Natura, gizakia eta kultura ardatz dituen interpretazio zentroa

Hernio-Gazume eremuak izendapen berezia jaso ondoren, Alkizan interpretazio zentroa inauguratu dute. Fagus Alkiza izena jarri diote udaletxeko goiko solairuan dagoen zentroari, eremuan pagoak duen garrantziagatik eta nazioartera zabaldu daitekeen izena delako. Jon Umerez Alkizako alkateak azaldu duenez, zentroak hiru ardatz ditu: natura, bertan jarduten duen gizakia eta bi horien arteko harremanetatik sortzen den kultura.

Bisitariak Natura 2000 sareari buruzko panelak eta ikus-entzunezkoak aurkituko ditu. Horixe da zentroan zereginetako bat, Hernio-Gazumeko mendi eta basoen aberastasun eta edertasunaren ezagutza zabaltzea. “Bioaniztasuna mantendu eta areagotzea da helburu nagusia, eta hori lortzeko beharrezkoa da garapen iraunkorra lortzea, bereziki baserritarrak aintzat hartuz”, esan du Umerezek. Naturaren eta gizakiaren arteko harremanak aztertzeko bideak jarriko ditu zentroak.

Gunera joateko asmoa duenari Alkizako udaletxera deitzea komeni zaio, bisitarako ordua eskatzeko. Bestalde, zentroak erakusten duena zuzenean ikusteko aukera izateko, bi ibilbide prestatu dituzte. Plazan bertan, udaletxearen parean dagoen mapa batean ikus daitezke ibilbideak. Aurrera begira gehiago jartzeko asmoa du udalak.

Gipuzkoan interpretazio zentro gehiago daude; lau parke naturaletan, esaterako: Arditurri Aiako Harrian, Arantzazu eta Anduetza Aizkorri-Aratzen, Lizarrusti Aralarren eta Iturraran Pagoetan. Bestalde, Deba-Zumaia itsasertzeko biotopoan Zumaiako Algorri zentroa dago, eta Leitzaran biotopo babestuan, Otita zentroa.