Azkeneko hamarkadan asko hazi da surfa egiteko zaletasuna Euskal Herrian, baita horretarako ohiturarik, tradiziorik edo baliabiderik ez duten eskualdeetan ere. Kirol hori olatuaren gailurrean da, geroz eta garaiago. Munduko zirkuituan surflari profesional ugari eman ditu Euskal Herriak. Haiek irekitako bidearekin animatuta, geroz eta zale gehiago joaten da hondartzetara.
Kostaldean ez ezik, Gipuzkoa barnealdean ere surfaren sugarra piztu da. Herrialde osoan daude ur kirol horren zaleak. Surfera joateko, ordea, barrualdeko herrietatik itsasorainoko distantzia aldaezina da, eta batzuetan deserosoa ere suertatzen zaie. Aldatzeko, oholak garraiatzeko edo neguan babesteko toki baten falta dute, esate baterako. Eragozpen horiek gainditzeko asmoz, ekainaren lehenetik martxan da Debagoieneko Surf Elkartea. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Bergarako, Arrasateko eta inguruko zaleek sortu dute. Elkarte gisa erregistroan sartzeko izen bat behar, eta Debagoienekoa ipini diote, eskualde horretatik erne delako hazia. Baina edozein tokitako surflarientzat irekita dago, bazkide kopurua bete arte, behintzat.
“Bere garaian Debagoieneko surflari talde bat hasi ginen autoa elkarrekin partekatzen, gastuak zatitu eta surfa egiteko zaletasuna merkeagoa izan zedin. Neguan, hala ere, eragozpena handia zen, aldatzeko-eta ez geneukalako tokirik. Kostaldeko herrietan ez ziguten lokalik uzten, bertan erroldatuta egon beharra zegoelako. Hala, gure kabuz lokal bat hartu dugu, eta elkartea eratu dugu, barrualdeko jendearentzat. Urte batzuk bageneramatzan ideia horrekin”, esan du Miguel Rodriguez bergararrak, elkartearen bultzatzaileetako batek.
Gaur egun, 33 bazkide ditu Debagoieneko Surf Elkarteak, eta gehiagoren bila dabiltza. Gehienez, 80 lagunentzako tokia dute elkartean, errentan hartu duten lokalean ez baitago gehiagorentzako lekurik.
Gordailua eta aldatzeko tokia
Berez barrualdeko surflarientzat pentsatuta baldin badago ere, edonongo jendea hartuko dute, ez nahitaez eskualdekoa. “Gasteizko surflariak ere etorriko zaizkigu, baina baita Donostiakoak ere, eta Zarauzkoak bertakoak; herriaren barrualdean bizi den surflaria, adibidez, eta hondartzaren ertzean lokala edukitzea ondo datorkiona”.
Ohituraz eta gertutasunez Zarauzko hondartzara joan ohi ziren lehen ere Debagoieneko surflariak. Elkartearen kokalekua han izatea ez da harritzekoa, surferako baldintza egokiak baititu itsasoak. Zarauzko malekoian hartu dute lokala, Marina Txiki tabernaren azpian, Kantauri itsasoarekin parez pare.
Banakako aldagela sorta bat dago lokalean, kabinatan bereizita. Dutxak, gauzak uzteko tokia eta komunak ere baditu. Gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat bereizitakoak dira zenbait dutxa. Oholak gordetzeko aukera ere badute surflariek, etxeraino eraman-ekarrian ibili gabe.
Bazkide egin ondoren, norberak nahi duenean erabil dezake lokala; bakoitzak bere giltza du. Erabilera araudi bat osatuko dute, lokaleko garbitasun eta funtzionamendu baldintzak finkatzeko.
Hilean hogei euroko kuota
Baldintza berezi bat ere “ez dago” surf elkarteko kide izateko. Bazkide sartzeko, sarrera gisa 50 euroko ekarpena egin behar da. Ondoren, hilero hogei euro ordaindu behar da, kuota modura. “Baina kuota hori oraingoa da, 33 bazkiderekin kalkulatutakoa, gastuak-eta estaltzeko. Bazkide gutxi gaude oraindik; gehiago biltzen garenean, kuota jaitsi egingo dugu”, zehaztu du Rodriguezek. Banku bidez helbideratuta kobratuko dute hileroko kuota.
Izen-emate orri bat bete behar dute bazkide izan nahi dutenek —Interneten dago orria—. Datuak eta kontu korrontearen zenbakia eman, eta ordainketa egindakoan giltza emango diote surflari kideari. Ordutik aurrera, bazkide gisa erabili ahalko du Zarauzko malekoiko lokala.
Ez da kirol talde edo klub bat, elkartea baizik. Irabazi asmorik gabekoa dela nabarmendu du Rodriguezek. “Elkarte izaera emateko eskatu digute erregistratzerakoan, diru irabazirik gabeko elkarte gisa. Zarautzen ez ziguten uzten kirol talde bezala eratzen, beste bi badaudelako han lehendik”.
Biltzen den dirua gastu arruntetarako bideratuko dute. “Horretarako bakarrik. Sartzen den diru guztia erabiltzeko da: lokalaren alokairua ordaintzeko, barruan berrikuntzaren bat egiteko, margotzeko…”.
Harremanetarako hainbat bide dituzte. Facebook sare sozialean badute profila, baita webgune bat ere (www.debagoienast.es). Edozein zalantza argitzeko edo informazioa eskatzeko, helbide elektroniko bat ere badauka elkarteak (dgstsurf@gmail.com).
Surfa “modako” dagoela aitortu du Rodriguezek. “Gehiegi ere bai. Orain dela hamabost urte lau katu ibiltzen ginen hondartzan surfa egiten, eta gaur egun ikaragarri igo da. Denean igo da. Hala ere, merkatuan surf markak gutxitzen ari direla diote, etxe batzuk ixten ere bai. Baina hondartzan asko igo da zaletasuna”. Itsasertzeko herrietatik barruraino iritsi da, gainera, surfaren aparra. “Gipuzkoa barrualdean zaletasuna badago, eta gorantz doa. Goierri aldekoak, Tolosaldekoak, Urola Erdikoak… Denetariko jendea ibiltzen da surfean. Baita Arabakoak ere. Denen zain gaude elkartean”. Neguan elurretan snowboard-a egiten duten asko joaten da udan olatu gainean ibiltzera. Zaletasunaren igoera handia arlo horretatik sumatu dute.
Itsasoak bere lekuan jarraitzen duen arren, barrualdeko surflarientzat erosotasunean asko gerturatu da. Surfa egiteko hondartzan bertan dute txoko bat orain, kostaldeko nahiz barrualdekoek.