Jazzaldiaren, Musika Hamabostaldiaren eta Zinemaldiaren garrantzia azpimarratu du Nerea Txapartegik, Donostiako udal gobernuko kultura arduradunak. “Oso errotuta daude gure hirian, eta horien egoera oso sendoa da; aspalditik datoz, eta etorkizun handia dutela uste dut”. Donostiako Udalak kulturarekin “konpromiso irmoa” duela azaldu du, eta, bide horretan, Donostia 2016ko kultur hiriburu izendatzeak emango dien bultzadaz mintzatu da: “Aukera paregabea izango da gure kultura ezagutarazteko eta sortzaileak kalera ateratzeko”. Jaialdiak ez ezik, “funtsezko” izango den kultur azpiegitura bat ere aipatu du Txapartegik: Tabakalera “leku estrategikoa” izango da 2016ra begira.
Kultura babestu beharra
Udalak Jazzaldiari eta Zinemaldiari egiten dien ekarpenari eutsi dio. Dena den, Hamabostaldian murrizketa izan da, “erakunde guztiek” horrela adostu dutelako. Txapartegiren ustez, krisiak ez du jaialdien kalitatean eragin: “Gaur egun, kulturari zerbaitek eragin badio BEZaren igoera izan da. Neurri horiek ez diote kulturari mesede egiten, eta ez gatoz bat politika horiekin”. Horren eraginez sarrera gutxiago salduko direla uste du. “Kultura babestu behar dela uste dugu; kulturak pertsona askeak izaten laguntzen digulako, aberasten gaituelako eta pertsona konprometituak izateko modua ematen digulako”.