Batere sakelakorik gabe nabil azken bi hilabeteotan, bazterren batean enegarrena galdu nuenetik. Egun hartan gertatutakoa nire oroimenean lanbro trinkoen artean ageri denez, nahi banu ere non eta nola desagertu zitzaidan ezingo nizuke kontatu. Baina jakin ezazu gertakariak batere nahigaberik ez zidala eragin. Sakelako telefonorik gabe hobeto bizi naizela aspaldi antzeman nuen, eta, kaikua izatearen poderioz, tramankulu garestirik soinean eramaterik komeni ez zaidala ere ikasita neukan.
Duela hamar urte amari auzoko supermerkatuko zozketa batean egokitutako trastea zen dantzalekuren batean geratu zena. Deiak egiten eta mezuak jasotzen bikain portatzen zen, eta zuri-beltzezko pantaila ñimiñoak huskeriatan astia galtzeko beta gutxi eskaintzen zuen. Milioika aplikazio txororen ordez, bi ezaugarri aparteko zeuzkan.
Zure tresna dotore eta ezin garestiagoak ez bezala, bi aste luze egiten zituen nireak bateria hustu arte. Ez zen hori haren gaitasun harrigarriena: gin tonicarekin betetako edalontzian minutu erdiz murgildu, eta batere kexatu gabe lanean jarraitzen zuen. Lagunartean-eta apustu andana irabazitakoa naiz Nokia maitagarri haren kontura.
Soinean telefonorik ez daramadanetik adiskideekin lehen baino ordu gehiago ematen ditudalakoan nago. Zoritxarrez edo, lanean aritzeko noizean behin posta elektronikoa begiratzearekin aski eta sobera dut. Aitak Skype-rekin pozarren deitzen dit, Realari buruz luze jardun dezakegulako, garesti suertatuko ote zaigun batere kezkatu gabe.
Askotan Facebook ere popatik hartzera gustura asko bidaliko nukeela pentsatu izan dut, eta berandu baino lehenago halakorik egiteko bezain adoretsua izango naiz. Segapotorik gabe bizitzeko ere gertu nago, kontratu malapartatua noiz amaituko zain. Asko jota beste pare bat galtzeko beta bakarrik izango dut.
Laster ziklo berri bat abiatuko dut, hamar euro kostatzen den sakelakoa topatu bainuen lehengoan denda batean. Oinarrizko betebeharretan ederki asko moldatzen dela azaldu zidan saltzaileak, baina “modernoagoa” eta “osoagoa” den bat saldu nahian hasi zen segituan. Ez nekatzeko erregutu, eta merke antzeko hura erosi baino lehen zalantza bakar bat argitzeko eskatu nion. Gin tonicean igeri pixka bat eginez gero funtzionatzen jarraituko ote zuen galdetu nionean, isil-isilik geratu zen morroia. Erosketa aproposa den ala ez jakin gabe zalantza batean nago oraindik.