Etorlurrek etorkizuna izan behar du. Eta izango du. Onartezina delako, batetik, diru publikoa espekulatzeko erabili eta esku publikoetatik esku pribatuetara hainbeste diru desbideratu duen kudeaketa eredu batek sozietatearen etorkizuna baldintzatzea. Eta bestetik, foru gobernu honek Bidegin, errepideen kudeaketan edo zerga iruzurraren aurkako borrokan erakutsi duen moduan, diru publikoa zorrotz eta herritar guztien interesen alde administra daitekeelako —eta administratu behar delako—.
Etorlur Gipuzkoako Foru Aldundiaren sozietate publiko bat da, 2004an sortua; Lurralde Antolaketako Zuzendaritzaren mende dago, eta bere eginkizun nagusia lurzoruaren kudeaketa izan da. Aurreko agintaldietan egindako higiezin eragiketa batzuek desagertzeko zorian jarri dute sozietatea. Une honetan, Lurralde Antolaketako Zuzendaritza kontuak birformulatzen ari da Etorlurren benetako finantza egoera ezagutzeko, baina galerak 20 milioi euro ingurukoak dira. 2006an, Hernaniko La Florida auzoan egindako eragiketa bakar batean, foru sozietateak ia 16 milioi euro galdu zituen lursail batzuk erostean; lur horiek ez ziren tasatu ere egin, eta neurriz kanpo baloratu ziren, agintaldi honetan egindako tasazioek erakutsi dutenez. Lursail horiek higiezin sustapen baterako ziren, baina Herri Kontuen Euskal Epaitegiak esan duenez, proiektu hark ez zuen behar besteko finantzaketa. Gaur egun, orubea hutsik dago.
Tasatu gabeko lursail erosketak eta finantzaketarik gabeko higiezin eragiketak. Sozietate publiko batetik dirua ateratzea eta esku pribatuetara bideratzea.
Diru galera handiak herritarrentzat. Horiexek dira porrot egindako eredu baten oinarriak. Eredu horrek publikoa partikularren interesen mende jarri duelako, hainbat orube hutsik edo erdi eraikita utzi dituelako —Euskal Herrian ere bai—, inora eramaten ez duten abiadura handiko bideak egin dituelako eta ondorengo belaunaldiek beren gain hartu beharko dituzten milioi askoko zorrak utzi dituelako. Eta, noski, gizarte murrizketak ekarri dituelako. Izan ere, kutxan dirurik ez dagoela diote… Ez dezagun geure burua engaina: dirua egon badago (AHTa egiteko, adibidez).
Eta falta den dirua ez da desagertu: beste esku batzuetara joan da, besterik ez; lehen, publikoa zen (herritarrena), eta, orain, pribatua (herritar gutxi batzuena). Berriro diot: porrot egindako eredua da, baina edozein logikaren kontra eta arduragabekeria osoaz ordezkari politiko batzuek mantendu egin nahi dute (Gipuzkoako EAJ, esaterako, oraindik ere Pasaiako kanpoko portuaren alde dago). Eta eredu horrek hondamendiaren atarian jarri du gipuzkoar guztion sozietate bat, Etorlur: 2003-2007 agintaldian, batez ere, hartutako erabakiek eta ondorengoan (2007-2011) erabaki horiek kudeatu ezin izanak mugako egoera sortu diote sozietateari.
Baina Etorlurrek etorkizuna izan behar du. Eta izango du. Errazena honako hau litzateke: sozietatea desegitea, haren lurren korapiloa foru aldundiaren esku uztea eta hoeeek La Floridari buruzko edozein erabaki atzeratzea, harik eta hemendik belaunaldi batzuetara inor orube zahar hori administrazio publikoarekin lotzeko gauza ez izan arte. Ordezkari politiko batek, ordea, ezin du inola ere bere lana arduragabekerian oinarritu.
Horrenbestez, Etorlurren bideragarritasunaren alde gaude, gastuak diru sarreretara egokitzearen alde eta kontuetan oreka mantentzearen alde. Ez dago lekurik espekulazio proiektuetarako: sozietatearen bideragarritasuna bilatu behar da, denon ongizatea eta sektore publikoa indartzea lortzeko, eta, horretarako, azterketa zorrotzak egin eta ondo arrazoitutako erabakiak hartu behar dira. Etorlur gipuzkoarron zerbitzura dagoen tresna bat izan daiteke, eta helburu hori egia bihurtzeko bitartekoak jartzea da gure eginkizuna.
Era berean, norabide aldaketa estrategiko bat eman nahi diogu foru sozietateari. Etorlurrek erakundeen arteko lankidetza tresna izan behar du, lurraldeko herri txikienei haien kudeaketan laguntzeko. Gara dezagun, beraz, lan egiteko beste filosofia bat, eta bila dezagun, batera eta paternalismorik gabe, baliabideak partekatzeko modua, kostuak optimizatzeko eta, horri esker, herritarrei ematen dizkiegun zerbitzuak hobetzeko.
Etorlurrek etorkizuna izan behar du. Eta izango du. Erabakia hartua dugu. Badakigulako baliabide publikoak zorrotz eta eraginkortasunez kudea daitezkeela herritarren mesederako. Erabakia garbia da, eta ziur gaude, berandu baino lehen, emaitzak ikusiko ditugula.