Menpekotasun digitala

Teknologia digitalek gaur egungo komunikazioaren egitura eraldatu dute, eta baita gure egunerokotasuna ere. Sare sozialak eta bestelako komunikabide digitalak gure bizitzako edozein arlotan erabiltzen ditugu salbuespenik gabe: lanean, aisialdian, familian, lagunartean, erosketetan edo kirolean. Mundu birtualaren eta ez-birtualaren arteko banaketarik ezin da egin honezkero. Ez dago Internet ulertzerik gure benetako bizitzatik banaturiko eremu baten modura. Aitzitik, gure eguneroko errutinatan txertaturiko tresna bat da Internet. Hori sinestea kostatzen zaionak Google etxeak 2014an merkaturatuko dituen betaurrekoen aurkezpen bideoa ikustea besterik ez dauka datorkigunaz konbentzitzeko.

Guztiok prest, beraz, digitalizazioa gure bizitzako zoko guztietara iristeko. Uneoro izango baitugu informazioa jaso eta bidaltzeko, argazkiak eta bideoak egin eta zabaltzeko, eta adiskide eta ezezagunekin konektatuta egoteko aukera. Horri errealitate hobetua deitzen zaio. Gaur egun, hezkuntza arloan, ohikoa izaten da alfabetizazio digitalaz hitz egitea, haurrek komunikazio mota bakoitzaren kode eta lengoaiak menperatu behar dituztela azpimarratzeko. Aldi berean, baina, alfabetizazio horren edukia funtsezkoa da, komunikabideek bizitzako esparru guztiak betetzeko duten joera menperatzeko gaitasuna. Alegia, komunikabide digitalei gure bizitzako denbora eta eremu egokiak emateko trebetasuna. Horren erakusgarri ezin hobea da gure artean guztiz hedatu den berehalakotasun beharra: gure mezuei bat-bateko erantzuna eskatzen diegu. Badirudi egun osoan egon behar dugula posta elektroniko bidez edo sare sozialen bidez jaso eta bidaltzen ditugun mezuei adi. Eta ez da behartuta egiten dugun zer edo zer, teknologiek berek bultzatutako joera baizik.

Nago eten digital berri bat sortzen ari dela: komunikabideen logika hori menperatzeko kapaz direnen eta kapaz ez direnen artekoa. Ez da gauza berria. XX. mendeko azken hamarkadatan telebistarekin gertaturikoa psikiatriako eskuliburuetan aztertuko da etorkizunean: oraindik orain, batez beste biztanle bakoitzak lau ordu igarotzen ditu telebista aurrean egunero (nahiz eta kopuru hori gazteen artean baxuagoa izan). Mendebaldeko herrialdeetan zenbait belaunaldik lana eta telebista ikusi besterik ez dute egin beren bizitzatan.

Telebistari probetxua ateratzeko aurreneko pausoa telebista itzaltzen jakitea den bezalaxe, komunikabide digitalen garaian ere funtsezko konpetentzia da horiek norberak erabakitako uneetan eta lekuetan erabiltzeko gaitasuna, eta norberak nahi duen moduan probetxua ateratzeko trebetasuna. Horrek, baina, autonomia eta kemena eskatzen du tresnek norbera menperatu ordez, norberak tresnak menperatzeko.

Hori egiteko kapaz direnak eten digital berri honetan onik irtengo dira, eta komunikabide digitalak euren bizitza eta ingurukoena hobetzeko erabili ahal izango dituzte. Kapaz ez direnak, ordea, digitalizazioaren biktima bihurtzeko arriskuan daude. Menpekotasun horrek pentsamendu kritikoaren garapena baldintzatu, pertsonaren produktibitatea gutxitu, eta aisialdia eta giza harremanak kontrolatzeko ahalmenak garatzea oztopa dezake. Guztion bizi kalitatea hobetu beharko luketen tresnak XXI. mendeko morrontza berrien oinarri nola bihurtzen diren ikusten ari gara.