Esker onaren esker onez

Beste igande bat da, baina ez bat gehiago. Beste igande bat Aiako Andatza auzoan, igande euritsua baina hunkigarria, hainbaten begietan euri tantak negar malkoekin nahasterainokoa. Astero-astero dantzan jartzen diren hamarnaka oinak bikoiztu edo hirukoiztu egin dira; guztia, Aristerrazuko erromeriari leialak diren horien omenez. Eguraldia petralduta esnatu bada ere, auzora iristerako nabari da gaur ere ez dutela hutsik egin. Autoak marra zurietatik kanpo, inprobisatutako aparkalekuak eta trikiti doinuak plaza aldetik. Jendetza batu zuen igandean Andatza erromeria elkarteak antolatutako festak. Esker ona bikoitza izan zen: antolatzaileek zaleei, eta zaleek prestaketetan aritzen direnei.

“Benetan merezi dute omenaldia, euritan ere beraiek dira dantzan ari direnak”. Hala mintzo da Iosu Arrizabalaga Izer; trikitilari eta erromeriazale izateaz gain, omenaldian laguntzaile dabil. Ondo baino hobeto ezagutzen du Aristerrazuko erromeria. Igandero joaten da normalean, soinua jotzera ez bada, erromeriaz gozatzera. “Etxe bat”, “familia bat” da harentzat jaieroko martxan han sortutakoa. Azalpenak eman bitartean, plazako oholtza gainetik igarotzen jarraitzen dute trikitilari eta pandero jotzaileek, txandaka-txandaka; hirurogeiren bat izango dira egun osoan. Tartean, erromeriazaleen omenez ondutako doinua entzungai. Zirimiriaren pean osatu da dantzarako taldea, eta, inguruan, aterkien errenkada.

Eguerditik jai giroan dabiltza hara eta hona. Euritik babesteko aterpean bildu dira asko arratsalde partean; beterik dago taberna ingurua. Oholtzatik jaisten doazen heinean, agertuz doaz musikariak ere, jan-edanen berora. “Dantzarako gogoz dago jendea, baina…”. Guztiek dute eguraldia hizpide. Hala ere, dantzarako ez ezik, berriketarako elkargune ere izaten ari da eguna. Aspaldiko —eta ez hain aspaldiko— garaiak gogoan dituzte uralitaren azpian daudenek. Erromeriazaleen omenezko plaka jarri dute han, argazkiz osatutako mosaiko itxurako bat ondoko paretan, eta egunerako propio jarritako pantaila batean, irudi gehiago: jaiero ateratako argazkiak. Jende ugari dabil haiei begira, euren burua noiz ikusiko zain.

Hizketaldi eta trago artean hasi da inguruan zirkulu bat irekitzen. Juani Iriondo eta haren kuadrilla dira erromeriaren jarraitzaile finenetako batzuk. “Ia igandero etortzen gara hamalau laguneko kuadrilla; dantza egin, eta gero hemen afaltzen dugu”. Mendarokoa da Iriondo, eta Azpeitiko taldea du lagun. “Zoragarria” deritzo Andatzak antolatutako jaiari, eta euria egitea “lastima” bada ere, hori ez da geldirik geratzeko aitzakia: “Hasi egin behar lekua egiten!”. Eta hasi dira. Hasi dira oinak dantzatzen; banaka lehenik, bikoteka gerritik helduta ondoren. Aristerrazuko esentzia, bete-betean.

Gainerakoei, dantzan egitea kosta. Izerrek bazekien erromeriazaleak ez direla hain erraz kikiltzen. “Hauei ez zaie kostatzen, hauek beste batzuk bultzatzen dituzte, eta guretzat babes handia dira”. Dantzari eta musikariek zalea dute lagun; zaleak dantza eta musika behar ditu gertu. Hori dela eta, omenaldia ez dute soilik ausartenei eskertzeko baliatu. Jende asko hurbiltzen da dantzara, baina beste horrenbeste elkartzen da bazterretik begiratzera. Izerri aitortutakoa da honako hau: autoan gidari etorritako bat autotik bertatik entzutera geratutakoa da, “agian ausartzen ez zelako edo”.

Iluntzen hastear da, eta ez dirudi plazaren bueltan etxerako presarik dagoenik; afaritarako garaia dantzaldiaren lagun banaezina da Aristerrazun.

Azken saioa, etzi

Amaitzear da Aristerrazun iganderoko jarduna; hilaren 16an, igandean, Izer eta Alabierrek egingo diote ongietorria udari, dozenaka erromeriazaleren babesean. Urrian itzuliko dira, hirurogei urtetan baino gehiagotan bildutako bizipen eta istorioak pilatzen jarraitzeko. Udan, ordea, ez da atsedenik erromeriazale nekaezinentzat: gogotsu dira edozein herritako plaza dantzan jartzeko.