Baserrietan ekoizten diren produktuak merkaturatu eta horiek identifikatzeko, Bertatik Bertara proiektua sortu dute Goierrin, eta Ormaiztegiko, Gabiriako, Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Zumarragako eta Urretxuko udalek, baserritarrek eta merkatariek bat egin dute berriki egitasmo horrekin. Baserriek egun duten “egoera kezkagarria” izan da proiektuaren hazia, eta arazoari irtenbide bat emateko beharrak sortu du.
Bertatik Bertara Goierriko hainbat herritara zabaldu bada ere, Urretxuko Udaleko Nekazaritza Batzordean du sorburua, Unai Badiola zinegotziak azaldu duenez. Lantaldean, “bertako produktuei irteera bat eman eta baserritarren lana ezagutarazteko” beharra zegoela ondorioztatu zuten. Urretxuko Donardegi baserriko Joxe Miel Elgarresta lantaldeko kideak garbi du zein den benetako arazoa: “Baserritarrok ekoizten duguna saltzeko zailtasunak izaten ditugu, eta kanpotik ekarritako produktuek gure merkatua indarrez hartu dute”.
Bide horretan, lehen pausoak ematen hasi dira dagoeneko. Hasteko, “eskualdeko baserri bakoitzak zer ekoizten duen identifikatu nahi da”, Badiolak azaldu duenez. Dokumentazio lana egingo dute, tokian ekoizten den hori “zein harategi, denda, jatetxe edo tabernatan” saltzen den jakiteko. Hortik, merkatariekin ere elkarlanean aritzea da helburua. “Dagoeneko, 61 kide sei herrietako baserritarren produktuak saltzeko prest agertu dira”. Hala zehaztu du Martin Aseginolaza Urretxuko eta Zumarragako Bi-Tartean merkatarien elkarteko kideak.
Identifikazioa eta itxura lantzen ere ari dira, eta logo bat sortu dute horretarako. Egitasmoarekin bat egin duten baserrietan, dendetan, tabernetan eta jatetxeetan triptikoak eta itsasgarriak banatu dituzte, “erosleek bertako produktuak non saltzen diren jakin dezaten”.
Elgarrestak aitortu du eskualdeko baserritarrek proiektua “ilusioz” hartu dutela. Orain arte, hogei ekoizle atxiki dira bertara, eta nabarmendu du horrelako ekintzak “oso positiboak” direla kontsumitzaileen eta baserritarren arteko zubi hori indartzeko. Harreman horren oinarrian, “bi aldeen arteko konpromisoa da giltza”. Baserritarrak, ekoizle moduan, “ahalik eta kalitate oneneko produktuak ekoitziko ditu, eta bezeroak erosketak egiteko orduan, ohiturak aldatu beharko ditu”, gaineratu du.
Elikadura burujabea
Badiolak zehaztu duenez, “elikadura burujabearen filosofia” dago egitasmoaren oinarrian. “Bertako produktuak kontsumitzea, garaian garaikoak”, horixe da Bertatik Bertara-k goierritarren artean bultzatu nahi duena. “Garai batean, baserriak ziren ekoizle bakarrak, baita gure kulturaren eta ohituren ardatz ere. Hori galduz joan da, eta, gaur egun, eten bat dago baserritarren eta erosleen artean”, dio Badiolak.
Eskualdeko baserritarrek bertako klimara eta orografiara egokitutako elikagaiak ekoizten dituzte. Gainera, paisaiari eta kulturari eusteko lan egiten dute. Horregatik, baserritarrek egiten duten lana aitortzea ere bada proiektuaren beste helburuetako bat.
Elgarrestak adierazitakoaren arabera, baserritarren lana ez da soilik ekoiztea. “Inguruko mendiak eta larreak zainduko ez bagenitu, sasi artean geldituko ginateke”.
Proiektua lehenengo fasean dago, eta, Badiolak esan duenez, “informazioa zabaltzea eta proiektua eskualdean ezagutaraztea” da hasierako lana. Uztailaren 31ra bitartean, “egonkortze fasea” deitu diotena egongo da indarrean. Hainbat ekintza egin dituzte: “Azoketan, informazio mahaiak jarri ditugu, eta, aurrera begira, jatetxeekin eta tabernekin zerbait egiteko asmoa daukagu”.
Elkarlanaren beharra
Horrekin lotuta, Urretxuko eta Zumarragako merkatarien elkarteko lehendakariak adierazi du erosketa ohiturekin “bertakoaren alde” egin behar dela: “gurearen alde”. Bide batez, “herrian bertan erosteak duen garrantziaz” ohartarazi du.
Dendei dagokienez, Aseginolazak uste du proiektuak mugak jartzen dituela produktu aldetik, “denetik saltzen duten denda gutxi” gelditzen direlako eskualdean. “Dena den, oso interesgarria da, besteak beste, eskualdeko harategiek eta fruta eta barazki dendek bertako produktuak saltzea”, zehaztu du. Oraindik ere sortze bidean doan proiektu bat izan arren, ilusioa piztu du Bertatik Bertara egitasmoak Goierrin.
Izan ere, Euskal Herriko kulturaren eta ohituren ardatz izan diren baserriak gain behera doaz, eta horri buelta ematea da asmoa. Joera hori errealitate ez bihurtzea gizarte guztiaren ardura delako eta horrelako proiektuek emaitzak ema0teak elkarlanaren ondorio izan behar duelako sortu dute egitasmoa.