Krisi ekonomikoa gizarteko ia sektore guztietara iritsi da, baita kulturara ere. Diru laguntza publiko gehienak jaitsi egin dituzte, eta kultur ekitaldietako sarreretan jendeak gutxiago gastatzen du; kultur emanaldien gaineko BEZa igotzea gaineratu behar zaio horri guztiari: %8tik %21era. Sektoreko eragileak kezkatuta daude egoeraren inguruan. Halere, murrizketak murrizketa eta zailtasunak zailtasun, nahiko indartsu datoz aurten Donostiako udako jaialdiak: Jazzaldia, Zinemaldia eta Musika Hamabostaldia. Jaialdi horien zuzendariek argi dute non ez duten murriztu behar: eskaintzaren kalitatean. Hirurekin izan da Gipuzkoako Hitza.
1. Musika Hamabostaldia
Abuztuaren 1etik 31era, musika klasiko, ballet eta opera emanaldiak izango dira Donostian, Musika Hamabostaldiaren barnean. Dena den, urtetik urtera diru gutxiago dute emanaldi horiek antolatzeko. “Urte batetik bestera, diru gutxiago dugu; azken lau urtean, %40 inguru jaitsi dugu aurrekontu artistikoa”. Patrick Alfaya Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendariaren hitzak dira. “Egoera honetan, aurreikuspenak egitea zaila da”. Hilabete batzuk lehenago egin behar izaten dituzte zenbait ordainketa; kontratazio batzuk, berriz, urtebete edo bi urte lehenago. Alfayaren arabera, gaur egun duten “ziurtasun gabeziak” gauzak asko zailtzen ditu. Aurtengo aurrekontu artistikoa 1,16 milioi eurokoa da.
Diru laguntza publikoak jaitsi zaizkie gehien. “Espainiako Gobernutik 200.000 euroko diru laguntza bat geneukan; 120.000 eurora jaitsi ziguten, eta, aurten, hortik ez digute ezer emango”. Bestalde, txarteldegian ere diru gutxiago lortzea espero dute aurten, kultur ekitaldien BEZa %21era igo baitute. “Iazko ikusle kopurua izanda, 100.000 euro gehiago beharko genituzke txarteldegian aurten BEZa ordaindu ahal izateko”. Sarreren salmentatik eta sustatzaile pribatuengandik jasotzen duten diruarekin lortzen dute aurrekontuaren %54. “Txarteldegian ateratzen da diru gehien; iaz, aurrekontuaren %40. Orain arte, eredu horrek funtzionatu du, eta horrela jarraituko duela espero dut; gure jaialdiak ikusleen babesa izan du argi eta garbi”. Iaz, Kursaaleko entzunlekuan antolatu zituzten kontzertuetan, esaterako, okupazioa %90 izan zen. Egungo egoera ekonomikoa dela eta, nahiago dute kontzertuen kantitatea jaitsi, kalitatea baino. “Kalitatea jaisten badugu, ikusleak ez dira gehiago etorriko”. Baina egoera zailari aurre egiteko, sarreren prezioa igoko dute; batez beste,%10.
Aurten, ia ez da opera emanaldirik antolatu, baina La traviata izango da azkenean. Dena den, beste jaialdi eta antzoki batzuekin elkarlanean egingo dute: “Horrela, asko aurrezten dugu, operak ekoizpen gastu handiak baititu. Beste batzuekin elkarlanean, ia 110.000 euro aurrez ditzakegula kalkulatu genuen. La Traviata opera geuk bakarrik, gutxieneko kalitatearekin, ezingo genukeen egin; ez daukagu diru nahikorik”.
Kultur arloan “bunker politikarekin” daudela azaldu du Alfayak: “Kanpoan, krisi ikaragarria dago, eta ea gureari eustea lortzen dugun. Orain arte izan dugun eredua amaitzen ari da; formula berriak bilatu behar dira, gauza berriak asmatu behar dira, behin eta berriz”. Betiko errepertorioari eutsi behar zaiola uste du: “Betiko hit-ak entzun nahi ditu jendeak, baina, horrekin batera, musika ezezagunagoa eta modernoa ere eskaini behar da, eta bien arteko orekari eutsi”.
Jaialdiaren proiekzioa Donostiatik kanpora hedatzeko ere lanean jarraitu behar dutela uste du zuzendariak. “Ez da Donostiako jaialdia bakarrik izan behar; hemendik kanpo ere gauzak egin behar direla uste dut. Horrek ere etekinak ekarriko ditu Donostiara, jendea erakartzen ari baitzara. Gipuzkoako gizartean eta, oro har, euskal gizartean jende gehiagorengana iristea gustatuko litzaidake”.
2. Zinemaldia
Diru laguntza publikoak jaitsi ondoren, Zinemaldiko zuzendaritza taldea “ahalegin handia” egiten ari da finantzaketa pribatua lortzeko. Horrela azaldu du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak: “Azken hilabeteetan, jaialdiko zinema gaiez arduratzen baino denbora gehiago pasatu dut finantzaketaren bila”. Beraz, irailean izango den jaialdirako aurrekontua ere ez dute itxi. “Ez dakigu oraindik jaialdia nolakoa izango den. Itxura guztien arabera, iaz baino diru gutxiago izango dugu, baina ez dakigu zenbat gutxiago”. Iaz ere finantzaketa publikoa pixka bat jaitsi zitzaien, baina sustatzaile pribatuen bidez, gehiago jaso zuten; aurten, egoera zailagoa dute. “BEZaren igoerak ere diru asko esan nahi du guretzat; urte zaila izango da, baina lanean ari gara ahalik eta gutxien antzeman dadin”.
