko 2.000 kilometro inguru daude egokituta hirian, eta Lippesee urtegiak aisiarako hainbat aukera eskaintzen ditu: “Waterski-a ere egin daiteke, baina guk oraindik ez dugu egin”. Ohiko aisialdirako aukerak ere badaude: “Mahai futbolean jolastera, boloetan aritzera eta zinemara ere joaten gara”.
Erresuma Batuak bere lurraldetik at daukan destakamendu handiena ere Paderbornen dago: “Bigarren Mundu Gerraren ostean, Alemanian egonkortasuna bermatzeko jarri ziren. Gerra Hotzaz geroztik, ez daukate egiteko handirik”. Urtean 1,5 bilioi euro dakarzkio Alemaniari militarren presentziak, eta 2020rako alde egitea daukate aurreikusita. Hilean behin Erresuma Batuko armadaren tankeak kalean ikus daitezke: “Britainiarrak hiriko biztanleriaren kopuru nabarmena dira, eta diru sarrera handi bat ere bai”.
Langile gaituak, Alemaniara
Ingeniari teknikoa da Agirre: “Batxilergoaren ostean, selektibitatea egiteko gogo handirik gabe, txikitatik liluratuta utzi nauen gaia ikasi nuen, informatika”. Modulu bat egin zuen, eta hura bukatzean praktikak egin zituen enpresa berean jardun zuen beharrean sei hilabetez, selektibitatea prestatu bitartean.
“Unibertsitatera sartzeko erabakia jakin-min berrituen ondorio izan zen. Horrela hasi nintzen elektronikan ingeniaritza teknikoa ikasten”. Lehenengo urtea oso gogorra egin zitzaiola aitortu du eibartarrak: “Ez nengoen unibertsitateak eskatzen duen mailaren parean, eta urte nahiko eskasa izan zen emaitzei begiratuta”. Hala ere, “ahaleginduta”, atera zituen ingeniaritza teknikoko ikasketak. Galesen urtebete eman zuen ostean, energia berriztagarrien inguruko ikasketak burutzen: “Han ingeles maila asko hobetu izanari esker, Euskal Herritik kanpo lana bilatu eta aurkitu ahal izan dut”. Dena dela, Alemanian lanerako aukera langile kualifikatuetara mugatzen dela uste du: “Gehienbat ikasketa teknikodunak bilatzen dituzte. Horiek gabe zailagoa da, ez baitago horrenbesterako beharrik, eta seguruenik alemanez jakitea eskatuko dute”.
“Lagundu gaituzte”
Bertakoek harrera ona egin dietela dio Agirrek: “Gurekin oso jatorrak eta lagungarriak izan dira, eta bertara egokitzen lagundu gaituzte. Hizkuntza da zailtasun bakarra”. Horretaz gain, ez du diferentzia nabarmenik antzeman bertako eta Euskal Herriko jendearen artean. Distantzia dela-eta lagunen eta familiaren falta nabaritu dutela aitortu du, baina informatikaria izanik, badauka horri buelta eman diezaioketen gailuei buruzko ezagutza: “Gaur egungo teknologiari esker, erraza da harremanetan jarraitzea”.
Euskal Herriarekin konparatuta, bertako bizi-maila “pixka bat altuxeagoa” begitantzen zaio, baina ez du horrenbesteko diferentziarik nabaritu. “Jende aberatsa badago, baina kalean ikusten da jendea zabor ontzietan begira, plastikozko botila hutsengatik hogei zentimo ematen baitituzte”. Etxebizitzari dagokionez, ohitura ezberdinak dauzkatela uste du: “Alemanian ohikoena etxebizitza alokatzea da, ez erostea. Horrela, lana galdu eta beste lanpostu bat zure bizilekutik urrun topatzen baduzu, askoz ere praktikoagoa da”. Hori dela eta, bertakoek familia autoak edo arrantxo autoak izan ohi dituztela azaldu du: “Praktikotasunagatik da hori, trasteak alde batetik bestera errazago mugitzeko. Behintzat, hori da nire interpretazioa”.
Horretaz gain, diru kontsumoa “hobeto” zaintzen dutelakoan dago Agirre: “Garraio publikoa ere jende askok erabiltzen du, eta autoa partekatu ohi dute lanera joateko”.