Euskal Jaia, lehenengoz

Euskal Jaia

Irura

Aurten, lehenengoz, Euskal Jaia antolatu dute Irurako ikastolak eta herriko jai batzordeak, udalaren laguntzarekin. Horrela, urtero egin ohi duten garagardo azoka euskal festarekin ordezkatuko dute. Martxan da jaia atzotik, eta igandera arte askotariko jardueratan parte hartu ahal izango dute herrira biltzen direnek.

Sagardo dastatzearekin abiatu zuten atzo jaia, eta gaur ere jan-edanekin jarraituko dute. Pintxo poteoa egingo dute 19:00etatik 21:00etara herriko hainbat tabernatan.

Ildo beretik jarraituko du biharko egunak ere. Herri bazkaria antolatu dute plazan, Euskal Herriko produktuekin: entsalada Ibarrako Montes Etxeko letxuga, tipulin eta tomatearekin egingo dute, goizean erretako zerria izango dute ondoren, eta azkenbururako Idiazabalgo gazta, irasagarra eta intxaurrak. Edateko, Petritegiko sagardoa eta Arabako ardoa izango dituzte aukeran. Musikak girotuko du bazkariaren ondorena.

Dantzari gazteen topagune

Igandean, askotariko saltokiak eta dantza emanaldiak izango dira herrian eguerdira arte. 10:00etatik 14:00etara eskulangileen azoka prestatu dute, baita jakien azoka ere. Hogei saltoki baino gehiago egongo dira; egurrez, larruz, beiraz eta brontzez egindako produktuez gain, babarrunak, gazta eta gozokiak erosi ahal izango dira.

Horrez gain, dantzari gazteen topagune bilakatuko da Irura igandean. 10:00etatik 13:00era, zenbait dantza saio eskainiko dituzte Irura, Anoeta, Villabona, Alegia eta Ibarrako dantzari eta musikariek.

EUSKAL JAIA IRURAN

Gaur. Pintxo poteoa herriko hainbat tabernatan, 19:00etatik 21:00etara.

Bihar. Herri bazkaria herriko plazan, Euskal Herriko produktuekin.

Igandean. Eskulangileen eta jakien azoka, 10:00etatik 14:00etara. Dantzari gazteek hainbat dantza saio eskainiko dituzte 10:00etatik 13:00era. Irura, Anoeta, Villabona, Alegia eta Ibarrako dantzari eta musikariek parte hartuko dute.