Igogailuan, trenean, taxian edo suertatzen den beste tokiren batean, albokoarekin hizketalditxoa egiteko gai perfektua da: eguraldia. Solaskidearekin beste gaietarako konfiantza nahikorik ez duzunean gertatzen den fenomeno bitxi eta perfektua da eguraldiaren inguruan hizketan hastea. “Bero e?”, “A zer giroa!”, “Bai… euria besterik ez aste osoan, neska!”, edo “Ufa! Hau da haize zakarra”. Berdin da zer esaten duzun, hizketaldiak hutsalak izaten dira normalean eta hain urduri jartzen gaituen isilunea estaltzeko baino ez dira jaiotzen.
Baina oraingoan ez, oraingoan eguraldiaz sakon hausnartu nahi dut, serio-serio (edo serio-brometan), baina hausnartu egin nahi dut. Ze narraskeria da hau? Denetik entzun dugu jada: Meteo telebista kate frantziarrak esan du aurten udarik ez dela izango; Euskalmeten esanetan, berriz, oraindik oso goiz omen da halako aurreikuspenak egiteko; tenporek diotenari kasu egitea ere ez da oso itxaropentsua… Seguruenik nori sinistu behar diozuen jakin nahiko duzue. Nik beti gehien komeni zaidanari kasu egiten diot, gustukoa sinesten dut. Egunkari eta aldizkarietako horoskopoa irakurtzen dudanean bezala; irakurritakoa gogokoa badut, “Earki, bete-beten asmau do“, diot; baina gustatzen ez zaidanean, “Honek idea putik eztake“, pentsatzen dut. Zoriontasunerako bide zuzenena da, ez oso erreala baina bai erraza. Beti pentsatu izan dut egia gehiegi baloratzen dela; pentsa ezazu ondo sentiarazten zaituena, eta sinets ezazu zoriontsu egiten zaituena, hori baino egia borobilagorik ez da eta.
Hiru praka motz erosi nituen apirilean, gorriak, arrosak eta zuriak. Inozentea… Agian hiruretatik bakar bat janzteko aukera izango dut, edo agian bat ere ez, baina hemen izango ditut egunero apalean begi-bistan, eta goizero ikusten ditudanean gogoraraziko diot neure buruari uda dela eta pentsatuko dut: “Bihar igual ona ingo do, bihar igual estrenauko dittut“. Bai bai, plana negargarria da, baina zer pentsatu bestela? Merkel erakargarriagoa iruditzen zait aurtengo uda baino! Tira, alde onak ere izango ditu negu betiereko honek; melaninaren babesik ez duen azal zuri honek agian eskertuko dit eguzkiaren erasotik libre izatea. Bestetik, udazkena iristean ez digu halako penarik emango, 2014ko uda hurbilago izango dugu eta. Beraz, opor osteko depresiorik ez aurten! Uda nazkagarri hau denon mesederako izango da azkenean. Ikusten zeinen erraza den baikor izan eta alde onari begiratzea? Kaka! Zer nahi duzue esatea? Nik nahiago dut beti bezala udazkenean tristetzea, oporren ostean pena izatea, izter biluziak terrazetako plastikozko aulkietan itsasten direneko higuina sentitzea, eguzkitako krema belarrietaraino eman eta buruko marra erre zaidala konturatzea. Hori da nahi dudana, uda bizitzea.