Zinemaldiaren aurrekontuetan, %52 da finantzaketa publikoa; gainerako %48 txarteldegitik eta sektore pribatutik lortzen dute. Krisia dela-eta barne gastuak ahalik eta gehien murrizten saiatu direla adierazi du Zinemaldiko zuzendariak; betiere, “Zinemaldiaren funtzionamendu onari eragin gabe”. Halere, murrizketak egitea oso zaila dela uste du: “Hamar urtean, gure gastatzeko ahalmena %24 murriztu da. Aurrekontuari eutsi diogun arren, KPIa igo egin da”. Edonola ere, jaialdiaren kalitateari eta indarrari eusten ahaleginduko dira; “Zinema ona, autore zinema, glamourra, eztabaidaguneak… Denetik pixka bat egingo da”.
Horrelako jaialdiek iraun dezaten, Rebordinosek uste du laguntza publikoak ezin direla desagertu: “Diru publikoa gutxituz eta sektore pribatuaren ekarpena gehituz joango da; hori izango da etorkizuneko joera. Baina kultur arlora diru pribatu gehiago erakartzeko, beharrezkoa da babesletza lege berri bat egitea, kulturan eta jaialdietan inbertsioak egiten dituzten enpresei zerga arintze batzuk egiteko”.
Zinemaldiak Donostian eta herrialdean duen eragina nabarmendu du Rebordinosek: “Kultur ikuspuntutik, zinema lan ugari ikusteko aukera eskaintzen du; zinemagileak ekartzen ditu, eta zinemari buruzko eztabaida sortzen du. Baina inbertsio kulturala izateaz gain, eragin ekonomiko handia du Zinemaldiak. Lau milioi euroko inbertsio publikoa izugarri handitzen da hirian eta herrialdean, mugimendu ekonomikoa eta lanpostuen sorrera ekartzen baitu. Horrez gain, Zinemaldia Donostiaren eta Euskadiren irudia da mundu osoan”. Hainbat datu eman ditu: 157.256 ikusle izan zituzten iaz, eta zinema aretoen okupazioa %80 baino gehiagokoa izan zen: “Zerbaitetan osasun ona badu gure jaialdiak, ikuslearen presentzian da”. Hain zuzen, 22 zinema aretotan, 231 film eman zituzten. Kreditatutako 2.231 profesional izan ziren, eta, horiez gain, beste 996 kazetari; 41 herrialdetako 520 komunikabide izan ziren iaz.
3. Jazzaldia
2008tik kulturaren sektore guztiek izan duten “egoera larria” aipatu du Miguel Martinek, Donostiako Jazzaldiko zuzendariak. “Kultur jarduera guztiei eragin die krisiak, baita BEZaren igoerak ere”. Errentagarritasuna lortzeko zailtasunak dituztela dio Martinek. “Halere, Jazzaldia udako jaialdia denez, baliteke jendeak gehiago parte hartzea eta sarrera gehiago saltzea”. Uztailaren 24tik 28ra egingo da aurten Jazzaldia.
Beste jaialdietan bezala, Jazzaldian ere laguntza publikoak pixka bat jaitsi dira, baina zuzendariak azaldu duenez, horrek ez die asko eragin, “sustatzaile pribatuek ekarpen handia” egiten baitute. Aurrekontua iazko bera izango da: 1,8 milioi eurokoa. “2008an moldatu genuen; aurrekontuaren eta finantzaketaren aldaketarik handiena orduan egin zen. Harrezkero, aurrekontu egonkorra dugu”.
Ikusle kopurua jaistea ikusten du arriskurik handiena. “Mundua puskaka erortzen ari dela entzuten du jendeak egunero jaikitzen denean. Nola konbentzitu dezaket nik jende hori Jazzaldira etortzeko eta sarrerak erosteko? Horrek arduratzen gaitu”. Azken urteetan, Jazzaldian ikusle kopurua ez da jaitsi. “Aurten ikusten dugu ikusleak galtzeko arrisku handia; urte guztian kultur arloan izan den garapena jarraitu dugu, eta joera beldurgarria da”.
Jazzaldia musikaren mundurako “aparteko leihoa” dela azaldu du Martinek: “Herritarrei parte hartzeko modua eskaintzen die; doako kontzertu asko daude, eta, gainera, sekulakoak dira. Jazzaldian, kontzertuen herena da ordainpekoa, eta horrek giroa sortzen du, elkarbizitzarako aukera ematen du. Hori ez da oso ohikoa”.
Etorkizunean ere orain arteko bidetik jarraituko dutela dio: “Herri jaialdia da, irekia, eta hirigune guztia hartzen du; bost egunez, kalitate handiko jazza eta musika ematen die donostiarrei eta bisitariei”.