Oraindik egiteko dagoen Gipuzkoako EHNEren VII. Kongresuari begira, jarraitu beharreko ereduari buruzko proposamenak idatzita dauzkate sindikatuaren barnean dauden bi ikuspegiek. Egungo zuzendaritzan gelditzen diren lau kideek babesten duten txostena da bat. Sindikatuaren barne antolamenduan hainbat aldaketa egiteko proposatzen dute bertan: Gipuzkoako zuzendaritza eskualdeka antolatu beharrean, sailka antolatzea nahi dute. Hau da, eskualde bakoitzeko ordezkari bat egon beharrean, sail bakoitzak ordezkari bat izatea nahi dute. Horrez gain, EHNEk “baserritarren elkargune” izan behar duela jaso dute txostenean: “Desberdin garenon eztabaida leku eta elkar laguntzeko tresna”. Gipuzkoako Hitza saiatu da zuzendaritzako kide horiekin harremanetan jartzen, baina ez dute hitz egin nahi izan.
Beste txostenaren egileek, berriz, sailei garrantzi handia eman zaiela uste dute, eta “sektorializazio hori” ekoizle handien mesederako izan dela. Gipuzkoako EHNE agortuta dagoela uste dute, eta Euskal Herri mailako egitura izango duen sindikatu berri bat sortzea proposatzen dute, “elkartasuna, berdintasuna eta parte hartzea” zutabetzat dituena. Orain, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna txostenean jaso dute osoko zuzenketa. Hurrengo kongresuan bi proposamenak mahai gainean jarri, eta sindikatuko kideek etorkizunerako ildoa aukeratzea nahi dute.
Dena den, “lurrari lotutako nekazaritza” eta “elikadura burujabetza” lortzeko bidean lan egin behar dela jaso dute bi txostenetan. Kanpoko “menpekotasunak” amaitu, eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bitartekariak gutxitzeko beharra ikusten dute guztiek, “gertutasunean” eta “kalitatean” oinarrituz.