Indiako zazpigarren hiri handienean bizi da Mari Artano (Zestoa, 1987). Pune herrialdearen mendebaldean dago, eta bost milioi biztanle inguru ditu. “Bero asko, jende asko eta kontraste asko aurkitu ditut han, baina baita jende oso jatorra ere, beti laguntzeko prest dagoena. Herrialde oso desberdina da, nik orain arte ikusi dudan desberdinena”, azaldu du Artanok. Urte eta erdi darama han bizitzen, baina hara iritsi aurretik munduko beste txoko batzuetan ibilitakoa da: beka batek eraman zuen Mexikora orain urte batzuk, eta Txilen ere hilabete batzuk pasatakoa da.
Gaztelania eskolak ematen lan egin du Punen, eta, orain, oporretan da, Zestoara itzulita. Irailean bueltatuko da hara, proiektu berri batekin gainera: haurtzaindegi bat zabalduko du beste lagun batekin elkarlanean. Haurrak ordu batzuez bertan utzi ahal izatea eskainiko dute. Horretaz gain, martxan du Indiako emakumeen istorioak biltzen dituen bloga ere (sareedunaketasareegabeak.wordpress.com). “Nik beti esaten dut Indian emakume bat ikusterako hogei gizon ikusi behar direla. Eta Indian emakumeak protagonista ez direnez, nire blogean hala izatea erabaki nuen. Izan ere, kalean denak gizonak dira; emakumea etxe giroan dago, ez dago berdintasunik. Jaiotzen denetik ezkontzara begira eta etxeko lanak egiteko hezten dute emakumea”. Punen geroz eta emakume gehiago ikusten ditu etxetik kanpo lanean eta ikasten, baina, “oro har, ez dago emakume zerbitzaririk, edo dendaririk, edo langilerik”.
Blogean hango emakumeen errealitatea islatzen saiatzen da, “elkarrizketa pertsonalak eginda”. Hainbat elkarrizketa ditu irakurgai, argazki eta guzti: Indiako Unibertsitateko irakasle baten istorioa kontatu du, esaterako. “Hiru hilabete barru ezkondu behar zuen bere gurasoek aukeratutako gizon batekin, eta berak artean ez zuen gizona ezagutzen. Baina bera pozik zegoen, gurasoen etxetik alde egiteko irrikaz”. Han bizi den Espainiako emakume baten istorioa ere bildu du. Gizon indiar batekin ezkondu, eta ama izan berri da. “Orain ohartu da zer den Indian, hango tradizioen arabera bizitzea, eta bere amaginarrebaren etxe berean”. Hala ere, gehien hunkitu duen istorioa hamabi etxe garbitzen dituen emakume batek kontatu zion. “Astean sei egunetan, berea eta beste hamabi etxe garbitzen ditu, eta bere helburu bakarra seme-alabei ikasketak ematea da. Ez daki idazten eta irakurtzen, baina seme-alabei eskolako lanekin laguntzen die, eta haietako bat unibertsitate onenetariko batean onartu dute; beka eman diote. Istorio ederra da, gogorra, baina amaiera ona duena”.
Artanorentzat Pune nahiko hiri modernoa da. “Jende asko joaten da hirira unibertsitatera, eta ikasle asko dago”. Berak ere lanaz gain, ikasi egiten du: ingelesa, masajeak emateko teknikak… Zaletasunei dagokienez, yoga egiten du; sabel dantza ere bai: “Kirol asko egiten dut, denbora dudalako”. Goizetan, gaztelania eskolak ematen ditu hizkuntza akademia batean. “Gero, lagunen batekin bazkaltzen dut; arratsaldean, yoga egiten dut, edo igeri, edo kaferen bat hartu lagunen batekin”.
Indian ingelesarekin ederki moldatu daitekeen arren, bertako hizkuntza ikasten ari da. Ez da erraza, ordea. Gainera, gizartearekin, ohiturekin eta kulturarekin lotutako kontzeptu batzuk zaildu egiten dute prozesu hori: “Denboraren kontzeptu desberdina dute. Hinduistentzat, denbora ziklikoa da, eta hitz bera erabiltzen dute atzo eta bihar esateko, adibidez. Nahasmen handia da”.
Oro har, bizitzeko toki merkea da Pune, “nahiz eta jende oso aberatsa ere egon eta haientzako dagoen eskaintza garestia izan. Baina soldatak ere baxuagoak dira, noski. Langile normal batek Euskal Herrian baino hamar aldiz gutxiago kobratzen du, eta astean sei egunez lan egiten du”. Ekonomikoki hazten ari da India Artanorentzat: “Kanpoko inbertsio asko dago, batez ere, bertako merkatua oso handia delako eta bezero asko dagoelako. Ingeniaritza alorrean, esaterako, gipuzkoar asko dago Pune inguruan. Automozio enpresak daude han, eta euskaldun asko elkartzen da”.
India barruan bidaiatzeko aukera izan du Artanok. Esaterako, Indian Punetik hegoaldera ibilia da. “Hegoaldeko Kerala oso polita da, adibidez. Eta jendea, oso irekia”. Iparralderago ere egona da: “Rajastan, esaterako, oso toki tradizionala da. Gaztelu eta tenplu asko ditu; oso polita da”. Andaman irletan ere izan da, Thailandiatik gertu-gertu. “Indian egoteak aukera ematen dizu Thailandia, Indonesia edo halako tokietara bidaiatzeko, ez daude hemendik joanda bezain urrun, eta bidaia politak egin ditugu”.