Iaz jasotako datuekin, herrialdeko gizartearen egungo egoeraren argazki bat osatu du Gipuzkoako Caritasek. Oraintsu arte laguntza behar larriagoa izan duten kolektiboetako pertsonekin batera, beste talde batzuetako gero eta jende gehiagok jo du elizbarrutiaren elkartera. 2011n baino 5.000 pertsona gehiagori eskaini zien babesa iaz. Datu horiei eta egungo “krisi” egoerari buruz hitz egin du Kontxi Elexpe Gipuzkoako Caritaseko administratzaileak (Irura, 1966). 25 bat urte daramatza elkartean lanean, eta “errealitatea nola aldatzen ari den konturatzeko moduan” dago.
Zein zerbitzu eskaintzen ditu Caritasek?
Bi zatitan banatu genitzake. Batetik, Gipuzkoa osoan parrokiatan banatuta gaude. Hor egiten zaie lehenengo harrera: zer behar duten, zein arazo dituzten, zergatik etortzen diren… Atzetik dagoen arazoa zein den ikustea ere bada egitekoa. Askotan, diru laguntza eskatu dezakete, baina haratago joaten gara, ikusteko zeintzuk diren arazoaren eragileak. Hor 20.000 pertsona inguru izan ditugu. Bestetik, zerbitzuak daude: tailer okupazionalak, hiesa daukatenentzako aterpe zentroak, Hotzaldi neguko hotzetik babesteko irekitzen dugun zerbitzua… Horietan, 8.300 izan dira artatuak.
Aipatu zenitzake iazko datu esanguratsuenak?
2012. urtean gurekin izan diren pertsonak 29.081 izan dira, aurreko urtean baino 5.000 gehiago. Azpimarratzekoa da profil aldaketa. Azken urte hauetan, lehendik ere zetozenez gain, bertako jende gehiago dator. Zeintzuk? Umeak euren kargu dituzten ama bakarrak; haurrak dauzkaten bikote gazteak eta langabezia egoera dela-eta zailtasunak dituztenak; kide guztiak langabezian dituzten eta hilaren bukaerara iristen ez diren familiak; langabezian urte asko daramatenak; etorkinak…
Erreferentea da Caritas?
Errazagoa da Caritas erreferentea izatea etorkinentzat edo oso kalekoak diren pertsonentzat. Hemengo pertsonei gogorra egiten zaie Caritasera etortzea: baliabide eta sare guztiak bukatzen dituzte gugana jo aurretik. Hemengo jendeak askotan esaten du: ‘Ni nola joango naiz Caritasera? Laguntza hori beste batzuek behar dute, oso gaizki daudenek’. Guk nahiko genuke pentsatzeko modu hori daukatenak ere gerturatzea. Diru iturri dezente ditugu, Gipuzkoa ahalegin guztia egiten ari da diru iturrietan. Gu ez gaude diru hori jasotzeko eta edukitzeko; diru hori banatzeko gaude.
Zeintzuk dira diru iturri horiek?
Gabonetan deialdi berezi bat egin genuen, eta izugarrizko arrakasta eduki zuen. Horrek ekarri du ia milioi bat euroko aldea aurreko urtearekiko. 2006an krisia hasi zenetik 2012. urtera, ia bi milioi euroko igoerarekin gabiltza dohaintza arruntetan; hau da, bazkideak, enpresak eta bestelako egitasmoak kontatu gabe.
Zein egitasmo dira horiek?
Egitasmo asko egon dira. Adibidez, enpresa batzuek esan digute: ‘Guk aurten hau egin beharrean, diru hau zuei eskaintzen dizuegu’. Beste batzuek zera esan dute: ‘Herri lasterketa bat egin behar dugu, eta izen emate bakoitzeko euro bat zuei emango dizuegu’.
Egoeraren erantzuleei dagokienez, kontzientziazio lanik egiten al duzue?
Gipuzkoako Caritas gisa ez dugu salaketa askorik egiten. Baina bai Euskadiko Caritasek eta bai Espainiako estatuko federazioak. Behatokiak dauzkate ikusteko zein den errealitatea eta nondik datorren. Hor salaketa handiak egiten dira. Eta ez bakarrik salaketak; alternatibak ematen dira. Foessa informean —bazterketari eta garapen sozialari buruzko Espainiako agiria da Foessa—, arazoak identifikatu eta proposamenak egiten dira: enplegu alternatibak, prestakuntza alternatibak… Guretzat oso garrantzitsua da prestakuntza, eta momentu honetan, dena kendu da. Hori guretzat kalte handia izan da.
Eta prebentzio lanik egiten al da?
Boluntarioek izugarrizko lana egiten dute. Ia mila boluntario daude Gipuzkoan. Oso garrantzitsua da horien testigantza. Askotan, horiek dira gure begiak, eta horrela badakigu zein erantzun eman edo nondik jo.
Babes sare sozialak, baldin badaude, mantentzen al dira?
Hemengoek badaukate sarea, baina ahultzen ari da nabarmen. Krisian, familia izugarrizko babesa izan da; etorkinek ez daukate horrelakorik. Horrek adore falta handia dakar. Ez da bakarrik ekonomikoa, gogo aldartearena ere bada, eta babes hori amaitzen ari da, ahultzen.
Instituzioei zein dei zabalduko zenieke?
Erakundeei eskatuko nieke ez murrizteko laguntza sozialak. Behar dutenei kentzen badiegu, okerrago gelditzen gara. Etxegabetzeei dagokienez, apustu sendoak egin ditzatela. Pertsona bat etxerik gabe gelditzen denean, bizitza guztia desegituratzen zaio. Bestetik, kalean pertsona asko daude osasun mentalari dagozkion gaixotasunekin, eta horiei bizi-kalitatea hobetzeko eskatuko nieke, Osakidetzarekin koordinazioa hobetzeko. Duela urte batzuetatik badaukagu hitzarmen bat sinatuta erakundeekin. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako harremana oso ona da, eta harreman horri eusten diogu. Esan behar da horrekin guztiarekin gure jarduera ekonomiko osoa zortzi milioi eurokoa dela; %30 da erakunde publikoetakoa, aldundiarena, alegia.
Eta gizarteari?
Gizartea solidarioa da, berez. Baina besteen arazoekiko sentsibilizazioa eskatuko nioke, norbera aurkitu baitaiteke egoera berean.
Beste eragile batzuekin ba al duzue harremanik?
Caritas sartuta dago hirugarren sektoreko sare guztian; esaterako, Hedatzen Gipuzkoako Gizarte Ekimen eta Esku-Hartzerako Entitateen Elkartean gaude.